Katalunia. Masen proposamena A-9aren ondorenerako

Masek boz plebiszitarioetarako proposamena aurkeztu die alderdiei

Zerrenda bakarra osatzeko eskatu die alderdi independentistei, behin bakarrik aurkeztuko liratekeen hautagaiekin.

Gehiengoa lortuz gero, 18 hilabetera estatuari buruzko erreferenduma egingo lukete
Masek berak idatzitako hitzaldia eman zuen Bartzelonan, Forum auditoriumean, eta ez zuen gobernuaren edo alderdiaren izenean hitz egin.
Masek berak idatzitako hitzaldia eman zuen Bartzelonan, Forum auditoriumean, eta ez zuen gobernuaren edo alderdiaren izenean hitz egin. TONI ALBIR / EFE

Samara Velte -

2014ko azaroak 26
Azaroaren 9ko galdeketa iragarri zuenean emandako hitza betetzeko asmoa du Artur Mas Kataluniako presidenteak: bozketan azaleratutako aspirazio independentistari bide emateko, hauteskunde plebiszitarioetara deitzeko prest dago. Hala jakinarazi zuen atzo iluntzean Bartzelonako Forum auditorioan egindako agerraldian. Despres del 9N: Temps de decidir, temps de sumar (A9aren ostean: erabakitzeko garaia, batzeko garaia) izenburupean, Masek berak idatzitako hitzaldia eman zuen.

Generalitateko presidente gisa egin duen «hausnarketa pertsonala» dela jakinarazi du, eta ez duela alderdiaren edo gobernuaren izenean hitz egin. Dena den, Generalitateko kontseilari guztiak izan dira ekitaldian, baita beste alderdietako hainbat ordezkari eta Ara es l'hora kanpaina independentistako erakunde nagusietako buruak ere.

«Hauteskundeak aurreratzea ez da nahi nukeen irtenbidea», azaldu dio Masek 3.000 ikuslez betetako aretoari: «Baina Katalunia ez dago egoera normal batean». Madrildik autonomia handitzeko negoziazio oro ukatuta, erreferenduma eta balio juridikorik gabeko galdeketak debekatuta, eta, orain, gobernuko presidentea eta bi kontseilari judizialki jazarrita, Generalitateari «azken aukera» geratzen zaio: independentziari buruzko galdeketari hauteskunde itxura ematea. «Erreferendumak eta kontsultak Estatuaren borondatearen menpe daude, baina hauteskundeak gure esku bakarrik daude; definizioz, legezkoak dira, eta ezin dizkigute debekatu».

Horretarako, baina, hainbat baldintza jarri dizkie gainerako alderdi subiranistei, eta «eskuzabaltasuna» eskatu die guztiei. «Alderdiek eta gizarte zibilak bihurtuko dituzte hauteskundeak galdeketa». Bestelako bideetatik egin ezin izan duten erreferenduma ordezkatzeko ez badira, ez ditu aurreratuko: «Gobernua edo eserlekuen banaketa aldatzeko bada, ez ditut deituko. Kasu horretan 2016 amaieran egingo genituzke, dagokionean».

Emaitza erreferendum batekin parekatu ahal izateko, «galdera edo programa zehatz» bat planteatu behar dela defendatu du Masek. «Ezin da zalantzarik sortu bozkatzen ari garenari buruz; bestela, gero emaitza eztabaidatuko dute, eta azkenean baliogabe jo». Independentzia babesten duten alderdi guztiei zerrenda bakarrean biltzeko gonbidapena egin die, «aurretiko baldintza pertsonalak» alde batera utzita.

Alderdiek proposatutako kideek ez ezik, gizarte zibileko erreferenteek eta adituek osatuko lukete zerrenda hori, eta aldi horretan bakarrik aurkeztuko lirateke: «Herrialdeari zerbitzua emateko ekintza bat izango litzateke, eta behartuta leudeke ez errepikatzera». Hauteskunde horietatik irtendako gobernuak gehienez ere urte eta erdiko agintaldia beteko luke, eta 2016 amaierako bozetara berriro alderdietan banatuta ailegatuko lirateke guztiak. Tarte horretan, Estatu berria sortzeko negoziazioak abiatu eta egiturak sortu behar lirateke; besteak beste, Kataluniako Konstituzioa litztekeena. Urte eta erdiko agintaldia amaitutakoan, berriro bozetara deituko luke gobernuak, eta, aldi berean, Kataluniako Estatu berria berresteko erreferenduma egingo luke. «Ekintza bakar eta bikoitz horren bidez, erabakitzeko eskubidea gauzatuko luke Kataluniako herriak».

Prozesu horretan egin beharreko sakrifizioak aipatuta, bi konpromiso hartu ditu presidenteak: alde batetik, ez da 2016ko bozetara aurkeztuko prozesu osoa burura heltzen bada; bestetik, prest agertu da datorren urteko zerrenda horren buru ez egoteko.

ERCk dioenaren zain

Masek ez du datarik zehaztu hauteskundeetara deitzeko: «Lehenbizi, ikusi beharko da herrialde honen etorkizun politikoa erabakitzeko bozak nahi ditugun, eta jakin beharko dugu gero zer eta nola egiten dugun. Aldi berean, bidea prestatu beharko da bozketan baiezkoak irabaz dezan». Mezu argia igorri die gainerako alderdiei: tratua onartzeko prest badaude soilik jarraituko du presidenteak proposatutako bide-orriarekin.

Arreta nagusia ERCrengan dago orain. Alderdiko zuzendaritzak Masekin zeukan harremana nabarmen hoztu da hark A-9arekin bere kabuz jarraitzea erabaki zuenetik, baina subiranisten arteko konfrontaziorik ere ez du nahi. Alderdiko bi kargudun gorenak, Oriol Junqueras presidentea eta Marta Rovira idazkari nagusia, Masen agerraldian izan ziren atzo.

Junquerasek esan izan du alderdia prest legokeela hautagaitza bateratua aurkezteko, baldin eta bozak irabazi osteko urratsak eta epeak aldez aurretik zehaztuko balituzte eta batasuneko gobernuak estatu independente bateko gobernu gisa jardungo balu lehenbiziko egunetik. UDCrekin aliatzeko aukerari, ordea, uko egin izan dio, «bistako arrazoi ideologikoak» direla medio; horrek CiU banatzera behartuko luke. Beste alde batetik, alderdiak badaki hauteskundeak irabazteko aukerak dauzkala bere aldetik aurkeztuz gero. Atzo bertan, Masen hitzaldiaren ostean, jakinarazi zuten Junquerasek datorren asteartean egingo duela agerraldia.

ANC Biltzar Nazional Katalanak, berriz, datorren larunbatean jakinaraziko du bere jarrera ofiziala. Kataluniako mugimendu zibil independentista nagusiak batasuna eskatu die orain arte alderdi politikoei, eta gobernuko presidentea estutu du hauteskundeetara beranduenez hiru hilabete barru deitzeko. Astelehenean jendez bete zuen Bartzelonako Sant Jaume plaza, boz aurreratuak eskatzeko eta A-9arengatik kereila jarri dieten Mas, Joana Ortega presidenteordea eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariari elkartasuna adierazteko. Enric Garcia ANCko kideak «erabateko batasuna» eskatu zien talde politikoei: «Eta zerrenda bakarrarekin baldin bada, are hobeto».

Alderdi txikien errezeloa

A-9a babestu zuten gainerako alderdiek ez dute buruzagirik bidali Masen agerraldira, ezta UDC koaliziokideak ere. CUPek zuzenean hauteskundeetara deitzeko eskatu dio presidenteari, «agintaldia agortuta dagoelako azaroaren 10az geroztik». Zerrenda bakarraren aurka agertu da hasieratik, eta Isabel Vallet diputatuak ere horri eutsi zion atzo, Masen hitzaldiaren aurretik: «Batuketa batzuek galera dakarte».

Hasierako taldetik gehien urrundu dena ICV-EUiA izan da. Masek bere plan alternatiboa aurkeztu zuenetik, Joan Herreraren alderdia balantzaka ibili da alde batera eta bestera: hasieran esan zuen ez zuela galdeketan parte hartuko; gero, «bai-ez» bozkatuko zuela. Orain kanpaina egitea egotzi dio gobernuari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna