Noiz sortua: 2017-10-25 00:30:00

Lan bera, bi soldata

Gezurra al da ostalaritzaren esparru akordioa inpugnatzeak ez duela eraginik beharginen lan baldintzetan? CCOO eta UGTren baieztapena okerra dela erakutsi dute sektoreko bi langilek, euren soldatak mahai gainera ateraz eta alderatuz.
Maria Jose Ibañez eta Anabel Casas langile bilbotarrak.
Maria Jose Ibañez eta Anabel Casas langile bilbotarrak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2017ko urriak 25

Estatalizazioaren ondorioak paper bitan idatziak. Pareko lanak, soldata desberdinak. Bi enpresa, bi erabaki. Batak Bizkaiko ostalaritzaren hitzarmenaren arabera arautzen ditu bere beharginen lan baldintzak; besteak, Espainiako kolektibitateen itunaren arabera. Euskal Herrian gertatzen ari da, orain, epaile batek ostalaritzaren euskal esparru akordioaren inpugnazioaz erabaki aurretik.

Milaka euskal langilek Espainiako itun horretan erori eta lan baldintzak modu nabarmenean okertzeko duten arriskua salatu dute ELAk eta LABek azken hilabeteetan, eta BERRIAk elkarrizketatu dituen behargin biren baldintza desberdinek berretsi egin dute salaketa hori. «Difamazioa» dela diote CCOOk eta UGTk, euskal akordioaren inpugnazioa auzitara eraman dutenek. Kazeta honek ezetz esan dezake, langile bien nominak aztertu ondoren.

«Anabel Casas naiz; Tamar enpresarentzat aritzen naiz, Bilboko Ayalde ikastetxeko haurrei jaten ematen. Ostalaritzako Bizkaiko itun sektorialaren arabera arautzen dira nire lan baldintzak. Lanaldi osoan aritzen naiz, eta 1.284 euro gordin jasotzen ditut hilero, antzinatasunaz gain». Anabel Casas bilbotarrak hamalau urte egin ditu Tamarrentzat lanean, eta, antzinatasun hirurtekoei esker, soldata handiagoa du. Ez da alboan eseri zaion sektoreko lankidearen kasua.

«Mari Jose Ibañez naiz; Eurest enpresarentzat aritzen naiz, Basurtuko ospitaleko janari zerbitzuan, eta niri estatuko kolektibitateen ituna aplikatzen didate. Astero 23,25 orduko lanaldia daukat, eta 770,24 euro gordin jasotzen ditut hilero». Alderaketa argi bat egin egin ahal izateko: lanaldi osoan ariko balitz, zenbateko soldata jasoko luke? 1.251 eurokoa, hain zuzen. 33 euroko alde hori modu nabarmenean handitzen da hilero, ordea, Casasek antzinatasun plusa jasotzen duelako; Ibañezek ez ditu jasotzen, beharrean hainbat hirurteko bete dituen arren; Espainiako hitzarmenak ez du onartzen.

Maria Jose Ibañezek, izan ere, Eurestentzat jarduten du; hark aplikatzen du, Sodexo eta Serunionekin batera, Espainiako kolektibitateen ituna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hezkuntza eta osasun esparruetako atal pribatuan aplikatzen dituzte lan baldintza okerragoak. Halaber, ospitale publikoetan ere aplikatzen dute Espainiako ituna; eskola publikoetako sukalde eta jangeletan, aldiz, herrialdeetako ostalaritzaren hitzarmenak errespetatzen dituzte.

«Edo hau, edo kalera»

«Inpugnazioaren kontua entzuten duzu, eta amorrua ematen du. Difamazioa? Aldizkari ofiziala hartu eta hura irakurtzea bezain erraza da. Nola uka dezakete?», galdetu du Maria Jose Ibañezek, CCOOri eta UGTri erreparatuz. Ostalaritzakoek %2ko igoera izan zuten iaz, eta Espainiakoari loturik daudenek, oraindik ez. Laster %1,2koa izan dezakete, «baina argi ikusten dugu gero eta alde handiagoa dagoela». «Ez da bakarrik dirua; antzinatik ari garenok 1.750 orduei eutsi diegu, baina jangelako begirale berriek 1.800 ordu egin behar dituzte. %43ko soldata txikiagoa da azkenean, eta 50 ordu gehiago. Zergatik, lan bera egiten badugu denok?».

Anabel Casasi «pena, amorrua eta sumindura» sortzen dio ikusteak lankide batek gutxiago jasotzen duela berak egiten duen lanaren parekoaren truke. «Egonezin handia sortzen digu, pertsona hori umiliatzen ari direlako, garbi eta azkar esateko. Nire enpresatik atera eta beste jangeletara bisitan joatea egokitzen zait batzuetan, eta entzun izan diet: 'Edo hau edo kalera'; zer egingo dute, ba?». Casasen arabera, «miseriazko soldatak» jasotzen dituzten langile horiek «gogo guztia» jartzen dute lanean, «gure haurrei eta aitona-amonei janaria ematen dietenak baitira, argi».

Noemi Etxebarria ELAko zerbitzuen ataletako arduradunak «liberatuen aldagaia» nabarmendu du CCOO eta UGTren inpugnazioa azaltzeko: «Espainiako kolektibitateen itunaren sinatzaileek batzorde bat sortu dute Espainiako estatu osoan taula bakarrak ezartzeko, lan baldintza berak aplikatzeko, alegia, eta horretarako azpibatzorde batzuk eratu dituzte, CCOO, UGT eta patronaleko kideek osatuak: soldatarena, lanaldiarena, eta abar». Bada, azpibatzorde horiek eratzeko liberatuak eskatzeko eskubidea dute; sinatzaileek, besteek ez. «Enpresek pagatu behar dituzte liberatu horien soldatak. Langile gehienak lanaldi partzialaz ari dira, baina lanaldi osoa eskatu eta liberatu gisa soldata osoa jasotzeko eskubidea ematen die Madrilgo itunak». Halaber, enpresek pagatu behar dituzte batzordeetara joateko liberatuen dietak, garraioa eta aterpea. «Pentsa zenbat liberatu lortzen dituzten Espainiako itun horri esker. Euskal Herrian ere hasi zaizkie liberatuak eskatzen enpresei, baita ostalaritzako euskal itunak aplikatzen dituztenei ere».

Espainiako kolektibitateen ituna epaitegietara eraman zuen ELAk, «negoziazio kolektiboaren gure eskuduntzak hartzen dituelako beretzat», eta salaketa hura bere bidea egiten ari da; lehen epaiak itunaren legezkotasuna berretsi du, baina helegitea jarri du sindikatuak. Halaber, ostalaritzaren esparru akordioa inpugnatu dute CCOOk eta UGTk, eta haien motibazioaren atzean liberatuak izateko aukera ez galtzea dagoela dio Etxebarriak. Kontua da sektorearen arautegia ez dagoela argi gaur egun, eta epaitegiek euskal esparru akordioa baliogabetuko balute CCOOk eta UGTk oztoporik gabeko bidea luketela liberatu gehiago lortzeko, eta jadanik badituztenak ez galtzeko.

Inpugnazioa eta liberatuak

«Ez dauka logikarik CCOOk eta UGTk euskal esparru akordioa inpugnatzea lan baldintzei begira. Espainiakoak okertu egiten ditu baldintzat; beraz, zertarako inpugnazioa? Azalpen logiko bakarra da beren interesak ari direla babesten liberatuei eusteko. EAEn ez balitz aplikatuko Espainiako ituna, liberatu horiek galduko lituzkete».

Maria Jose Ibañez Basurtuko ospitaleko langileak oso argi dauka zer gertatzen ari den: «Beren sindikatuen interesak lehenesten ari dira liberatuak doan izateko, langileen interesak bigarren mailan utzita». Sektoreko ELAko ordezkari Lucia Puertasek beste aldagai bat mahairatu du: «Espero dezagun epaileak kontuan hartzea CCOOk eta UGTk ere sektore arteko akordioa sinatu zutela, eta ez daukala logikarik hori sinatu eta ostalaritzako esparru akordioa inpugnatzea. Justiziak benetako justizia egitea espero dugu».

Epaiketa atzo hasi zen, baina azken epaia ez da berehala iritsiko. Inpugnazioa atzera botatzeak zilegitasun osoa emango lioke ostalaritzako euskal esparru akordioari, eta kolektibitateen esparruan jarduten duten enpresek presio handiagoa izango lukete euren langileei euskal itunak aplikatzeko. Inpugnazioa aurrera aterako balitz, ordea, inoiz baino arrisku handiagoa legoke berriro ere euskal langileak Espainiako itunen sarean erori eta eta haien lan baldintzak okertzeko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ©/ Ordiziako Udala

Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere, eta gogorarazi du distantzia mantendu ezin denean maskara erabili beharra dagoela. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Jair Bolsonaro. ©Joedson Alves / EFE

Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

Oihane Puertas Ramirez

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. Hura izan da COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat, eta horrek ekarri du Brasil herrialde kutsatuenetako bat izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna