Mendekuaz gain, anomalia

AEBek 1962an instituzionalizatu zuten Kubaren aurkako bahimendua. Gerra Hotzaren testuinguruan, Latinoamerikako lehenbiziko estatu sozialista desegitea zuen helburu.

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 18
Anomalia historiko bihurtutako mendekuzko neurri baten kronika luzea da AEBek Kubari ezarritako bahimendua. Historia liburuetan aztertzen den aro batetik bizirik atera ziren atal ilunetako bat, Daviden eta Goliaten arteko borroka eternoaren adibideetako bat. Potentzia handi bati deseroso zitzaion herrialde txiki bateko sistema deuseztatzeko ezarritako zigor bat; bizilagun zuen herrialde batena, hain zuzen. Orain, handiak onartu du Gerra Hotza bukatu eta 25 urtera, bahimenduak ez daukala indarrean jarraitzeko zentzurik; txikiarentzat, inoiz ez du izan, eta erresistentzia heroiko gisa ospatuko du orain. Aro berri baten hasiera da, ikusmin handia sortuko duen aro batena.

Mundua anitz aldatu da blokeoa ezarri zenetik. Kuba AEBen Atzeko patioan zegoen aroa zen, Gerra Hotz betean. Fidel Castrok zuzendutako Armada Erreboltariak Fulgencio Batista diktadorea boteretik kendu zuen 1959an, eta Washingtonek hasieratik mesfidati begiratu zion Floridako kostatik 170 kilometrora gertatzen zenari. 1960an gobernu iraultzailea AEBen jabetzak nazionalizatzen hasi ondoren, Dwight Eisenhower presidente errepublikanoak lehenbiziko zigor neurriak ezarri zizkion Kubari, baina John Fitzgerald Kennedy demokrata izan zen 1962ko otsailean blokeoa instituzionalizatu zuena. Tarte horretan, harremanak are gehiago gaiztotu zituen gertakari bat izan zen: Giron hondartzako inbasio saialdia, 1961ean. Nagusiki iraultzatik ihesi joandako kubatarrek osatutako armada bat uhartea inbaditzen saiatu zen CIAk prestatu eta zuzendutako operazio batean, baina huts egin zuen. 1962ko urrian, berriz, jada blokeoa indarrean zegoenean, harremana behin betiko hondatuko zuen Misilen krisiak. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna misil nuklearrak ezartzen saiatu zen Kuban, eta hamabortz egunez AEBekin gerra nuklearra pizteko arriskua sortu zen. Washingtonek Moskuri hitzeman zion ez zuela Kuba inbadituko, baina blokeoari eutsi zion, horrekin sistema sozialista hondoratuko zuelakoan.

Blokeoak AEBen merkatua, naturalena eta hurbilenekoa, itxi zion Kubari, baina lehenbiziko hamarkadan eragin mugatua izan zuen, SESBen eta bloke sozialistaren babesa baitzuen Habanak. Kubaren nekazaritza baliabide nagusia den azukrearen %85 herrialde horietara bideratzen zen, eta petrolioa salneurri berezietan lor zezakeen, krediturako interes tasa baxuekin eta ordaintzeko epe malguekin batera.

1989-1991 bitartean, ordea, bloke sozialista eta SESB bera hondoratu zirenean, egoera erabat aldatu zen. Barne produktu gordina %35 murriztu zela kalkulatzen da. Jose Luis Rodriguez Garcia Ekonomia ministro ohiaren arabera, inportazioak ia erabat gelditu ziren, elikagaien %63, ia erregai dena eta ekoizpen manufakturatuen %80 bloke sozialistatik eskuratzen baitzuen Kubak. Testuinguru horretan, blokeoa gogortzea erabaki zuten AEBek, Europako sistema sozialistak desegin ziren bezala, Kubakoa ere hondoratuko zelakoan. Torricelli legea (1992) eta Helms-Burton legea (1996) dira horren adibideak. Bertze herrialdeetako enpresei isunak ezartzeko bidea ireki zuen Washingtonek horrela.

Helburua lortu gabe

Hala ere, AEBek ez zuten helburua lortu, eta krisi garaiari eutsi zion Kubako sistema sozialistak. XXI. mendean sartzerakoan, gainera, bazkide berria agertu zitzaion Latinoamerikan: mugimendu bolivartarra. Gaur egun Venezuela da Kubaren bezero nagusia, baina Latinoamerikako herrialde gehienek, sostengu ekonomikoa ez ezik, politikoa ere eman diote Kubari, SESBen desegitearen ondotik pairatutako bakartzea gainditu duelarik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna