Alemania. Hauteskunde kanpaina

Puzterako, zapuztuta

'Schulz efektua' deiturikoa aste gutxian lausotu da. Hautagai sozialdemokrata estimutan dute alemaniarrek, baina nahiago dute oraingoz Merkel kantzilerrari berriro boza eman.

CARSTEN KOALL / EFE.
Danel Agirre.
Berlin
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Angela Merkelen arrakasta ulertzen ote duen galdetuta, Martin Schulzek «jakina» erantzun zuen, ahots irmoarekin. Alemaniako kantzilerra baino bere ezaugarri hobeagoren bat izendatzeko eskatutakoan, asperen egin, eta luzeegi sumatu zen isiltasuna nagusitu zen, astelehen gauean Berlingo Gorki antzokian eginiko agerraldian. «Barrenak askatzea, pentsatzen dena itzulingururik gabe esatea» gustuko duela botata irten zen trantzetik SPD alderdi sozialistaren hautagaia. Ilunabar osoan publikoaren esku zartarik jaso ez zuen adierazpen eskasetakoa izan zen.

Aurreikuspenak irauli, hauteskunde federalak irabazi eta kantziler bilakatuz gero zer aldatuko lukeen itaundu, eta aipu klasikoa ekarri zuen gogora: «Guztia aldatu beharra dago Alemanian, guztiak berdin jarrai dezan». Giuseppe Tomasi di Lampedusaren XX. mende erdialdeko Il Gattopardo nobelako ahapaldia dela zehaztu zuen. Liburu-denda baten jabea zen Schulz,31 urterekin Wuerselen hiriko alkate bilakatu arte, eta idazleak etengabe erabili ohi ditu akuilu moduan. Filosoforen baten ikasgairik bere eguneroko bizitzan txertatzen ote duen entzule batek jakin nahi, eta, Soren Kierkegaard eta Jean Paul Sartreren pasarteak gogora ekarrita, bizpahiru minutuko berbaldia inprobisatzen asmatu zuen.

Kultur jakituria eta eskarmentu politikoari, Alemanian hain ohikoa ez den hirugarren ezaugarri bat gehitzen dio Schulzek: solaskideak seduzitzeko ahalmena. Karisma. Inkesten arabera, sinpatikoagotzat dute hautesleek Merkel baino. Iragartzen dute gai izango dela sozialdemokratak behingoz bateratzeko ere. Botoa, ordea, fidagarriagotzat duten Merkelentzat gordeta dute, oraingoz.

Macron eta Corbyn ispilu

2013an, Peer Steinbrueck zerrendaburu zuelarik aurkeztu zen bozetara SPD. Finantza ministro zorrotz izandakoa zen, eta alderdiaren joera kontserbadoreena ordezkatzeaz gain, kamera eta mikrofonoekin oso zuen harreman korapilatsua. Hautagai ezin kaskarragotzat zuten komunikabideek, eta historikotzat jo zen jipoia jaso zuen. Aurtengo urtarrilean, Alemania osoko sozialdemokratek euforiaz hartu zuten Schulz Merkelen aurkari izango delako iragarpena. Ordura arteko SPDren presidentea zen Sigmar Gabrielek —hori ere ez oso estimatua— bazter batera egitearekin, irailaren 24erako deitutako hauteskunde federalak irabazi eta gobernu berri bat eratzea benetan posible zela sinesten hasi ziren asko. Herrialde osoko barrutietan, hamar milatik gora militante berrik eman zuten izena martxoa bitartean, 'Schulz efektuari' lotutako oldean. Alemaniako erakunde politiko handiena iratzarri zela zirudien, garai bateko indar erakustaldientzat prest zela. Hauspoak apenas iraun dion ordea bizpahiru hilabete susperraldiari, eta Schulz hautagai perfektuarentzat Steinbrueck hautagai dohakabeak eskuratu zituenen gisako emaitza kaskarrak espero dira dagoeneko.

Bere abizenarekin bataiatutakofenomenoa zapuztu ote den galdetutakoan, bere burua erronkari eta baikor azaltzera behartzen ari da Europako Parlamentuko presidente ohia: «Nik ere ohartarazi nuen Schulz efektuaren arriskuez. Nire errua izan da eduki politiko zehatzak lehenago ez landu izana , horiek aurkeztu nahi dizkiet herritarrei ahitu arte». Eta Frantzia eta Erresuma Batuko bozen adibidea ere baliatu ditu, kanpainak gorabeheratsuak izan daitezkeela ohartarazteko. Jeremy Corbyn eta Emmanuel Macron, biak omen ditu gogoko. Eliseoko maizter berriarekin luze mintzatu ohi dela zehaztu zuen Schulzek astelehenean. Eta Alemaniaren aliatu nagusiarekiko, Frantziarekiko, azken urteetako mesfidantza berandu baino lehen gainditzearen beharra aldarrikatu zuen. Macronek abiatu beharreko erreforma eta inbertsioekin malgutasuna azaldu ezean, Europa ezinbestean zatituko dela aurreikusi zuen Schulzek. Eta bere eskuzabaltasun promesa zailtasunak igarotzen ari diren herrialdeei ere zabaldu nahi izan zien, Grezia barne: «Etorkizuna bermatzeko bazkide sendoak behar ditu Alemaniak, ezin dugu haien hazkundeari trabak ipintzen jarraitu, orain arte egin moduan».

Trumpen aurka, Europa

Bere ibilbide politiko ia osoa —22 urte— Bruselan igaro eta gero, «europazale porrokatu» bezala aurkeztu ohi du bere burua Schulzek. Itun eta erakunde komunitarioen eraberritzea hauteskunde kanpainaren erdian ipini nahi du. Kideen artean zergak harmonizatu eta defentsa bateratzea dira bere proposamenak, besteak beste. Eta Donald Trump AEBetako presidentearen «nartzisismoari» ahots bakarrarekin sendo kontra egitea. Europak ez dirudi, ordea, salgairik aproposena Alemanian bozak eskuratu ahal izateko. Berlingo giro politikoan ahalik eta lasterrena murgiltzea tokatu zaio Schulzi azken hilabeteotan. SPDk maila nazionalean aritu gabeko buruzagi baten aldeko apustua egitea egokiena ote den eztabaidatu duenik ere egon da.

Austeritatearen aurka Europan bakarrik ez, etxean ere jardutea hitzeman du hautagai sozialistak. Azken hamarkadan areagotu den desparekotasunean du jomuga. Aldarrikapen horretan, sinesgarritasun falta egotzi dio Die Linkeko ezkerrak. Lan merkatuaren prekarizazioaren erantzule nagusitzat jo ohi den Hartz egitasmo sorta kantziler sozialista baten eskutik iritsi zen: Gerhard Schroederrek bultzatu zuen 2002an, berdeek sorotsita. Hamabost urte isilik eman, eta orain lege hark eragindako gehiegikeriak konpontzeko agintzea aurpegiratu diote askok. Baita SPDko presidente izendatutakoan Merkelekin ministro moduan hasteari uko egitearen erabakia ere. Gobernu koalizioan ekarpenak egitea baztertu, eta kanpainan buru-belarri murgiltzea lehenetsi zuen Schulzek orduan.

Zentro politikoa aspalditik konkistaturik duen kantzilerraren itzala uxatu ezinik dabil oraingoz Martin Schulz. Die Linkerekin eta berdeekin gobernatzeko gai ikusten den ez du aurreratu nahi izan —inkesten arabera ez delako aukera errealista bat, akaso—. Astelehenean, Gorki antzokiko hitzaldian, Merkelen mamua inoiz baino agerikoagoa zen. Bi astetara, kantzilerra izango da aulki berean eserita hitz egingo duena, eta alboko kaleko etxe batean bizi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.