DSBEa lana bilatzetik deslotzea Elkarrekin Podemosen apustua

Ezkerreko koalizioak gutxieneko soldatarekin parekatu nahi du ordaina, eta jasotzeko adina 18 urtera jaitsi. PPk uste du Jaurlaritza EH Bildurekin adosten ari dela erreforma

Tinixara Guanche Elkarrekin Podemos koalizioko legebiltzarkidea, eta, haren atzean, Laura Garrido, PPkoa, joan den abenduko bilkura batean. DAVID AGUILAR / EFE.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Elkarrekin Podemosek goitik behera aldatu nahi du DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren oinarrizko filosofia. Sortu zenetik, lanpostua era aktiboan bilatzearekin lotura izan du errentak. Hots, ordaina eskuratu ahal izateko, onuradunek propio onartu behar izan dute laneratzeko asmoa, pentsiodunen salbuespenarekin. Podemos, Ezker Anitza eta Equo alderdien arteko koalizioaren ustez, iritsi da garaia enplegua eta gizarte laguntzak elkartzen dituen sistema hausteko.

Laguntzaren oinarri berria diru sarrera batzuk izateko eskubidea izan beharko litzateke, Elkarrekin Podemosen aburuz. Ez litzateke errenta unibertsal bat, soilik diru sarrera kopuru baten azpitik dauden herritarrek jaso ahalko luketelako, baina urrats bat litzateke bide horretan. Bestelako ondorioak ere izango lituzke. DSBEa laneratzearekin lotzea da gaur egun gizarte laguntzaren kudeaketa Lanbideren esku egoteko arrazoi nagusia. Baldintza ezabatuta, kudeaketa hori Lanbidetik eta gizarte zerbitzuen esparrutik aterako litzateke.

Koalizioak atzo goizean aurkeztu zituen DSBEa erreformatzeko oinarriak. Tinixara Guanche legebiltzarkidean aburuz, moldaketak DSBErako eskubidea «indartu» beharko luke, «bizitza duina» eraman ahal izateko, eta aberastasunaren banaketa «bidezko eta solidarioa» izan behar da aurrera begirako oinarri.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 190.000 pertsona daude pobrezian edo bazterketa arriskuan. «Guztiak» babestuko lituzke DSBEaren eredu berriak, Elkarrekin Podemosek egindako kalkuluen arabera. Pobrezian dauden ia 60.000 pertsonek ez dute errentarik edo bestelako gizarte laguntzarik kobratzen. Beste 63.000 lagunek, errenta kobratuta ere, ezin dute pobrezia atzean utzi. Gaur egun, 58.686 onuradun ditu DSBEak.

Oraingoz, gizarte laguntzen erreformaren barruan ordainak eta lana bilatzea erabat banatzeko apustu garbia egin duen talde bakarra da Elkarrekin Podemos. Bezperan, bere proposamenaren oinarriak aurkeztu zituen EH Bilduk. Enpleguaren baldintza alde batera utzita, beste puntu batzuetan adostasuna handiagoa da ezkerreko bi koalizioen artean.

Biek defendatuko dute errenta kobratzeko gutxieneko adina murriztea. Sistema indarrean jarri zenetik, 23 urte izan dira, eta 18 urtera jaistea proposatuko dute biek. Horrekin batera, gutxieneko errolda urteak hiru izan beharrean berriro urtebete izatea nahi dute.

Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren ustez, lanbide arteko gutxieneko soldatak jarraitu behar du ordaina kalkulatzeko erreferentzia ekonomikoa izaten. Koalizio moreak ontzat jo du bi ordainak parekatzea. Adingabeak edo mendeko pertsonak dituzten familien kasuan, gutxieneko soldaren %125 litzateke. Gaur egun errenta eskuratu ahal izateko dauden ondare pertsonalaren mugak zabaltzea ere jaso dute agirian Podemosek, Ezker Anitzak eta Equok.

Berez, indarrean dagoen legeak eusten dio gutxieneko soldataren loturari. 2005. urtean pertsona bakarreko elkarbizitza unitate batentzat gutxieneko soldataren %88an ezarri zen DSBEa. Harrezkero, lotura hori hautsi du Eusko Jaurlaritzak. Lehenbizi, ordainari %7ko murrizketa ezarri zitzaion, Patxi Lopez lehendakari zen garaian. Ondoren, ordaina inflazioaren arabera eguneratu du Jaurlaritzak bi urteotan, EAJren agintaritzarekin. Estaldura uneotan gutxieneko soldataren %76 inguru da.

PPkoak, «kezkatuta»

Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak agindu zuen aurtengo lehen hiruhilekoan diru sarrerak bermatzeko errenta arautzen duen legearen proiektua aurkeztuko zuela. Ez du oraindik egin. EH Bilduk onartu zuen lehen hartu-emanak hasi dituela gobernuarekin, akordioa posible den aztertzeko. Elkarrekin Podemosek ez du hitz egin Iñigo Urkulluren gobernuarekin.

PPk ez du begi onez ikusi koalizio independentistaren eta Jaurlaritzaren arteko hurbilketa. Laura Garrido PPko legebiltzarkideak salatu zuen biek «bizkarra eman dietela» errentak eta Lanbidek dituzten «arazo larriei». Garrido «kezkatuta» dago, uste baitu gobernuak jada erabaki duela erreformaren edukia EH Bildurekin adostea. «Konponbideak behar duen kontrako norabidean doa» koalizioa, haren irudiko. Gobernuak ez du PPrekin hitz egin, oraingoz. Atzerapenari buruz galdetuko dio bihar Garridok Artolazabali, legebiltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.