Alemania. Hauteskundeetako kanpaina

«Schulzen trena, diozu?»

Iraileko hauteskundeetan gailenduko den zalantzarik gabe, Angela Merkel laugarren legealdirako prestatzen ari da. Europa aktiboago bat nahi du Ekialde Hurbilean, AEBak ordezkatuz.

Danel Agirre.
Berlin
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Astelehen arratsean Berlingo Gorki antzokian aurkeztu zutenean, Angela Merkelek ezin izan zuen ezkutatu disimulatzen ez dakien disgustu imintzioa. Emakumeentzako Brigitte aldizkariak gonbidatu zuen kantzilerra oholtzara. Julia Jaekel agerkariaren editoreak azaldu zuenez, Eli bere 5 urteko alabari galdetu zion elkarrizketatzera zihoazen Merkel hura nor ote zen ba ote zekien. «Alemaniako chefin-a», erantzun zion alabak. Alemaniako ugazaba. Anekdota entzun, kopeta zimurtu, eta irribarre erdirik ere ez zuen eskaini Merkelek.

Hurrengo ordu eta erdian, ordea, Merkel bera izan zen 30 bider baino gehiagotan publikoa algara batean ipini zuena. Prentsaurreko eta agerraldi ofizialetako zurruntasunetik at, atzerrian ezezaguna den bere alderdi jostalaria erakutsi zuen. Negoziazio garrantzitsuak blokeatzen direnean akuilu moduan zirtoak erabili ohi izan dituela ere segurtatu zuen Merkelek: «Umorea oso garrantzitsua da politikan».

Bezperan aldartea mikaztu ziezaiokeen erasoa jasotzetik zetorren kantzilerra. Iraileko hauteskundeetako hautagai sozialistak, Martin Schulzek, Merkelen «harrokeria» deitoratu zuen SPDren programaren aurkezpenean. «Hautesleak desmobilizatuz demokraziari eraso» egitea ere leporatu zion, gai garrantzitsuez bere iritzia ezkutatu eta eztabaida publikoa epeltzen saiatuta. Alemanian harridura eragin zuen Schulzen oldarraldiak. Europako Parlamentuko presidente ohiak Merkel benetako estimutan duen irudipena igorri izan du orain arte. Azken lau urteotan gobernu koalizioko kide izan duten alderdiaren liderraren hitzok ezustean harrapatu zuten kantzilerra bera ere: «Hau ez da nik ezagutzen dudan Martin Schulz», itxi zuen gaia modu lakonikoan, alde biko sestrarik abiatzeko inongo gogorik gabe.

Inkestek sozialistentzat iragartzen dituzten emaitza kaskarrak jo dituzte analistek Schulzen kalenturaren erantzuletzat. Urtarril bukaeran bere hautagaitza iragarri, eta demokristauekin berdinketa teknikoa eskuratu zuten sozialistek galdeketetan. Aurreikuspenak azkar itzuli dira lehengora, ordea, eta hamabost punturen aldea du egun Merkelek. Azken hilabeteotan «Schulzen trenak harrapatuko zuen» beldurrik izan ote duen kazetari batek jakin nahi, eta hautagai demokristaua zalantzati agertu zen. «Schulzen trena, diozu?», galdetu zuen Merkelek, elkarrizketatzaileak erabili hitz korapilatsuak egoki entzun ez zituela jakinaraziz. Publikoak bibaka hartu zuen arerio politikoa gutxiesten zuela zirudien nahastea, hala gertatu gabe ere. Idazle marxista baten izena daraman antzokian, etxean bezala aritu zen astelehenean Merkel. Sarrerak balio zituen hamabost euroak ordaindu, eta eserleku gehienak bere aldekoek bete zituzten. Alboko kalean bizi da kantzilerra.

Twitter gabeko liderra

Informazioa kontu handiz kudeatzen daki Merkelek, eta apenas ihesi ohi zaion agintzarik. Horregatik, txalo zaparrada jaso zuen udazkenerako agenda lotzen hasia dela onartu zuenean. Irailaren 24rako deitu ditu kantzilerrak herritarrak bozetara. Joan den urtean CDU/CSUko zerrendaburu moduan aurkeztea erabaki zuenetik, datozen lau urteetako eginkizunak ditu gogoan. Bozak irabazte hutsa bainoago, bozak irabazte hutsa egitatetzat duelako ziur asko. «Erabakia hartzeko orduan, hauteskunde egunari baino gehiago, datozen lau urteei egin nien so. Lasaiegi ez dabilen mundu baten erronkei aurre egiteko indarrik eta motibaziorik ba ote dudan galdetu nion neure buruari, eta baiezko azkarra eman. Osasuntsu nago», argitu zuen Merkelek.

Lehen hiru agintaldietatik gehien asebetetzen duen unea zein izan ote den argitzen asmatzeko ez zituen segundo asko behar izan: «Zentral nuklearrak ixtea da gehien pozten nauen orain arteko nire erabakia. Fukushimako irudiak telebistan ikusi, eta ez nuen dudarik egin, kontratuak apurtzeak kostu handia izango zuela jakinda ere».

Laster heldu beharreko aferen artean, AEBetako administrazio berriarekin izandako tirabira gogorarazi zioten kantzilerrari. Europak etorkizuna bere eskuetan hartzearen bere proposamena, ordea, Donald Trumpek eragindakoa ez dela zehaztu zuen: «Obama presidenteak sarri esan ohi zidan ezin genuela AEBen mende jarraitu, guri zuzenean eragiten diguten gatazkak konpontzen saiatzeko orduan. Siria eta Libia guk ditugu gure atearen parean, ez AEBek. Europari dagokio nazioartean rol aktiboagoa jokatzea, etxean azken urteetako bezalako gertakariak bizi nahi ez baditugu». Duela bi uda izandako errefuxiatuen krisiari buruz ari zen. Garai hartan zuzen jokatu zelako usteak kantzilerra lasaitzen du.

Elkarrizketatzaileak burugogor saiatuta ere, Trumpentzat ez zuen kexarik gorde herenegun Merkelek. AEBetako presidentearen Twitter sare sozialeko hiperaktibitatea dela eta, sakelakotik zintzilik bizi ote den itaundu zioten. Alemaniako prentsaren laburpenekin nahikoa zuela ihardetsi zuen Merkelek, ez duela denborarik Interneteko zaratarekin galtzeko. Twitter konturik ez dauka. SMSekin moldatzen da egokien, eta telefonoko agendan ez ditu kontaktu asko. «200 baino askoz gutxiago; nire zenbakia ez diot edonori ematen».

Galderen txanda zabaldutakoan, harreman pertsonalak lantzeko bere modu tradizionalaren beste adibide bat eskaini zuen. Nerabe errefuxiatu afganiar bat kexati aurkeztu zitzaion, asilo eskaeraren erantzuna luzeegi hartzen ari delako. Kasuaren nondik norakoak ez zekizkiela baina saioa bukatutakoan beregana hurbildu, izena boligrafoz eskuan apuntatu eta informazioa bilduko zuela segurtatu zion. Fokuek itsutzen zutenez, solaskidea non eserita ote zegoen ez zuen asmatzen Merkelek. «Hemen, Ronaldoren kamisetarekin», deiadar egin zuen nerabeak. Kantzilerrak kargu hartu zion orduan, Bayerneko Jerome Boatengena —jatorriz ghanatarra, Berlinen jaioa, eta Alemaniarekin jokatzen du— ez janzteagatik. Errefuxiatua Real Madrileko zalea izaki, hurrena Toni Kroosena ekartzea proposatu zion. Ontzat eman zuen ideia Merkelek, eta nerabearekin selfie bat egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.