Dudak biharamunerako

Ia inork ez du zalantzan paratu Daniel Ortega berriz ere Nikaraguako presidente hautatuko dutela bihar. Inkesten arabera, 2011ko babes zabala gehiago handituko du. Pronostikoa betez gero, erronka handiei egin beharko die aurre: hazkunde ekonomikoari eusteari, eta AEBen presio kanpaina bati.

Dudak biharamunerako.
mikel rodriguez
2016ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Zalantza gutxi dago Nikaraguan. Argitaratutako inkesten eta uste orokorraren arabera, Daniel Ortegak aise lortuko du presidentetzarako hauteskundeak berriz irabaztea, bihar. M&R Consultores etxeak egin ditu inkesta bakarrak, eta horietan ageri da Ortegak gainditu eginen duela 2011n lortutako emaitza —botoen %62 lortu zituen—. Oposizioko hautagai nagusia, Maximino Rodriguez eskuin muturreko contra gerrillako kide ohia, hagitz urruti ageri da inkestetan —botoen %8 ingururekin—. Irailean sortu zen FAD Demokraziaren aldeko Fronte Zabalak, berriz, «abstentzio aktiboa» egiteko eskatu die herritarrei, hauteskundeak «iruzur bat» direlakoan. Oposizio eskuindarrak nepotismoa eta agintekeria leporatzen dizkio Ortegari, baina ez dirudi herritarren artean behar adinako babesa lortu duenik hautagai sandinista estutzeko. Hortaz, sandinistak, hedabideak eta analistak eztabaidatzen hasiak dira Ortegak astelehenetik aitzinera izan litzakeen erronka nagusien inguruan: hazkunde ekonomikoari eustea, eta AEBek kongresuan prest daukaten presio kanpainari aurre egitea.

Presidenteaz gain, presidenteordea, Asanblea Nazionala (parlamentua) eta Erdialdeko Amerikako Parlamentuko hogei ordezkari Nikaraguako herritarrek hautatuko. Iraultza eta gerra ondorengo aroan (1990etik gaurdaino), Ortegak eta FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak 2007an irabazi zituzten hauteskundeak lehenbiziko aldiz, eta 2011n berriz nagusitu ziren gehiengo osoarekin, bai presidentetzan, bai parlamentuan. Oraingoan, Nikaraguak Irabazi Aliantzan aurkeztu da FSLN, eta ez du arriskuan ikusten azken hamarkadako hegemonia. «Inkesten arabera, nikaraguarren %70 eta %80 artean dago aliantzaren alde», adierazi die Wilfredo Navarro diputatuak berri agentziei. Ziurtasun horren adibide izan da, segur aski, Ortegak eta Rosario Murillo presidenteordetzarako hautagaiak kanpainan parte hartu ez izana. «Gehienbat auzoetan egin dugu kanpaina», azaldu du Navarrok. «Egoera ez dago ekitaldi handiak eta indar erakustaldiak egiteko. Ez dugu horren beharrik, herriak badakielako non dagoen sendotasuna». Gaur bukatuko da hiru eguneko gogoeta epea; ortzegunetik, alderdiek ez dute egin ahal izan ez mitinik, ez kanpaina ekitaldirik, eta CSE Hauteskunde Batzorde Gorenaren erranetara izan dira komunikabideak ere.

Murillo presidenteordea

Nikaragua Irabazi Aliantzak presidenteordetzarako aurkeztutako hautagaia Murillo idazlea da. 1980ko hamarkada hasieratik militante sandinista izan da, baina ezaguna da Ortegaren emaztea delako. «Presidentetzan, Rosario da %50, eta Daniel, berriz, bertze %50», adierazi zuen Ortegak jendaurreko ekitaldi batean, aurten. Murillok politikaren lehenbiziko lerroan izan duen presentziak oposizioa sutu du anitzetan, eta nepotismoa leporatu diote Ortegari. Horrez gain, oposizio eskuindarrak presidentearen aurka egindako bertze akusazio bat da estatuko egiturak FSLNren mesedetan erabiltzea.

Errate baterako, CSE eta Justizia Auzitegi Gorena monopolizatzea leporatzen diote, eta PLI Alderdi Liberal Independentearekin gertatutakoa paratzen dute adibidetzat —oposizioko alderdi nagusia da—. Eduardo Montealegreren eta Pedro Reyesen artean lehia sortu zen alderdiaren buruzagitza hartzeko. Justizia Auzitegi Gorenera ailegatu zen kasua, eta epaileek Reyesi eman zioten arrazoia, joan den maiatzean. Reyes ezezaguna zen Montealegreren aldean, eta Montealegreren aldekoek Ortegari leporatu zioten PLI ahuldu nahi izatea. Auzia ez zen hor bukatu, Reyesek CSEri eskatu baitzion haren boterea onartu ez zuten diputatuak kargutik kentzeko, argudiatuta aulkia alderdiari dagokiola, eta ez pertsonari. CSEk arrazoia eman zion, eta parlamentuak agindua bete zuen —hamasei diputatu eta hamabi ordezko kargugabetu zituzten—. Montealegrerentzat, alderdi barreneko lehia hori Ortegaren «kolpe bat» izan zen, PLI ospe gutxiko hautagai batekin uzteko biharko hauteskundeetarako.

Oposizioaren salaketek nazioartean oihartzuna izan dute. AEE Amerikako Estatuen Erakundeak, AEBek eta Europako batasunak zalantzan paratu dute Nikaraguaren «kalitate demokratikoa», eta AEBak urrutiago ere joan dira, sandinistei presio egiteko lege bat baitute prest.

Krisi bat sortzeko plana

NICA legea izena du Ordezkarien Ganberak onartutako zigor ekinbideak, eta indarrean sartzeko falta ditu Senatuaren oniritzia eta presidenteak jaulkitzea. NICA Nikaraguako Inbertsioak Baldintzatzeko Legearen siglak dira, ingelesez. Izenak izana azaltzen du: indarrean sartuz gero, bi herrialdeen arteko harreman ekonomikoa nabarmen murriztuko litzateke, eta AEBek nazioarteko finantza erakundeetan betoa erabiliko lukete Nikaraguari maileguak oztopatzeko. Sandinisten sendotasunaren oinarri garrantzitsu bat izan da hazkunde ekonomikoa, eta horri esker finantzatu dituen programa sozialak, eta patronalarekin eta sindikatuekin ezarri duen harreman ona. Beraz, NICAk bultzatuko luke Nikaraguan krisi bat sortzea.

Lege horren sustatzailea Latinoamerikako ezkerraren aspaldiko etsai ezagun bat da: Ileana Ros-Lehtinen kubatar jatorriko kongresista errepublikanoa. Ted Cruz errepublikanoen primarioetan lehiatu zen hautagaiaren babesa jaso du, eta legearen erredakzioa Alderdi Errepublikanoko bortz legelarik eta Alderdi Demokratako bertze bortzek egin zuten. Nikaraguak jada ez du Gerra Hotzaren hondarrean nazioartean hartu zuen zentralitatea —AEBek contra eskuin muturreko gerrillak antolatu zituzten FSLN boteretik kentzeko—, baina Txinarekin negozio garrantzitsuak dauzka esku artean, eta Venezuelaren aliatu estua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.