Afringo desplazatuak

Bi aste dira Turkiak Afrin okupatu zuela. Siriaren menpeko Kurdistango hiri hartan bizi ziren 250.000 lagun ingurumarian babestu dira, eta egoera dramatikoan daude oso.

Kanpalekuak. Hiriaren kanpoladean behin-behineko kanpalekuak egin dituzte herritarrek. AZAD EVDIKE.
Jose Miguel Arrugaeta - Orsola Casagrande
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Sakelakora iristen diren argazkiek zatika kontatzen dute erasotzaileak, hau da, Turkiako Estatuak iragarritako tragedia bat. Hedabide handiek ez ikusiarena egiten dute, eta nazioarteko hainbat gobernu eta erakundek onartu isilbidez, nahiz eta, zurikeriaz, giza eskubideen defendatzailetzat daukaten beren burua.

Duela bi aste eskas, 250.000 pertsonari utzarazi zieten beren hiria: Afrin. Nazioarteko gobernu eta erakundeek beste nonbait jarria zuten foku informatiboa: Ghouta ekialdeko giza krisian, Sirian. Aldi berean, Turkiako armadak —NATOko kidea— eta haren aliatu erradikal islamikoek setiaturik zeukaten elkarbizitzarako eremu baketsu bat, 58 egunez erasoaldi anker baten pean. Azkenean, herria babesteko milizia kurduek, YPGk eta YPJk, erabaki arduratsu bat hartu zuten: hiritik irtetea, gaitz handiagoak eragoztearren; hots, sarraskiak. Hala ere, desplazatuek mezu digitalen edo ahozkoen bidez kontatu eta berretsi dute milizia erradikal islamikoen okupazio indarrek basaki eta ankerki jardun dutela Turkiako armadaren aginduetara.

«Ezin izan dugu ezer ekarri aldean», esan digu Hevik —haren izenak itxaropena esan nahi du—, «hiritik korrika eta presaka irten baikara, gauez, hotzak. Ez dugu ez autorik, ez traktorerik. Nik, senarrak eta gure hiru haurrek bertan behera utzi behar izan ditugu gure etxea eta han hainbeste ahaleginekin eratua genuen bizimodua». Orain, Heviren familia, eta beste milaka desplazatu, Xabhan daude, Afrin hiritik hego-ekialdera, Tall Rifatetik kilometro gutxi batzuetara. «Denda txiki batean egiten dugu lo», erantsi du, «bostok elkarri pega-pega eginda, hotz handia egiten baitu». Dramatikoa da behin-behineko esparruko egoera.

Kamber amca-k —Kamber osaba (adinagatik deitzen zaio horrela)— aspaldidanik du utzia Ingalaterrako bere bizimodu eroso samarra, bere anai-arreba kurduei laguntzearren Rojavan, Kurdistanen, Siria Iparraldeko Federazioan. Amedekoa da Kamber osaba, Diyarbakirkoa (Turkiaren mendeko Kurdistan). «Nire ekarpentxoa egin nahi dut amets hau betetzeko, iraultza hau, bestelako bizimodu eta elkarbizitza eredu bat mamitzeko. Zoritxarrez, ikusten duzunez, asko dira nahi ez dutenak kurduak eta Ekialde Hurbileko herriak bakean bizi daitezen. Oraintxe, erlojupean gabiltza lanean, Afringo gure anai-arrebei sufrimendu eta oinaze handiagorik eragoztearren; baina denetarik falta da».

Gosea eta hotza

Izan ere, Kamber osabak dioenez, dendak falta zaizkie, janaria, ura, arropa… Triste mintzo da: «Jende asko hil da goseak. Eta honaino iritsi direnek kontatu digute bide bazterrean utzi behar izan dituztela beren hilak, eta behin-behinean lurperatu mingranondoen artean».

Delalek dioenez, «milaka haur daude, txiki-txikiak batzuk, eta ura eta jatekoa falta zaizkigu. NBEri eskakizun bat egin diogu, giza laguntza bidal dezan, urgentziaz. Irakeko Kurdistanek 500 denda baino ez dizkigu eman, eta milaka lastaira, baina ez da nahikoa». Silanek, berriz, zera erantsi du ahozko mezu batean: «Autorik edo traktorerik zutenek elkarrekin lo egin dezakete beren ibilgailuetan sartuta, baina hotz handia egiten du oraindik ere, eta ez dugu ez estalkirik eta ez arroparik. Afringo herritar desplazatuek ez dute irten nahi hemendik», behin eta berriz nabarmendu du hori, «sinetsita baitaude etxera itzuliko direla, gaur egun jihadistek okupatuak dizkieten horiexetara».

Etxekoandre bat da Silan, eta haren senar Isakek udal erakunde berrientzat lan egiten zuen. «Haurrak eskolara zihoazen. Nire mundua bertan behera geratu da, eta, egia esateko, neure artean egiten dut ea zergatik ez gaituzten maite... Pentsatu ere ez dut egin nahi zer gertatuko zitzaion nire etxeari, nor ibiliko ote den han, dena txiki-txiki egiten...».

Berehalakoa izan da Rojavako beste hiri eta herrietako mobilizazioa: Azadek berretsi duenez, ehunka zibil iritsi dira Kobanetik, Qamixlitik eta Serekaniyetik, autoak goraino dakartzatela: janaria, ura, estalkiak, haurrentzako arropa… Azad beste zenbait zinemagile, idazle, artista eta intelektualekin joana zen Afrinera, gerraren kontrako arte jardunaldi batzuk sustatzera, lehenago Raqqan egina zuten bezala.

Ezin izan zuten egin kultur jarduerarik, areagotu egin baitziren turkiarren bonbardaketak Afrinen, eta mundu guztiari ezinbesteko bilakatu zitzaizkion beste lehentasun batzuk: zaurituei laguntzea, odola ematea, edateko ura bilatzea eta edozertan laguntzea edonoiz ere. Azadek egunez eguneko argazkiak atera zituen hiri setiatuan.

Erresistentziaren lekukoa

«Ez dakit inoiz, eta nola, onartu ahal izango dudan hainbeste sufrimendu, oinaze...»; hala dio gaur, Serekaniyera itzuli delarik. Izan ere, duela lau urte bere larruan bizi izan zuen bere hiriaren setioa. Bere argazkien bidez jaso nahi izan du Afringoen erresistentziaren lekukotasuna; hiri horretan, harmonian bizi ziren, kurduak ez ezik, arabiarrak, asiriarrak, armeniarrak eta yezidiak ere. Rojavako iraultzaren «harribitxia» bihurtua zen, Estatu Islamikoak gutxien erasana izaki.

Afrinen zegoen, esaterako, kultura ugariren eta hizkuntza anitzen bilgune zen unibertsitate bat, eta nekazaritza kooperatiben mugimendu sendo bat, non erabateko balioa baitzuten emakumeen aholkuek —bekatu larriak fundamentalista guztientzat, ez bakarrik erlijiosoentzat—. Eremu hartako adibideak garbi erakusten zuen posible zela oinarrizko demokrazia bat eratzea, parte hartzailea eta partekatua; horrexegatik, halaber, ezinezkoa zirudien hari ez erasotzeak.

Krimen horren erruduna ez da bakarrik Turkiako Estatua, edo NATOko gainerako kideak —zeinek isilik iraun baitute—, edo Estatu Islamikoa — zeinak parte hartu baitu setioan—. Nazioarteko komunitateak isilik iraun du, eta, zerbait esan duenean, herabeki, berandu eta gaizki esan du.

Milaka desplazatu horien tragedia guztien begien bistan gertatu da: bi aste pasatu dira Turkiako armadak Afrin okupatu zuela, eta, oraindik, NBEk berak ere ez du erabaki ea tragedia horrek «merezi» duen giza hondamenditzat hartua izatea. Milaka pertsona, tartean haur andana, hantxe daude oraindik ere, basamortu eremu hartan abandonaturik, ez urik, ez jatekorik, ez beste inolako laguntzarik ez dutela. Populazio desplazatu oso bat, eta haren «delitu» bakarra: bakean eta harmonian bizitzen ahalegintzea, eta lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.