Dragoia atzeko atetik sartu da

Bere hazkundea elikatzeko behar dituen lehengaiak ziurtatzeko, Latinoamerika bilakatu da Txinaren inbertsio hartzaile nagusia, Asia ekialdearen ostean. Merkataritza harreman desorekatua sortu da, ordea, bien artean, eta Latinoamerika Txinaren finantzaketaren menpeko geratu da.

Joxerra Senar -

2015eko urtarrilak 15
Mespretxuz, Ameriketako Estatu Batuek atzeko patioa deitu izan diote Latinoamerikari. Urte luzez, mundu osoan bere nagusitasun ekonomikoari ezein herrialdek itzal egin ez badio, zer esanik ez kontinente amerikarrean. Gaur-gaurkoz, AEBek 850.000 milioi dolarreko merkataritza tratu erraldoia dute hegoaldeko bizilagunekin, nahiz eta egun herrialde horietan agintzen duten gobernuetariko asko ideologikoki Etxe Zuriaren kontrako izan. Alta, azken hamarkadan, ia oharkabean arerio bat sartu zaie AEBei atzeko atetik, patiotik. 2000ko hamarkada hasieran, Txinaren presentzia Latinoamerikan ia hutsaren hurrena zen; gaur, berriz, AEBen atzetik kontinenteko bigarren merkataritza bazkide da.

Aspaldidanik, Txinaren hazkunde ekonomikoa kanpo merkataritzan oinarritua izan da. Haren eragin eremua batez ere Asia ekialdea izan da, baina inoiz ez dio muzin egin munduko beste eskualdeetara zabaltzeari. Hala egin du azken hamarkadan Afrikan, eta hala egin du Latinoamerikan. Kontinente amerikarraren kasuan, 1997an, Panamako kanaletik igarotzeko lehen baimena jaso zuen, eta, 2000n, Munduko Merkataritza Merkatuan sartzeak bultzada eman zien esportazioei.

Hasieran, gobernua alde biko merkataritza akordioak lortzen saiatu zen Amerikan. 2004an, Hu Jintao orduko presidenteak hainbat bidaia ofizial egin zituen kontinenteko herrialde nagusietara: Argentina, Brasil, Txile eta Kubara. Goi mailako presentzia politiko hori harreman ekonomiko handiagoen abiapuntua izan zen: 2005etik 2013ra Txinaren eta Latinoamerikaren arteko merkataritza harremanak %27 handitu dira urtero, BBVA bankuak egindako barne azterketa baten arabera. Erritmo handi horren ondorioz, gaur egun bi aldeen arteko merkataritza tratua 250.000 milioi dolarrera heltzen da.

Txinaren xedea, bikoiztea

Txinak ez du hor geratu nahi. Lotura ekonomikoak sendotzeko asmoz, alde biko akordioak ez ezik, alde askotariko merkataritza akordioak ere egiten ari da. Hugo Chavez Venezuelako presidente ohiaren ekimenez, 2011ko abenduan Celac Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Elkargoa sortu zen. AEBak eta Kanada salbu, Amerikako 33 herrialdek osatzen dute elkargoa, eta, iragan astean, Celac eta Txinaren arteko lehen foroa antolatu zuten Pekinen, bi eremuen arteko elkarlana sustatzeko asmoz. Bertan iragarri zuen Xi Jinping Txinako lehendakariak bere helburua: hamar urteren buruan, merkataritza harremanak bikoiztu nahi dituzte, 500.000 milioi dolarrera heltzeko; gainera, gaurdaino Latinoamerikan egindako 100.000 milioi dolar inguruko inbertsio zuzenari bultzada handiagoa eman nahi diote 250.000 milioi dolarrera heltzeraino.

Txinaren anbizioak AEBen mesfidantza eragin du ezinbestean. Oraindik ere AEBek alde handia ateratzen diote Txinari, eta Latinoamerikaren bazkide komertzial nagusi izaten jarraitzen dute, baina joera esanguratsua da: Txinak hamarkada batean 20 aldiz handitu ditu bere erlazio ekonomikoak Latinoameri- karekin, eta AEBek, aldiz, soilik hirukoiztu egin dituzte erlaziook. Begirada analitikoa gerturatuz gero, ordea, joera kezkagarriagoa da AEBen ikuspuntutik: Mexikorekin ez beste gainerako herrialdeekin kanpo merkataritza txikitu egin zen 2003an.

AEBen erreakzioa beranduegi dator. Erraldoi estatubatuarrak ez du zaindu hegoaldeko bizilagunekin harremanak hobetzea, eta hark utzitako hutsunea baliatu du Txinak. «Ameriketako Estatu Batuek Latinoamerikarekiko arreta galdu dute, eta eremu hori estali du Txinak azken bost urteetan, haren inbertsioak handituz lehengaien arloan», zioen Alejandro Grisanti Barclays bankuko ikerketa departamenduko buruak BBCri.

Kuba eta Ameriketako Estatu Batuen arteko gerturatzearen atzean, mehatxu txinatarraren itzala nabari dute zenbait analistak. Ekonomikoki beharbada, Kubarekiko gerturatzeak ez du berehalako aldaketarik ekarriko AEBentzat. Hala ere, garrantzi politikoa handia duen heinean, baliteke kontinentera begira joera aldaketa baten seinale izatea, Txinak irabazitako tartea berreskuratzeko asmoz. Txinak, berriz, garrantzia kendu nahi die AEBen mesfidantzei. «Txinak eta Ameriketako Estatu Batuek Latinoamerikarekin dituzten harremanak bateragarriak dira, eta elkarren arteko aberastasuna eta aurrerapena laguntzen dute, hala eskualdean nola mundu osoan».

Txinaren presentzia gero eta handiagoak mesfidantza eragiten du ere Latinoamerikan bertan. Izan ere, haren eragin ahalmena handitu ahala, gero eta handiagoa da Txinarekiko herrialde batzuek duten menpekotasuna. AEBen inperialismoaren edo iragan mendeetako europar kolonialismoaren aldean, Txinak menperatzailearen konnotazio oro saihestu nahi du, eta bere zabaltzea ikuspuntu pragmatiko huts batera mugatu nahi du. Alta, ikuspuntu horrek batik bat Txinaren interesei erantzun die, eta ez du balio izan Latinoamerikako herrialdeen egitura ekonomikoa eraldatzeko, alderantziz baizik.

Lehengaiak jomugan

Txinari, batik bat, Latinoamerikako baliabide naturalak eta lehengai energetikoak interesatzen zaizkio: laburbilduz, Argentinako soja eta haragia, Txileko eta Peruko kobre eta mineralak, Ekuador eta Venezuelako petrolio eta meategiak, eta Brasilgo burdina. Txinara esportatutako %75 lehengaiak izan dira, eta gainerakoa industria arloko produktuak. Azken hamarkadan, lehengaien salneurrien eztandaren itzalean, erlazio komertzialen eredu hori sendotu egin da, eta Latinoamerikako herrialdeek ez dute diru hori baliatu lehengaiekiko menpekotasunetik aldendu eta euren industrializazioa indartzeko. Orain, lehengaien merkatuan ziklo aldaketa nabari den honetan, arazo ekonomiko handien atarian egon daitezke.

Kevin Gallagher ekonomista estatubatuarraren ustez, azken hamarkadan Txinak berak baldintzatu eta eragotzi du Latinoamerikako industrializazioa. Alde batetik, Txinaren inbertsioak bere interes estrategikoetara mugatzen dira; batik bat energiara, meatzeetara eta merkantziak garraiatzeko azpiegituren arlora. Bestetik, bere produkzio kostu merkeek kalte handia egin diote garapen teknologiko urriko Latinoamerikako industriari, eta esportazioen arloan tartea jan die Txinak Latinoamerikak esportatzen dituen hamar produktuetatik bederatziri.

Arazo horrek batik bat Mexikori eta Brasili eragiten die. Adibidez, sektore elektronikoan, 2000. urtean Txinak munduan saldutako ordenagailuen %6 ekoizten zituen, eta Mexikok, aldiz, %4,6. Hamar urte geroago, Txinak bi ordenagailutik bat ekoizten du eta Mexikoren merkatu kuota %3,5era jaitsi da. Hala, herrialdeok kezka dute, nahiz eta modu pribatuan azaldu. Wikileaks-ek kaleratutako kable diplomatiko baten arabera, Neil Davila Mexikoko garapen ekonomikorako agentzia bateko buruak hala aitortu zuen: «Ez dugu izan nahi Txinaren hurrengo Afrika. Gure garapenaren jabe izan nahi dugu».

Zenbait sektorek iradoki dute baliabide naturalen truke kontinentearen garapenean inbertitzera behartu beharko luketela Txina, baina nahi horiek gauzatzen ez diren bitartean, Txinak tinko eta oso azkar jarraitzen du bere bidean, eta baliabide naturalak ustiatzeko oso baliagarri zaizkio Latinoamerikako zenbait herrialderen finantza beharrak. Hainbeste ezen kontinenteko finantzatzaile nagusi bihurtu den Txina, Nazioarteko Diru Funtsaren edo Munduko Bankuaren aurretik.

Ekuador eta Venezuela dira menpekotasun horren adierazle argienak. Biak dira petrolio ekoizle eta biek dituzte kapital merkatuak itxiak. Txinak, petrolioaren truke, 2005. urtetik hona 50.000 milioi dolar mailegatu dizkio Venezuelari eta 10.000 milioi dolar Ekuadorri. Ez Ekuadorrek ez Venezuelak ez dute baliatu iragan hamarkadako petrolio upel garestia euren baliabide naturalekiko menpekotasuna hausteko, eta orain, urre beltza merkatu ahala, desoreka makroekonomikoak azaleratu dira. Merkatuetan defizit publikoa finantzatzeko modurik ez dute, eta iraganeko esperientziak gogoan, NDFri finantza laguntza eskatu aurretik Txinarengana jo dute diru eske.

Galapagoak, berme gisa

Celaceko foroaren atarian, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak 23.000 milioi dolarreko mailegua sinatu zuen Txinarekin. Rafael Correak Ekuadorko presidenteak, berriz, 5.300 milioi euroko inbertsio plan bat izenpetu du. Era berean, Galapago uharteak jarri ditu berme gisa, eta zor hori ordaintzeko gai ez balitz, Txinaren eskuetan amaituko luke Ekuadorren altxor natural nagusietako batek.

Izan ere, finantza laguntza inoiz ez da musu truk, izan NDF maltzurra edo izan Txina aliatua. Txinak lehentasunezko akordio estrategikoak eskuratzen ditu, baina bere baldintzek letra txiki ugari dituzte. Adibidez, uztailean Argentinak 7.000 milioi dolarreko inbertsio plan bat izenpetu zuen Txinarekin eta 11.000 milioi dolarreko truke bat pesoaren eta yuanaren artean. Akordio horrek behartzen du Argentina azpiegituren obra enpresa txinatarren esku uztera, lizitaziorik egin gabe, eta lan horietarako Txinatik langileak ekarriko ditu.

Protestak, ordea, ugaritzen ari dira. Bere eragin ahalmena handitu ahala, Txinaren inbertsioek gero eta polemika handiagoa eragiten dute gizartean. Gobernuek diruari eta inbertsioei ongietorria egin diote, baina dragoiaren hatsa gero eta nabarmenagoa da Latinoamerikan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Joxerra Senar

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna