Gazaren osasuna, «kolapsatuta»

'Itzuleraren Martxa Handia'-ren eta Israelen sarraskiaren ostean, gainezka egin du palestinarrak artatzeko sistemak, eta kanpoko laguntza behar dute horri aurre egiteko.

Mahmud abu-Reix Itzuleraren Martxa Handia-n zauritu zuten. Irudian, Gazako ospitale batean. M. SABER / EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Otsailean eman zuten abisua mundu osoko 80 bat GKE gobernuz kanpoko erakundek: «Palestinako egoera inoiz baino ernegagarriagoa da». GKE-ek salatu zuten palestinarrak gero eta pobreagoak direla ekonomikoki, eta gero eta indarkeria handiagoa pairatzen dutela giza eskubideen alorrean. Martxoaren 30ean eta hilabete pasa iraun duen ItzulerarenMartxa Handia protesta sortaren aurretik iritsi zen ohartarazpen hori; epe horretan, Israelgo armadak 114 palestinar hil eta 13.000 inguru zauritu zituen. Egunik latzena maiatzaren 14a izan zen, Ameriketako Estatu Batuek Jerusalemen enbaxada ireki zuten eguna. Militar israeldarrek 60 palestinar hil eta 2.700 inguru zauritu zituzten, Gazako osasun iturrien arabera. Gertakari horiek guztiek «hankaz gora» jarri dute berriro ere Gazako herritarren bizimodua, eta larria zena are larriago bilakatu. Horren guztiaren lekuko izan da Aloña Zubizarreta erizain azpeitiarra: «Palestinarrak nahiko gogogabetuta daude, blokeoaren eraginez ez daudelako egoera errazean». Lau urtean izandako unerik odoltsuenak bizi ostean, Gazak laguntza beharrezkoa du, batez ere osasunaren alorrean, sistema «kolapsatuta» baitago.

Zubizarreta bi hilabetean behin astebetez izaten da Gazan, eta haurrentzako lan ortopedikoez arduratzen da, Munduko Medikuak GKEarekin; ordea, azken aste hauetakoak ikusita, hara «laster» itzultzeko asmoa du. «Ez dugu ortopedia proiektua utzi nahi, baina ikusten dugu larrialdia dagoela han, eta taldeak antolatzen ari gara aste honetan edo hurrengoan joateko, zaurituak artatzera», adierazi dio BERRIAri Jerusalemdik. Gazan, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 1,42 mediku dago mila biztanleko; Israelek, esaterako, bikoitza du, 3,4 mediku mila biztanleko.

Kontua argia da, eta larria: osasun sistema gainezka dago, batez ere azken asteotako gertakarien ondorioz. Horregatik, Zubizarretak arreta jarri du bere ustez beharrezkoa den irtenbidean: nazioarteko babesari eustea. «Gazako ospitaletan, batzuetan 24 orduko guardiak egin behar dira; hain justu, duela gutxi horretaz aritu nintzen han dagoen mediku batekin. Izan ere, kanpoko laguntzarik gabe, ezin dute aurrera egin».

Laburbilduz, palestinarrak «guztiz gaindituta» daude. «Haiek ere gastuak dituzte: onkologiakoak, erditzeak, eguneroko gaixoenak, eta beste hainbat. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko buruzagiak esan zidan bezala, Mendebaldeko osasun sistema batentzat zaila izango litzateke honi aurre egitea, gerrako egoera delako. Gazan daukatenagatik, guztiz gaindituta daude», ohartarazi du erizainak. Nabarmena da azpiegitura falta: material «asko» falta da, ebakuntzetarako materiala, esaterako, eta botikak. «Premia benetan larrian daude».

Zubizarreta duela hiru urte iritsi zen Palestinara, eta Jerusalemen bizi da harrezkero. Handik joaten da Gazara, eta Gazatik Jerusalemera itzultzen da, astebete egon ostean: «Jerusalemdik, inpotentzia handia sentitzen dut, batik bat ikusten dudalako zer-nolako aldaketak eragiten dituen herrialde batzuetan munduko gobernuek hartzen duten erabaki batek. Aldaketak, gainera, txarrerako izaten dira. Jerusalem desberdina da; distantzia batetik ikusten da dena, eta ezin dugu konparatu Gazarekin. Nik hunkituta bizi dut hango egoera, eta askotan pentsatzen dut noraino irits daitekeen gizakiaren deshumanizazioa».

Horregatik, erizainak oso garrantzitsu deritzo formakuntzan arreta jartzeari. «Ezin direnez Gazatik atera, haientzat ikasketak garrantzitsuak dira; ondorioz, atzerritik eman dezakegun hori guztia oso ondo etorriko zaie. Batik bat, osasun sistema hobetzeko».

Hamaika erronka eta arazo

Osasunarekin loturiko arazoez gain, palestinarrek beste hainbat erronka eta arazori aurre egin behar diete: langabezia tasa %42koa da, eta pobrezia tasa %39koa, esaterako. «Argi daukat palestinarrei lagundu egin behar diegula barruko sistema hobetzen. Garbi dago beren egoeratik ezin dutela atera, eta zail dutela gauza pila egitea. Ahal den neurrian, eta GKEen aldetik, lagundu egin behar dugu: laguntza medikoa, botikak, materiala eta beste hainbat produktu emanez».

Elektrizitate mozketak ere arazo handia dira. Duela gutxi, palestinarren esku geratu da arlo hori, baina arazoa lehenagotik dator. «Ikaragarriak izan dira; egunean sei eta zortzi ordu artean dute soilik, eta guzti horrek areagotu egin du larritasuna ». NBEren arabera, erdiak baino gehiagok ez du argindarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.