Aurreko erraustegiaren ingurumen baimena erabili nahi du GHK-k

Hilabete asko azkartuko du tramitazioa modu horretan.

2010eko ingurumen baimen bateratua erabilita berehala lizitatu ahal izango dute proiektu berria
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua —eskuinean—, Gipuzkoako Batzar Nagusietako agerraldi batean.
Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua —eskuinean—, Gipuzkoako Batzar Nagusietako agerraldi batean. J.C.RUIZ / ARP

Iñaki Petxarroman -

2016ko martxoak 10
Errauste planta berehala jarri nahi dute martxan Gipuzkoan. Horretarako, baina, ezinbestekoak dituzte ingurumen baimen bateratua (IBB) eta ingurumen eraginaren deklarazioa (IED), eta hori lortzeko hilabete asko eta tramitazio luzea pasatu behar izaten da halako proiektuetan. EAJk eta PSE-EEk lehenbailehen hasi nahi dute obrarekin, eta, horregatik, erraustegi proiektua aldatu badute ere —orain idazten ari dira egitasmo berria—, aurrekoari emandako baimenak baliatzeko asmoa daukate.

Hala jakinarazi du Gipuzkoako Diputazioak EH Bilduk idatziz egindako galdera baten harira. BERRIAk Eusko Jaurlaritzari galdetu dio ea baimen hori indarrean dagoen oraindik, 2014an iraungi baitzen. Eusko Jaurlaritzak erantzun du baietz, indarrean dagoela, GHK-k baimena luzatzeko eskatu zuelako 2014an.

Hain zuzen ere, Bildu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) agintean zegoela eskatu zuen luzapena, tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) planta bat egiteko. Jaurlaritzak baimena luzatu zion Zubietako errauste plantaren IBBari, baina gero ez zion eman baimenik GHKri ingurumen baimen hura TMBren proiektuaren eraikuntzan erabiltzeko. Jaurlaritzak argudiatu zuen beste proiektu bat zela eta beste baimen bat behar zuela, prozedura hasieratik abiatuta.

Erantzun hura jaso eta gutxira, GHK-k Jaurlaritzari eskatu zion bertan behera uzteko hilabete batzuk lehenago eskatutako IBBaren luzapena. Jaurlaritzak ez zion erantzun, baina, orain jakin denez, ez zuen aintzat hartu GHK-ren eskaera.

Obrak, berehala

Horiek horrela, nahiz eta proiektua aldatu —besteak beste, tamaina txikitu dute— IBB zaharra erabiliko du GHK-k, eta denbora asko irabaziko du horrela. Horretarako, tramite bakarra egin beharko du. Hain zuzen ere, Jaurlaritzari galdetu beharko dio ea proiektu berrirako balio dion baimen zaharrak. Oraingo eta jatorrizko proiektuen artean aldaketa esanguratsurik ez dagoela ebazten badu, baiezkoa emango dio Jaurlaritzak.

Ingurumen Sailak kazeta honi adierazi dio oraindik ez duela jaso GHKren oharrik horri dagokionez. Kontuan eduki behar da IBBa oso dokumentu teknikoa dela, eta espresuki aztertzen duela proiektu zehatz batek nolako ondorioak dituen ingurumenean, isurketa eta kutsadura kopuru zehatzak aipatuz, besteak beste. Proiektua aldatuz gero, kopuru horiek ere aldatzen dira, baina Eusko Jaurlaritzak erabaki dezake ez direla aldaketa esanguratsuak eta IBB zaharra erabilgarria dela.

GHK-k laster galdetuko dio Jaurlaritzari horri buruz. Eskaera egiten duen unetik hiru hilabeteko epea izango du Jaurlaritzak erantzuteko. TMB plantaren kasuan hiru hilabeteak agortu egin zituen Jaurlaritzak, eta azken egunean erantzun zion GHKri, eta ezetz esan. Orain ikusi egin beharko da ea epe osoa agortzen duen edo berehala erantzuten duen. Izan ere, GHK errauste plantaren proiektu tekniko berria ari da idazten orain, eta iragarri du udaberrian lizitatu egin nahi duela. Horretarako, baina, IBBak indarrean behar du. Alegia, Jaurlaritzaren erantzuna beharko du ordurako.

Lizitatu ostean, sei hilabetez jendaurrean jarri beharko du proiektua GHK-k, enpresa taldeek euren eskaintzak aurkezteko. Europa mailako arau baten bidez egin behar du hori, eta sei hilabeteko epea izango dute enpresek euren proiektuak aurkezteko. Udazkenean enpresa talde irabazlea aukeratu, eta 2017an obrak martxan ipini nahi ditu GHK-k, bere helburua baita agintaldi honen amaieran —2019ko udaberrian— Gipuzkoako errauste planta martxan egotea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna