Draghi: «Eurogune osorako dugu mandatua, ez Alemaniarako»

Berlindik jasotako kritikei aurre egin die EBZko presidenteak, hazkundeari lagundu dioten «bakarrak» direla azpimarratuta. Ekainean hasiko da bankua zor korporatiboa erosten

Mario Draghi EBZko presidentea hedabideak agurtzen, atzo gobernu kontseiluaren osteko agerraldia amaitu ondoren. ARNE DEDERT / EFE.
Ivan Santamaria.
2016ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Jakina da Mario Draghi ez dela pertsonarik maitatuena Alemanian. Moneta politika ortodoxoenari obsesiboki jarraitzen dion herrialdean beti izango da haren italiar jatorria mesfidantzaz hartuko duenik. Euroaren banku zentrala gidatzeko aukeratu zutenetik egon da presente tentsio hori, sarritan ezkutuan, baina, azkenaldian, gorakada bortitza izan dute kritikaren zaratak eta zentzuak.

Laburbilduz, Draghi da Alemania astintzen duten gaitz ia guztien erruduna. Haren diru politika okerrak azaltzen omen du eskuin populistak izandako igoeraren erdia —Wolfgang Schaeuble Finantza ministroak berak egindako salaketa—, eta Alemaniako pentsiodunak eta aurreztaileak miseriara kondenatzen ari da, interes tasa inoiz baino txikiagoekin tematuta.

Diru politikari buruz azaldu beharreko erabakien faltan, eraso horiei erantzuteko eta pedagogia egiteko denbora hartu zuen atzo Draghik, gobernu kontseiluaren bileraren osteko agerraldian, oinarritik hasita. «Prezioen egonkortasunari eusteko mandatua eurogune osorako dugu, ez bakarrik Alemaniarako». Bankuak legez duen mandatu bakarra da hori, gainera: inflazioari eustea. «Legeari erantzuten diogu, ez politikariei, independenteak garelako», zehaztu zuen banku zentraleko buruak.

Alemania euroguneko potentzia ekonomiko nagusia da, eta, ondorioz, herrialde horretatik egindako kritikak ez dira oharkabean pasatuko. Aldiz, efektu zuzena izan dezaketela ohartarazi zuen Draghik, batez ere bankuaren independentzia auzitan jartzen bada. «Sinesgarritasuna zalantzan jartzen denean, helburuak betetzeko epea atzeratzen da».

Geure dirua erretzen du Draghik? zioen duela gutxi Bild egunkariko titulu batek. Horrelako akusazioei ere buelta ematen saiatu zen bankaria. Pentsio funtsen eta aseguru etxeen errentagarritasunak behera egin duela badakitela zehaztu zuen, baina sektore horien arazo guztiak ezin zaizkiola EBZren politikari egotzi adierazi zuen. Era berean, azpimarratu zuen aktiboak erosteko programaren bidez erakunde kapital irabaziak izan dituztela. Draghiren ustez, interes tasa txikiak egoeraren ondorio dira, ez arrazoia. «Interes tasa handiagoak egon daitezen, hazkunde handiagoa eta inflazio handiagoa behar dugu», haren hitzetan.

Hazkundearen bultzatzaile

Krisiaren aurka egindako lanari buruzko gogoetak ere utzi zuen abisu bat Alemaniarentzat. «Diru politika izan da azken lau urteetan hazkundeari lagundu dion politika bakarra», bota zuen EBZko buruak. Izan ere, Alemaniako Gobernuak superabitarekin itxi du joan den urteko aurrekontua, baina muzin egiten dio gastu publikoa handituta ekonomia bultzatzeko aukerari.

Kritikak kritika, lasai dago Draghi. Moneta politika egokia dela berretsi zuen atzo bankuko gobernu kontseiluak, «aho batez». Martxoan hartutako erabakiekin aurrera egiteko borondate osoa du banku zentralak, horien efektuak ikusteko «pazientzia» beharko dela argi utzita.

Ekainean, enpresen zor korporatiboa erosten hasiko da EBZ, hilero bere egingo dituen 80.000 milioi euroren aktiboen barruan. Era berean, lehen likidezia enkantea egingo du bankuentzat. Baldintza batzuk betetzen badute, bankuei kreditua emateagatik ordainduko die EBZk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.