Agoniaz irabazi, agonia luzatzeko

Doi-doi eskuratu du Martin Schulzek SPDren ezohiko batzarreko delegatuen oniritzia, Merkelen demokristauekin negoziatzen jarrai dezan. Militanteek izango dute azken hitza; birfundazio aldarriak gero eta ozenagoak dira

Martin Schulz SPDko lehendakaria, igandean Bonnen alderdiaren ezohiko batzarrean emandako hitzaldian. SASCHA STEINBACH / EFE.
Danel Agirre.
Berlin
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak Willy-Brandt-Haus izenekoan du egoitza, Berlingo Kreuzberg auzoan. Eraikineko hall-a erakusketekin atondu ohi du SPDk. Udazkenaz geroztik, Pablo Piovano argazkilariak Argentinako nekazarien gorputzetan glifosatoak eragindako lazeriei buruz ekoitzitako irudiak daude ikusgai. Glifosatoarena afera polemikoa da Alemanian; herbizidaren aurkako deialdi batek 40.000 lagun bildu berri ditu hiriburuan. SPDren jarrera ofiziala debekuaren aldekoa da. Angela Merkelen CDUren babesa dela medio, ordea, Monsanto etxearen salgaiak eskuragarri jarraitzen du Europako Batasunean.

Koalizio Handia errepikatu ala ez erabakitzeko, demokristauen eta sozialdemokraten negoziazioen bilera sortaren lehena, eta garrantzitsuena, Willy-Brandt-Hausean egin zuten, duela hamar egun. CDU/CSUren delegazioko kideren bat ezeroso sentitzearekin arriskatu, eta glifosatoaren erakusketa ezkutatzearen artean erabaki behar izan zuen anfitrioiak. Angela Merkel eraikinera iritsi zenerako, kartoi zuriekin estalita ageri ziren argazkiak.

Pasadizo ezdeusa zirudiena sozialdemokraziaren endekapenaren metafora moduan hartu duenik egon da. Aldarrikatzen dituen printzipioei borrokarik gabe amore ematearen tradizioa deitoratu dute asteotan juso-ek, SPDko gaztediko militanteek.

Igandean, duela hiru hilabete eskas agindutako guztia ahaztu, eta 180 graduko beste norabide aldaketa bat onartu zuten SPDk Bonnen egin zuen ezohiko batzarreko 642 delegatuek. Iraileko hauteskundeetan bere historiako emaitza kaskarrenak eskuratuta, sozialdemokratei oposizioan indarberritzea tokatuko zitzaiela iragarri zuen Martin Schulz alderdiaren hautagai eta presidenteak. Porrota onartzeko telebistan emandako elkarrizketan —bere ibilbideko mintzaldirik onena izan zela idatzi zuten hainbat analistek—, Koalizio Handia eta Merkel jo zituen SPDren hondamendiaren erantzuletzat. Irailaren 24a zen. Abendu bukaerarako, Schulzek berak mobilizatu ditu alderdikideak, egoerak eragindako estutasunak direla medio, Koalizio Handia beste lau urtez errepika dadin. Alemania, egonkortasuna, Europa, ekonomiaren martxa onari eutsi beharra edo eskuin muturra desaktibatzeko eraiki beharreko dikea izan dituzte ahotan SPDko buruzagiek Merkelekin itun berria negoziatzea justifikatzeko.

450.000 militante, postaz

Igandeko erabakia edozein zela ere, inkestek aurreikusten zuten SPDren gainbehera bizkorrak bere horretan jarraituko duela. Koalizio Handiari uko egin, eta bozak errepikatzeak eragindako amorrazioagatik zigortuko lukete hautesleek. Merkelen itzaletik irten ez, eta proiektu politikoa desitxuratzen jarraitzea eta haren sinesgarritasun falta larrutik ordainduko lituzke SPDk. Kale edo bale egin, eta porrota baino ez zuten aurreikusten inkestok.

Ezkortasunez betetako giroan, alderdiaren ildo ofizialari jaramon egitea erabaki zuten igandean delegatu sozialdemokraten %56k. Batzarra hasterako onartu zuen Schulzek ez zuela garaipenaz inongo segurtasunik. Haren hitzaldian, SPD baino handiagoak diren hainbat entitate eta ideal izan zituen beste behin ahotan, egin beharreko sakrifizioa bidezkotzeko: «Emmanuel Macronen deia jaso nuen atzo. Beti ez gatoz bat gure iritzietan, baina hauxe argi dugu biok: Europaren etorkizuna dago gaur hemen jokoan».

SPDren barneko Koalizio Handiaren aurkako korrontea Willy-Brandt-Hausean sinatu aurreakordioaren harira adoretu zen. Kevin Kuehnert juso-en idazkari nagusiaren aburuz, agirian ez dira islatzen SPDk aditzera eman ohi dituen helburu politiko gehienak. Demokristauekin adostutakoak eragiten duen mesfidantzaz jakitun, Schulzek adierazi zuen «Europan neoliberalismoaren mamuaren aurka elkarlana egiteko abiapuntu bikaina» dela akordioa, eta gaineratu elkarrizketen bigarren bilera sailean hobetu daitekeela. Azken asteetan bere makulu nagusi bilakatu den Andrea Nahles SPDren talde parlamentarioaren buruak hitzeman zuen Merkelen negoziatzaileak estu hartuko dituztela, «garrasika hasten diren arte». Igande gauerako, ordea, demokristauen dutxa hotza ailegatu zen: aurreakordioan ez dagoen eduki berririk ez dute onartuko inola ere Koalizio Handia osatzeko itunean.

Ezohiko batzarreko oniritziaren ondoren, hilabete inguru beharko dute CDU/CSUk eta SPDk gobernu berriaren kargu banaketa eta gainontzeko xehetasun guztiak zehazteko. Orain gutxi arte tramitea zirudien galdeketa iritsiko da ondoren: 450.000 militante sozialdemokratek erabaki beharko dute Merkelek eta Schulzek adostutakoa onartzen duten. 2013an, antzeko kontsulta bat egin zuen SPDk, postaz orduan ere: bozen %76 baiezkoaren aldekoak izan ziren. Lau urte geroago, tenorea oso ezberdina da, ordea. Urteak dira Alemaniako makineria politiko eraginkorrena zenak CDU/CSUk baino militante gutxiago dituela. 2017 hasieran presidente berria aukeratutakoan sortu zen Schulz efektuak apenas iraun zuen pare bat aste. Kuehnertek deskribatu moduan, etsipena da nagusi alderdian: «Herrialdea gurutzatu dut asteotan militanteekin bilerak egiteko. Ez dut alderdiaren proiektuarekiko ilusioa duen kide bat bera ere topatu».

GroKo laburdura baliatzen da Koalizio Handiaz aritzeko Alemanian. Sozialdemokratek Merkelekin gobernatzea eragotzi nahi duten SPDko militanteek NoGroKo izendatu dute beren korrontea. Juso-ak dira asko, baina ez guztiak. Zapatuan baikor baziren ere, igandean delegatuen zuhurtasuna nagusitu zen Bonnen. Zuzendaritzaren eraginagatik, Steve Hudson NoGroKoko kideetako baten arabera: «SPDren aparatuaren presioa izugarria izan da egun osoan. Militanteengandik askoz emaitza hobea espero dut, haiekin hitz egin ahal izan dudanagatik. Etxetik lasai bozkatuko dute; haiek dira itxaropena alderdi hau salbatzeko. Hain daude desengainatuta, ezen ezezkoa egingarritzat dudan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.