Saleh Muslim. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko presidentekidea

«Turkiaren Siriako inbasioak Raqqa askatzea galaraztea du helburu»

Siriako gerrako aldeek ez dute onartzen Rojavan aldarrikatu duten eskualde autonomoa. Haatik, kurduak oso kontuan hartzen dituzte, gaitasun militar handia erakutsi dutelako, eta administrazio multikulturala eratu dutelako.

Saleh Muslim, Iruñera 2014ko martxoan egin zuen bisitan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Orsola Casagrande Jose Miguel Arrugaeta
2016ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Saleh Muslim (Kobane, Rojava, 1951) PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko presidentekidea da, Asiah Abdullahekin batera—Rojavako erakunde guztiek bi presidente dituzte, emakume bat eta gizon bat—. Rojava eskualde autonomoko alderdi nagusia da PYD. Atsegina da Muslim; kazetariak hartzeko prest dago beti, nahiz eta konpromiso ugari izan. Lasai hitz egiten du, eta ez da sekula aztoratzen; hitzak neurtzen ditu, errespetuz hitz egiteko.

Zein da egungo egoera militarra Rojavan?

Turkiak Jarabulus inbaditu ondotik gauzak aldatu dira. Alde batetik, SDF Siriako Indar Demokratikoak miliziak, Jarabuluseko Kontseilu Militarra eta Manbijeko Kontseilu Militarra daude. Beste alde batetik, Turkiako armada. Tartean nazioarteko hainbat eragile daude, eta saiatzen dira bi aldeen arteko borrokak eragozten.

Ikuspegi orokorrago batez begiratuta, Turkia Rojavari ari zaio eraso egiten mugaldetik. Kobaneren, Qamixliren, Mamhuderen, Deriken eta Afrinen kasuak dira. Azken hiri hori bonbardatu zuen Turkiako armadak orain dela egun gutxi, eta YPGetako [Herriaren Babeserako Unitateetako] lau miliziano eta beste talde aliatu bateko bi pertsona hil zituen. Aldi berean, hegoaldetik Daex [Estatu Islamikoaren arabierazko akronimoa] ari zaigu erasotzen Manbijen, Kobanen, Xeddaden eta Al-Hasakan. Egunero izan ohi dira borrokak eta erasoak.

Daex logistikoki lagundu ostean, Turkiak azkenean erabaki du gatazkan zuzenean parte hartzea, eta Jarabulus hartu eta Sirian sartu da. Zure ustez, zergatik aldatu du jarrera?

Turkiak beti eduki ditu planak Siriako matxinadan; «plan demografikoak» deitu genitzazke kurduen lurraldeari dagokionez, hau da, Rojavako kurduak deuseztatzea. Kurduekiko fobia horrek bultzatu du Turkia Daex-ekin eta beste talde jihadistekin aliantzak egitera. Turkiak ez du nahi Rojavako kurduak autonomoak izan gaitezen autogobernu sistema demokratiko baten bidez. Kurduek haien aliatuak garaitu zituzten Kobanen, eta orain dela gutxi Manbijen. Ondorioz, beldur ziren Estatu Islamikoa garaituko ote zuten Jarabulusen, eta, horregatik, erabaki zuten lurralde hori okupatzea. Turkia konturatu da talde horiek ezin dituztela kurduak garaitu, eta horregatik erabaki dute zuzenean esku hartzea.

Zeintzuk lirateke, orduan, Turkiako Gobernuaren helburuak?

Lehenik eta behin, lurraldeak okupatzea, Turkiak nahi duelako talde jihadistek eremu seguruak izan ditzaten haiek nahi dituzten aldaketak bultzatzeko. Bigarrenez, Raqqa askatzea galarazteko; Daex-ek aldarrikatutako kalifa-herriaren hiriburua da. Esan beharra dago Raqqa askatzeko planak badaudela; nazioarteko potentziak eta YPGak nahastuta daude lan horietan. Turkiako indar armatuek hasi duten operazioarekin lortu dute Daex-en aurka borrokatzen duten indarrak lanpetzea, eta, aldi berean, Raqqa kanpoko eremuekin komunikatzen duen korridorea irekita mantentzea.

Orduan, zergatik erantzun dio horren epel nazioarteak Turkiaren esku hartze zuzenari?

AEBak eta Errusia superpotentziek beren interes politikoak eta helburuak dituzte. Siriaz gainera beste arazoak ere badituzte, eta kurduen auziak ez ditu kezkatzen. Nolabait onuren eta galeren arteko oreka bati eusten saiatzen dira. Ez dirudi gatazka honetan nahastu diren guztiek Daex suntsitzeko asmoa dutenik. Izan ere, zenbaitzuek Estatu Islamikoa bizirik egotea behar dute, helburu militarrak lortzeko erabiltzeko. Turkia nazioarteko potentzia horientzat aliatu garrantzitsua da. Turkiako presidente [Recep Tayyip] Erdoganek ondo daki hori, eta xantaia egiteko erabiltzen du. Turkiaren subiranotasunaz hitz egitea asko gustatzen zaio Erdogani, baina gainontzekoena mehatxatu egiten du.

Nazioarteko potentzien eta zuen arteko harreman politiko eta militarra aldatu al da Turkiaren esku hartzetik?

Ez, ez da aldatu. Harreman onadugu oraindik ere, Daex-en aurka borroka egin behar dugulako. Guretzat, Estatu Islamikoaren aurkako borroka hil ala bizikoa da, kurduak bezala gure izatea mehatxatzen dutelako. Borroka hori jarraitu behar dugu, eta saiatzen gara Daex-en aurka borrokatzen duten guztiekin harreman ona izaten.

Testuinguru konplexu horretan, Baxar al-Assaden gobernuarekin harremanak izan al dituzue?

Siriako erregimenarekin ez dugu hartu-emanik. Gerra hasi zenetik jarrera bera izan dugu: erasotzen ez bagaituzte, ez dugu Siriako armadaren aurka egiten, nahiz eta defendatzeko eskubideari eusten diogun. Esan beharra dago ez dela askotan gertatu. Izan ere, urruti gaude distantziari dagokionez, eta ez gara Damaskora joango Al-Assaden aurka egitera.

Nire ustez, erregimena orainharremana ehuntzen ari da Turkiarekin eta Iranekin, kurduen aurka egiteko, eta hori oso arriskutsua da. Badago kurduen aurkako aliantza antzeko bat. Turkiaren inbasioaz ustez erregimenak ez zekien ezer. Baina Al-Hasakako borrokak eta Jarabulusekoak une berean gertatu ziren, eta horrek pentsarazten digu koordinazioa egon zela haien artean.

Eta Rojavaren eta Hego Kurdistanen arteko harremanei dagokionez?

Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoak bere interesak ditu, Turkiako Gobernuarekin ere. Noski, eskualdeko gobernuko indar guztiek ez dituzte interes berberak. Hainbat alderdi daude;PUK Kurdistango Batasun Patriotikoa, Gorran eta PDK Kurdistango Alderdi Demokratikoa. Massud Barzanik gidatzen du PDK, eta ongi ulertzen da Turkiarekin. Haren eskuetan dago Kurdistan Hegoaldeko Gobernua, eta setiopean gaitu. Ez gaitu militarki erasotzen, hori Ankararekin koordinatzen du, baina gure bizimodua nekezago egiten du. Halere, desberdindu beharra dago eskualdeko gobernua, eta Barzaniren PDK. Gure eta PDKren arteko harremana ez da batere ona.

Zein da Alepoko kurduen egoera?

Milizia bat dugu Xeik Masud auzoan bizi diren kurduak babesteko. YPGen milizia txiki bat da. Egunotan ez dute kurduen aurkako erasorik egin. Espero dezagun horrela jarraitzea.

Gatazkako indarrek zergatik diote beldurra zuek praktikan jarri duzuen eredu politikoari, sozialari eta kulturalari?

Galdera ona da. Ez dut uste, oro har, guztiek beldurra diotenik eredu horri. Ekialde Hurbilean aritzen diren indarrek, bai, ordea.

Inguru honetan erregimen despotikoak daude, ez dago demokraziarik eta oinarrizko askatasunak etengabe urratzen dituzte. Arazo asko daude, eta guk Rojavan proposatu duguna eta eraiki duguna eredu demokratiko horizontala da, kultura eta etnia aniztasuna oinarri duena. Gure eremuan hiru hizkuntza ofizial daude, eta yezidien, musulmanen eta kristauen erlijioak elkarrekin bizi dira. Gizarte kontratu konplexu bat ezarri dugu, eta herri batzarrak eratu ditugu; gure lurraldean bizi diren nazioen eta herrien adierazpen tresnak dira.

Gure kantoietan benetako autogobernuen bidez funtzionatzen dugu, eta, dirudienez, horrek izua sortzen du inguruko diktadura erregimenetan. Horri guztiari gehitzen badiogu emakumeen borroka eta gure gizartean jokatzen duten rola —gure ereduan izugarrizko garrantzia du—, egia da gure jardunak eskema guztiak apurtzen dituela eta erronka handi bat dela Ekialde Hurbileko pentsamolde maskulinoarentzat. Ezin dute onartu, eta horregatik saiatzen dira gu akabatzen politikoki eta fisikoki. Beldurra ematen diete, hain zuzen, gure eredua Ekialde Hurbil osoan ezar daitekeela.

Gerraren erdian, argirik ikusten al da tunelaren amaieran?

Siriako gerra korapilatzen ari da, batez ere indar boteretsu askok ez dietelako siriarrei utzi nahi beren etorkizuna erabakitzen. Herrialde gehiegi daude nahastuak, eta bakoitzak bere interes propioei begiratzen die. Turkia, Persiako golkoko herrialdeak, tartean Saudi Arabia eta Qatar. Pena ematen dit esateak, baina ez dut uste konponbiderik dagoenik luze gabe. Herrialde horiek guztiek ideia desberdinak, elkarren aurka dauden planak eta interesak dituzte etorkizunean Siriak izan beharko lukeenari buruz. Ez zaie axola siriarrek zer pentsatzen duten. Haatik, siriarrek bakarrik erabaki dezakete beren etorkizuna.

Siriako gatazkaren eragin zuzenena eta ikusgarriena izan dira errefuxiatuak. Nola ikusi duzu Europak krisi horri eman dion erantzuna?

Esan beharra dago norbaitek exodo hori bultzatu zuela, gatazka hasi aurretik ere planak zituelako Siriaren aurpegia aldatzeko. Eta lehen esan dudana dut buruan: Turkiaren aspaldiko ideia da aldaketa demografiko bat eragitea kurduen eremuan, eta horrela gure autonomia haien mugaldean eragoztea. Izan ere, gerraren aurretik haien etxeak uztera behartu zituztenak badaude; baldintza guztiak prestatu zituzten herritarrek ihes egin zezaten errepresio kanpaina baten eraginez. Orain, zoritxarrez, errefuxiatuak xantaia egiteko elementu gisa erabiltzen dira. Turkiak era irekian xantaia egiten dio Europako Batasunari; ordaindu ezean, errefuxiatuak Europara igarotzen utziko ditu. Guk uste dugu jendeak eskubidea duela segurtasuna eta bakea bermatuta dauden lekuetara ailegatzeko, horixe merezi dute eta. Europako Batasunak ez du serio jokatzen migrazio politikari dagokionean.

Azkenik, zein da Kobaneko berreraikuntzaren egungo egoera?

Zoritxarrez, nazioarteko laguntza eta babesa ez dira nahikoak izan. Ez dira berreraikuntzarako baliabide materialak iritsi, ezta finantzaketa ere. Hiriaren %80 suntsituta geratu zen, eraikinik eta azpiegiturarik gabe. Kobanen egon berri naiz, eta jendea saiatzen ari da hiria berreskuratzen, euren baliabide propioekin. Baina ez da nahikoa. Herritar asko ez dira Kobanera itzuli ez dutelako nora bueltatu. Jendeak itzuli nahi du, eta lehen zituzten etxeak berreraiki, baina ez dute horretarako materialik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.