Thomas. BBGko biztanlea

«Betetzea ezinezkoa den egutegi bat inposatu nahi du gobernuak»

ander perez zala
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Hilabete gutxi batzuk igaro behar zituen han, baina, planak aldatu, eta bi urte dira jada Thomas BBG babestu beharreko gunean bizi dela —ez du nahi izan bere izen-abizenak publikatzea—. Parisek ezarritako epemuga amaitu aurretik mintzatu da BERRIArekin.

Zein egoeratan dira negoziazioak?

Ostiralean izan genuen azken bilera. Oraingoz, ez dugu adostu beste bilerarik. Gu saiatu gara gure proiektu kolektiboa prefetari helarazten, haiek emandako testuinguruan, hau da, bakoitzak BBGan duen proiektua azalduz. Prefetak esan digu kontuan hartu duela ostiraleko pausoa eta errepideetatik barrikadak kendu izana, baina erantzun digu ez dagokiola berari erabakitzea zer gertatuko den. Ez dugu konfiantza handirik, askotan saldu baikaitu prefetak. Joan den astean, esan zuen operazioak amaitu zirela, eta hurrengo egunean miaketak izan genituen. Gure mezua da denok prest egon behar dugula, adi egon behar dugula, eta ingurukoei eskatu diegu BBGra hurbiltzeko, gu kanporatzen saiatzen badira.

Ultimatumen artean ari zarete negoziatzen. Jarrera horrekin erraza al da?

Betetzea ezinezkoa den egutegi bat inposatu nahi du gobernuak. Azken hiru egunotan aurrera egin dugu, polizien presentziarekin, gasekin, okupazio militarrarekin. Lortu dugu lan administratibo hori egitea, baina egutegi hori bateraezina da gure proiektuekin. Eta uste dut ez zutela espero ostiralean eman genien informazioa jasoko zutenik. Granaden artean negoziatzea ez da testuingururik egokiena.

Atzo arteko epea eman dizuelehen ministroak zeuen burua legeztatzeko. Zer espero duzue gaurko egunaz?

Gobernuren partetik espero duguna da negoziazio prozesu batean sartzeko aukera, luzera begirakoa, egutegi esturik eta ultimatumik gabekoa. Bilera sorta bat espero dugu, hori nahiko genuke, gure proiektua baieztatzeko, eta egoera honetatik era baketsuan ateratzeko.

Macronek hau esan zuen: «Amaitu den proiektu baten aurka daude han. Orain ez dute han geratzeko arrazoirik».

Urteak dira proiektu horren aurka zeuden pertsonakBBGan daudela eta beren proiektu pertsonalak sortu dituztela. Gure proiektuak bizirik jarraitzen du, eta hura defendatzea dagokigu orain. Gobernuari gustatzen ez zaiona da proiektu kolektibo bat dugula, eta gobernuak nahi du proiektu indibidualak izatea, gero hortik etekinak ateratzeko. Lege esparru batean sartu nahi dugu gure aktibitateen ekosistema, talde gisa. Arrazoi asko ditugu borrokan jarraitzeko; ume asko hemen jaio eta hazten ari dira, esaterako, eta sortu eta eraiki ditugun hainbat gauza hamarkadak iraun dezaten izan dira. Lurralde hau defendatu dutenak dira zilegienak.

Egoera larririk espero duzue?

Gobernuak prozesua hausten badu, posible da hildakoak izatea. Aurrekoan beldurra izan genuen. Gu laguntzera etorri ziren medikuek azaldu ziguten egun horretako zauriak hilgarriak zirela. Gobernuak era militarrean ekiten badio, ziurrenik azken aldikoa baino okerragoa izango da egoera, eta ez dugu baztertzen hildakorik izatea. Baina, noski, guk ez dugu nahi hori gertatzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.