Ezin zauriak itxi

Kongoko Errepublika Demokratikoan babesa hartutako milaka errefuxiatu ruandar hutuek arriskua dute datozen hilabeteetan errefuxiatu estatusa galtzeko. «Borondatezko aberriratzeak» bultzatzen ari dira Ruandako Gobernua eta UNCHR. Ahotsik gabe, aberririk gabe, bortizkeriaren mende jarraitzeko arriskuan dira.

Ezin zauriak itxi.
Oskar Epelde Juldain.
Bweru
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Kivuko mendietan bi hamarkadatan etengabeko biolentzia eta laidoa pairatu ondoren, 1994an errefuxiatu bilakatutako ruandarrak aberrigabeak bihurtzeko zorian daude aurten. Izan ere, Ruandako Gobernuak bultzatuta, indarrean sartuko da haien errefuxiatu estatusaren amaiera ekarriko duen klausula bat. Ehunka edo milaka haien «borondatez» aberriratuak izaten ari dira: euren gotorlekuetatik atera eta Ruandara itzultzea onartzen badute, UNHCRek, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, dirua eskaintzen die.

Borondatezko aberriratzea dela azpimarratzen du UNHCRek, baina errefuxiatuak oihanetatik beldurrak jota iristen dira, talde armatuen eta Kongoko Errepublika Demokratikoko militarren Garbitu 2operaziotik ihesi. 2017amaieran errefuxiatu estatusa galduko dutela entzuten dute irratian, baina ez Kongoko Gobernuak, ez UNHCRk ere, ez dute oraindik argibiderik eman. Errefuxiatuen batzordeen buruek ez dakite nora jo edota ez dute ezer ulertzen, aurten ustez galduko duten estatus hori inoiz ez baitzaie aurrez onartu.

«Horixe ba!», dio Pasteur Esron Gomako batzordearen presidenteak. «Horrexegatik, UNHCR-ri, nazioarteko komunitateari, NBE Nazio Batuen Erakundeari eta atzerriko gobernuei eskatzen dieguna da estatusa eman diezagutela. Orduan informatu ahal izango gara estatusaren amaierak esan nahi duenaz, eta gure aberrira itzuliko gara, Ruandako Gobernuarekin elkarrizketa bati buruzko adostasuna lortzen badugu».

1996an, Mobutu Sese Seko diktadorea hiltzear zegoenean, Ruandako armadak suntsitu egin zituen orduko Zaire ekialdean errefuxiatu hutuek zituzten eremuak, Kinshasa konkistatzeko AFDL Kongoko Indar Demokratikoen Batasuna martxan jarriz. Kivuko oihan iritsezinetan sakabanatu ziren bizirik irautea lortu zutenak eta harrapatuak eta indarrez aberriratuak izan ez zirenak. Orduan, hain zuzen, UNHCRek babes eta laguntza humanitarioa kendu zien.

Ruandako Fronte Patriotikoak, gainera, nazioarteko komunitatearen isiltasun konplizearekin, Kongo barruan ere eraso egin ziezaieketela erakutsi zuen. Era guztietako krimenak leporatzen zitzaizkion FDLR Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoaren egitura militarrari: sarraskiak, bortxaketak, eta meatzeen legez kanpoko ustiaketa, besteak beste. Baina, aldi berean, ez ikusiarena egiten zen, Kigaliko gobernuak, gerra jauntxoek eta lehengaien multinazionalen bitartekariek burututako gerra krimenen zein Kivu iparraldeko lurrazalean eta lurraren azpian antolatutako espoliazioaren aurrean.

Laurent Desire Kabilaren hilketaren ondoren, Sun Cityko akordioen sinadurarekin batera, Kinshasako gobernu berriak gerra krimen haiek zuritu zituen. Gainera, Kongoko Bigarren Gerra deitutakoan (1998tik 2001era) Ruandaren eraginpean Goman ezarritako gobernu paraleloak ontzat eman zituen ebatzitako xedapen guztiak, baita Ruandako errefuxiatu hutuen aurka sortutako kondaira beltzak ere. MONUCen (NBE Nazio Batuen Erakundearen Kongoko misioa) laguntza logistikoarekin, FDLRren milizia txikitzera bideratutako operazio militarrak hasi zituzten oihanean, errefuxiatu armatuen eta armarik gabekoen artean bereizketarik egin gabe.

UNHCRek errefuxiatuen «borondatezko aberriratzeak» bideratzen jarraitu zuen urte haietan, baina ez ziren borondatezkoak. FDLRen aurkako jazarpen militarra areagotzen zen neurrian, bizkortzen ziren soilik. Errefuxiatuek, hil nahi ez bazuten ere, nahitaez amore eman behar izaten zuten.

UNHCRek kudeatutako Bukavuko igarobidean pilatutako aberriratzeko hautagaiak, FARDC Kongoko armadak urrutiko herrixketan harrapatutako errefuxiatu zibilak ziren. Joseph Kabilaren gobernuak eta Laurent Nkundaren armada matxinoak bake akordioa sinatu zuten. Itxurazkoa. Bosco Ntaganda jeneral tutsi ruandar-kongoarrak FDLRen aurkako operazio amaiezinen agintea eskuratu zuen. Baliatutako taktiketako bat izan zen tokiko talde armatuak antolatzea eta finantzatzea. Helburua: errefuxiatu ruandarren jazarpena, gero sakoneko lurraldeetaraino eramateko.

Operazio militar horiek zigorrik gabe egin zituzten. Umoja wetu, Kimia 1 eta 2 operazio militarrek lortu zuten errefuxiatuak are gehiago sakabanatzea eta euren egitura militar eta zibila ahultzea. Borondatezko aberriratzea ia ezinezko bihurtu zen. Izan ere, sinesten zuten jasaten ari ziren «ehiza» hura, aberriratuak baziren Ruandan jasoko zuten zigorraren aurrerapen bat besterik ez zela, errefuxiatuen liderren eraginez. Hala zioen 2014an Bweruko mendian elkarrizketatutako Mukandoli Belencille andre adinekoak: «Bakea nahi dugu. Baina nola itzuliko gara Ruandara gu hiltzeko honaino ere iristen badira!».

Porrotak

FDLRek borroka armatuaren alde bakarreko amaiera iragarri zuen 2013ko abenduaren 31tik aurrera. Aldi berean, SADC Afrika Hegoaldeko Garapenerako Komunitatearen laguntza eskatzen zuen—Tanzania eta Hegofrikako gobernuena batik bat—, FDLRren eta Ruandako Gobernuaren arteko elkarrizketa politiko baten aldeko presioa egin zezaten. Horrez gain, errefuxiatuen babesa eta entregatuko zituzten borrokalarien bizitzak bermatzeko eskatzen zieten. Monuscoren (NBE Kongoko Errepublikan Egonkortzeko Misioa) bozeramaileek berehala gutxietsi zuten FDLRren buruen borondate bakezalea. Su-etena errendizio huts gisa hartu zuten, eta, FDLRren gaitasun militarraren ahultzearekin jarraituz, bide onetik ari zirenaren erakusle.

Lehenengo aldiz arma eta gizon andana entregatu ondoren —Monuscori eta Kongoko Gobernuari—, FDLRko buruzagiak su-etenari eusten ahalegindu ziren; baina armagabetze prozesuak laguntza gutxi jaso zuen, eta bitartekari lokalek landu nahi zuten etorkizuneko egoera pozoitu zuen.

Kongoko Errefuxiatuentzako Batzorde Nazionalaren Kivu iparraldeko eta hegoaldeko adarrek konpromisoa hartu zuten ruandar errefuxiatuen errolda bat egiteko, zenbat ziren jakiteko. Kivu iparraldean, CNR Erresistentziaren Kontseilu Nazionalak laguntza eskatu zien bertako buruei eta Masisi, Walikale, Rutshuru eta Lubero lurraldeetako administratzaileei. Bildutako datuekin, txosten sekretu bat egin zuen, Kivu iparraldean 199.097 errefuxiatu zeudela esanez.

CNRek harremanak landu zituen errefuxiatuen gizarte zibil sortu berriarekin, eta horrek, FDLRrekin lotuta egonda ere, bere gain hartu zuen errefuxiatuei errolda biometriko batean parte hartzeko konbentzitzeko ardura. UNCHRek ez zuen parte hartu ekinaldi haren sorreran, baina jokoan sartu zenean zalantzan jarri zituen CNRren estimazioak. Halere, errolda biometrikoan parte hartzea onartu zuen egia jakiteko, iraganean, gerran zegoen herri batetik ihesean iritsitako dozenaka milaka errefuxiatu babesik gabe uzteagatik izan zuen balizko arduragabekeria agerian gera bazitekeen ere.

Errolda biometrikoaren hasierak bat egin zuen FDLRren aurkako operazio militar berriekin. Errefuxiatuen buruek berehala galdu zuten parte hartzeko gogoa. Horrez gain, erroldatutako errefuxiatuei banatu beharreko agirietan esaldi bat gehitu zuten, esanez agiri hura edukitzeak ez zuela laguntza eskubiderik ematen. Arrazoi bat gehiago errefuxiatuen erroldari bizkarra emateko. Hori ere errefuxiatuentzako erroldari bizkarra emateko eta ordura arteko ezkutuko nortasun faltsutuei eusteko.

«Deabrua azaltzen da»

Kivu iparraldeko CNRren ardatzaren buruak zera dio: «Ruandar errefuxiatuen egoera dokumentatzen ahalegintzen garen bakoitzean, deabrua azaltzen da».

Errefuxiatuen ordezkari zibilek, FDLReko komandanteekin bat eginez, erroldan parte hartzeari uko egin zioten azkenean, eta ihes egin zuten, berriro, gotorleku sakonagoetara. Itxaropena hausteak, gainera, zatiketak bizkortu zituen errefuxiatuen artean. FDLReko presidenteorde Wilson Irategekak nortasun eta gizarte zibil berri bat sortu zituen errefuxiatuen eskubideak defendatzeko. Jatorrizko alderdiaren jarrera ofizialari desobedituz, errolda biometrikoan parte hartzearen aldeko kanpaina egin zuen. FDLRek, berehala, Kigaliko gobernuak manipulatuta zegoela leporatu zion.

Egoera horretan ireki zen, Bwerun, errolda biometrikoa egiteko lehen zentroa. 26.000 bat errefuxiatu erroldatu ziren. Baina, egun gutxiren buruan, gizon armatuek eraso egin zioten, eta proiektua bertan behera geratu zen. Ondorioak: sakabanaketa handiagoa, errefuxiatuen sufrikario handiagoa, eta FDLReko gizon armatuen arteko barne gerra —gaur egun, jarraitzen du—.

Itxaropena eta beldurra

Aurten, ruandar errefuxiatuen borondatezko aberriratzeak markak hautsi ditu Goman. Ruandak jarioa gutxitzeko beharra duela dio. Izan ere, lehortuta dago 1.000 mendien herria. CNRko buruen arabera, 3.000 hautagai daude, zain, Kivu iparraldeko lau zentroetan. Hala dio Monuscoren Okapi irratiak: «Errefuxiatu ruandarrek aberriratzea galdegiten dute».

Egia da, baina ez egia osoa. Kivuko oihanetan bizitako esperientzia ikaragarrien ondorioz, etsita, errefuxiatu askok eutsi egiten diote euren herrira itzulita bizitza lasai bat aurkitzeko itxaropenari. «Kongon zerraldoen bizitza besterik ez dugu, eta horregatik atera gara oihanetik. Gure aberrira itzuli nahi dugu, bizitza lasaia izateko», dio Marco Semigabok, Gomako zentro batean hiru hilabete eta erdi egin ondoren.

Bien bitartean, Socirwako—Kongoko Errepublika Demokratikoan bizi diren errefuxiatu ruandarren talde zibilak— errefuxiatuen batzordeek aberriratzea baztertzen jarraitzen dute, eta zalantzan jartzen dute zer tratu jasoko duten patu hori onartzen dutenek Ruandan. Esaten dute aberriratuak diren asko ez direla errefuxiatuak, lurrik gabeko nekazariak baizik. UNHCRek eskaintzen duen diruaren bila doazela, gero berriz itzuli ahal izango dutela pentsatuz.

Batzordeko buruen arabera, etengabe gertatzen ari dira errefuxiatu ruandar hutuen bahiketak eta desagertzeak, mugaren bi aldeetan. Kigaliko gobernuak berriz hezteko zentroak sortu ditu, gizartea genozidioaz babesteko. Pasteur Esronen esanetan, ordea, «errefuxiatu asko zuzenean zakuetan sartu eta uretara botatzen dituzte». «Galdetzen baduzu non dauden aberriratuak izan diren 10.000 errefuxiatuak», jarraitu du, «inork ezin dizu erantzun».

Komunikazio faltaren eta egoskorkeriaren ondorioz, zauriak ez dira ixten. Errefuxiatu askok euren gotorlekuetan ezkutatuta jarraitzen dute, inongo estatusik gabe eta arriskuan. Askok, gehienek, Kongoko hautesle txartelak dituzte, euren benetako nortasuna komunitate lokaletan ezaguna bada ere. Beste batzuek, dirua daukatenek, Ugandara joateko azken aukera gordetzen dute, Bashali, Bwito eta halako tokietatik ihesi datozen Kongoko errefuxiatuak direla esanez. Izan ere, gerra ez da bukatzen eskualde horietan. Baina berriz ere Kongora itzuli beharko dute noizbait, eta ezin izango dute euren nortasun ruandarra ezkutatu. Horrek, berriz ere, gatazka betikotu dezake, adiskidetzearen bidetik eta pertsona guztiei estatusa onartzearen bidetik zauriak sendatzen ez diren bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.