Katalunia. Meritxell Serret eta Lluis Puig. Generalitateko kontseilariak

«Gero eta zailago dago esatea Espainia barruko arazoa dela»

Deserrian dagoen gobernu bateko kide izanda, eduki ditzaketen aldeak ezkutatu gabe, garrantzi handia ematen diote batasunari. Espainiako Goreneko Llarena epailearen euroagindu eskaera gainean daukate.
MARTXELO OTAMENDI

Martxelo Otamendi -

2018ko apirilak 13
Oraingoz, behin-behinean daude Bruselan, erbesteko gobernuaren kide moduan, lan profesionaletan hasi gabe. Defentsa prestatzea, gobernukide diren aldetik dagozkien lanak egitea, elkarrizketak egitea komunikabideekin, parte hartzea Kataluniako ekitaldietan bideo konferentziaz, bisitak jasotzea... dira agendak betetzen dizkieten zereginak.

Astearte goizero gobernuko kideek bilera egiten dute Waterlooko egoitzan, Errepublikaren Etxea deitzen duten egoitzan. Gutxika urrituz joan da kideen kopurua, Ponsati Eskozian delako eta Puigdemont Alemanian. Presidentea Alemanian dagoenetik, Bruselan geratzen diren hiru kontseilariek hartu dituzte Puigdemonten agendako lan asko.

Senideen eta lagunen bisitez gain, haien alorreko ezagun eta profesionalen bisitak ere jasotzen dituzte, nekazaritza alorrekoak Serretek eta kulturakoenak Puigek. Serret ERCkoa eta Puig JxCatekoa izan arren, haien arteko giroa oso ona da. Elkarriketa asteazkenean eginda dago.

Nola baloratzen duzue Alemaniako epaileen erabakia? Alemanian Puigdemont atxilotzea oso arriskutsua izan zitekeen.

MERITXEL SERRET: Abokatuek hasieratik eman ziguten guri berme handien eskain ziezaguketen estatuen zerrenda, eta Alemania horien artean zegoen, Belgika, Suitza eta Erresuma Batuarekin batera. Garbi utzi behar da Puigdemont ez zela nahita Alemaniatik pasatu atxilo har zezaten. Oso garrantzitsua da epaile alemaniarren erabakia.

LLUIS PUIG: Oraingoz, ondo ateratzen ari da. Epaileek atzera bota dute eskaeraren parte bat, eta ikusiko dugu zer erabakitzen duten diru publikoaren erabileraz.

M.S.: Oso garrantzitsua da, auzian parte hartzen duten beste estatuetako epaileei aurrekari bat sortzen dielako. Politikoki ere bai, estatu horien gobernuek errespetatu egin behar dituztelako auzitegien erabakiak. Eta horrek baldintzatu egingo du estatuek auziaren gainean etorkizun hurbilean har ditzaketen erabakiak.

Gerta liteke Alemaniako justiziak erabaki salomonikoa hartzea, matxinadagatik ez, baina bai onartzea diru publikoaren erabileragatik?

L.P.: Ez dugu uste. Alemaniako epaileek informazio gehiago eskatu diote Llarenari, eta horrek esan nahi du ez dutela argi ikusten; bestela, ez zuketen eskatuko. Zaila daukate argudiatzea gobernu batek erreferenduma egiteko gastatutako dirua bidegabe erabilia izan denik; are zailago, ustelkeria.

Alemaniako justiziak diru publikoarena onartu eta Puigdemont Espainiaren esku utziko balu, horrek oso jota utziko luke deserriko gobernuaren kontzeptua?

M.S.: Aukera hori badago, guk gogor egingo dugu auzitegien bidetik. Guk ere arrisku hori badaukagu. Garbi daukagu bakarren bati hori gertatuz gero besteok segitu behar dugula gurean.

Bi gobernu osagarrien egitasmoarekin ari zarete lanean, bat Katalunian beti 155.aren mehatxupean, eta beste bat Bruselan salaketa eta harreman libreak egiteko?

L.P.: Kataluniakoak oso aukera txikia edukiko du, Espainiako Gobernuak atzerriko ordezkaritzak itxita. Katalunia nazioartean zabaltzeko oso aukera txikia eduki du gobernu berriak, gastatuko duen euro bakoitzagatik baimena eskatu behar badu. Kanpoan egingo dugun guztiak finantzaketa pribatua beharko du.

Zuek biok uko egin zenioten parlamentari aktari?

M.S.: Bai, gehiengo independentistari eusteko. Orduan, egin genuenean, ez zen posible boto delegatua, eta gehiengoa galtzeko arriskua zegoen.

Toni Cominek ez dio uko egin, nahiz askotan eskatu dioten hala egitea.

M.S.: Logikoa da Puigdemontek eta Cominek uko ez egitea. Orain, helburua da bien boto delegatua aktibatzea, eta bi boto horiek erabilgarri izatea gehiengoa osatzeko. Guk ez genuen plazerez egin. L.P.: Boto delegatua ez badute uzten, aukera edukiko dugu salatzeko batzuek ez zutela onartu azken hauteskundeen emaitza.

Begi bistakoa da azken hilabeteotan alderdi independentziazaleen artean dagoen desadostasun giro txarra. Horrek eragina dauka zuengan, bat ERCkoa eta bestea JxCkoa izanda?

L.P.: 1.500 kilometroko aldean desberdintasunak asko leuntzen dira. Lehenengo eta behin, gobernuko kide gara, atzerrian dagoen gobernu bateko kide, eta hori argi eduki behar dugu.

M.S.: Aukera politiko desberdinekoak gara, baina garbi dugu elkarren beharra dugula, eta nor bere aldetik joanda porrotera goazela. ERCkoa bezainbeste naiz gobernuko kidea; ezin ditut bereizi.

Torrent parlamentuburuak bateria jarri dio erlojuari eta bi hilabeteko epea hurbiltzen ari da. Akordioa egongo da, kontuan hartuta hauteskundeak berriz egitea kaltegarria izan litekeela independentziazaleentzat?

M.S.: Gobernua egongo dela seguru nago.

L.P.: Kaltegarria diozu, baina 2.100.000 bototik gora biltzen badituzte alderdi independentziazaleek... Ez da txarra derrigorrez, beti irabazi ditugu, hautetsontziak dira gure tresnarik sendoenak. Ezin dugu esan ez ditugula berriz egin nahi, hauteskundeek ekarri gaituzte honaino.

Baina hazkundea oso txikia izan da azken hauteskundeetan, oso zaila dago igotzea; ematen du aldi honetan sapaia jo duzuela. Botoetan gora, baina portzentajean pixka bat behera.

M.S.: Gora egin badugu, izan da konfiantza sortzea lortu dugulako. Bide horretatik segitu, eta higatu beste estrategian daudenak. Katalunian eta deserrian egingo dugun lanaren ondorioz frogatu behar dugu 155.a babestu zuten alderdiek ez daukatela proiekturik Kataluniarentzat, baina ezta Espainiarentzat ere.

Rajoyren jokaldia zen zuek gehiengoa galtzea abenduaren 21eko hauteskundeetan?

L.P.: Baina gaizki atera zitzaion, irabazi egin genuen eta botoetan gora egin.

M.S.: Porrot egin zuen, eta hurrengoan ere egingo du. Badago nondik hazi, errepublikarena oraindik garbi ikusten ez duen jendea dago era berean Espainiarengandik ezer espero ez duena.

Nola ikusten duzue CUP? Hamarretik laura jaitsi dira.

L.P.: 70 diputatu gara, eta ez daukagu denok berdin pentsatu beharra. Kostako da, baina lortuko dugu akordioa. CUPek bere estrategia dauka, lan bikaina egiten ari dira sektore askotan.

M.S.: Beti esan dugu CUP asko daudela. Haien helburua ez da gobernatzea, eta logika desberdinak dauzkagu. Hamar eserlekurekin zeukaten estrategia ez da laurekin daukatena. Elkarrekin eginda jo behar dugu aurrera, horrela bakarrik ekarriko ditugu herritar gehiago.

Alderdien artean dagoen batasun faltak etsipenera eraman ditzake manifestazioetan «denok elkarrekin» oihukatzen zuten hainbat herritar?

L.P.: Igandean ikusiko dugu berriro manifestazio handi bat, deitzaile askorekin, jendea elkarrekin.

UGTk eta CCOOk bat egin dute igandeko manifestazioarekin. Zein balio ematen diozue?

M.S.: Bi sindikatu horien jokabidea ez da berria. Prozesuan egon diren akordio askotan egon dira, aktibo.

L.P.: Puntu horretan garrantzi handia hartu dute ADIC taldeek [Assemblea Defensa Institucions Catalanes —Kataluniako Erakundeen Defentsarako Asanblea]. 155-aren aplikazioaren ondorioz sortu dituzte erakunde publikoetako langileek, ondorioak gutxitzeko. Asanblea horiek oso aktibo daude, eta esnatu egin dituzte erakunde horietako sindikatuak eta komiteak.

Zuen gobernuko kideek bezala, zuek ere oso denbora gutxian aukeratu behar izan zenuten, deserria edo kartzela?

M.S.: Ez zen horren esplizitua izan. Orain dena argiago ikusten da, baina egun haietan oso dramatikoa izan zen, ez zegoen ezer seguru... Kartzelara joango ginen ez zen seguru, ezta hemen, Belgikan, seguru ibiliko ginenik ere. Egia esan, hona iritsi arte ez ginen abokatu bila hasi, eta erabakiak oso perstonalak izan ziren.

L.P.: Ez genuen pentsatzen kartzelan sartuko zituztenik, hauteskundeak deitu zituzten abenduaren 21erako, eta ez genuen pentsatzen hautagaiak kartzelan egon zitezkeenik.

Kalkuluak huts egin zuen hori gerta ziteenik ez aurreikusita?

M.S.: Nire kasu pertsonalean, nik ez nuen espero horrelako erasoa, kudrelkeria hori... Bagenekien erronka handia zela, aurre egin beharko geniola, indarren desproportzioa... Baina urriaren 1ean buruan geneukan mapa birrindu egin zen. Jordien kartzelatzea...

L.P.: Buelta asko eman genizkion, asko hitz egin genuen gure artean, erabakia azkar hartu beharra zegoen. Bakoitzak bere kalkulua egin zuen, eta kalkulu horren arabera hartu genuen erabakia, beti ere elkarri errespetua adierazita.

Denbora pasatuta, uste duzue erabaki hobea izan dela deserrira etortzea kartzelan sartzea baino, eraginkorragoa?

M.S.: Auzitegiak hartzen ari diren erabakiak hartuta, argi geratu da Espainian ezin duzula ezer egin. Baina bi erabakiak osagarriak dira, batzuk kartzelan egoteak indartu egiten du guk hemen daukagun defentsa estrategia. Helburu bera daukagu, talde bakar bat gara.

L.P.: Mundu guztiak, Katalunian eta atzerrian, onartzen digu hemen bozgorailua daukagula askatasunez hitz egiteko. Denok kartzelan bageunde, gutxiago hitz egingo zen egoeraz. Guk aukera daukagu egiten ari diren agintekeria salatzeko.

Belgika, Suitza, Erresuma Batua, Alemania… deserria bere lana egiten ari da.

L.P.: Gero eta zailago daukate esatea Espainia barruko arazoa dela. Tamaina handia hartzen ari da, eta estatu garrantzitsu asko ukitzen ari da. Alemania bera, Europako potentzia nagusia dago egunotan eztabaidaren erdi-erdian.

Zein da oraintxe zuen egoera juridikoa?

L.P.: Espainiako Goreneko magistratuak euroagindua kaleratu zuela jakin genuenean, polizia judizialean aurkeztu ginen. Epaile instruktorearekin egon ginen, eta erabaki zuen behin-behineko askatasunean uztea. Belgikatik ateratzeko baimena eskatu behar diogu, eta, helbidea aldatuz gero, jakinarazi.

M.S.: Hurrengo egunotan, epailerarengana itzuli beharko dugu, eta prozesua nola egingo duen zehaztu beharko du epaileak. Fiskaltza eta defentsa ere egongo dira, eta euroaginduaren prozesuaz hitz egingo dute, eta ondoren auzi saioa etorriko da.

L.P.: Guk ez dauzkagu ez matxinada, ezta sedioa ere. Guk errebeldia eta diru publikoaren erabilera bidegabea dauzkagu. Diru publikoaren partean, epaileak ustelkeria delitua leporatzen digu, baina Europako legeetan ustelkeri da norberak diru publikoa berarentzat hartzen duenean.

Luzaz ikusten dituzue zeuen buruak deserrian?

L.P.: Euroagindua gelditzea lortzen badugu, urte batzuetarako hemen egongo gara. Orduan hasi beharko dugu gure bizitza beste modu batera antolatzen.

L.P.: Ni ez naiz oso planifikatu zalea. Urratsez urrats joatea eta pentsatzea gustatzen zait. Ikusiko dugu.

Egoera ekonomiko larrian.

M.S.: Kontseilari izan garelako 18 hilabeteko paga bat daukagu, ez dago besterik. Eta ia urte erdia pasatu dugu egoera honetan.

Kontseilari baten soldata da paga hori.

L.P.: Ezta pentsatu ere, askoz gutxiago da!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna