Urrutikoetxea 16-22 Altuna III.a

Ausarta izateko jaioa

7-0 galtzen hasi arren, Jokin Altunak behetik gora egin du, eta merezita sailkatu da finalerdietarako. Min handia egin du saketik, eta oso oldarkor aritu da erasoan

Ausarta izateko jaioa.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Iraupena. 57.55.

Pilotakadak. 242.

Saketik. Urrutikoetxeak hiru; Altunak zortzi.

Markagailua. 7-0, 7-3, 8-3, 8-4, 10-4, 10-5, 11-5, 11-9, 14-9, 14-14, 14-21, 16-21 eta 16-22.

Bestelakoak. 1.600 ikusle Atano III.enean: bete egin zen. Apustuak Urrutikoetxearen alde irten ziren: 100-50i. Partida hasi aurretik, jende ilara oso luzeak egon ziren Atanoko leihatiletan, eta ikusleek denbora asko behar izan zuten sarrerak hartzeko.

2. Mailako partida. Ugalde 21; Erasun 22.

Erasoan, beti erasoan, eta, ahal bada, pilotari bote egiten utzi gabe. Hori da Jokin Altunaren kredoa. Lau eta erdian eta binaka aspaldi jarri zuen indarrean, eta orain buruz burukora ere eraman du. Ausart izateko jaioa da, eta ausardia horri esker irabazi zion atzo Mikel Urrutikoetxeari. 7-0 galtzen hasi arren, Altunak bere buruan sinesten jarraitu zuen, oldarkor jokatuz, azken txanpan bereziki, eta buelta eman zion hasiera txarrari. Garaipenariesker, buruz burukoaren finalerdietarako sailkatu da, eta Joseba Ezkurdia izango du aurkari bi aste barru. Ezustekoen urtea da, lau zerrendaburuak lehen partidan kanporatuak izan baitira. Buruz burukoan halakorik gertatzen den lehen aldia da.

«Urtez urte goraka ari naiz; sendoago sumatzen dut neure burua, eta buruz buru garrantzitsua da hori», onartu zuen amaieran Altunak. Eta egia da. Duela bi urte, Urrutikoetxeak 22-6 irabazi zion; atzoko partidak, baina, ez zuen haren antzik izan. Tira, hori ere ez da erabat egia, hasierak traza bera izan baitzuen. Mikel Urrutikoetxeak, izan ere,bikain ekin zion lanari. Lehen zazpi tantoak jarraian egin zituen (7-0), nagusitasun irudi handia emanez. Ondo sakatu zuen, eta gehiago zen piloteoan. Zaratamokoak inoiz kale egingo ez duen robot hori zirudien, eta, hori gutxi ez balitz bezala, zalantzak sortu zituen Altunarengan. Amezketakoa botera jarri zen airez sartu beharreko pilota batzuetan, bere kredoari traizio eginez.

Atano III.eko harmailak goraino bete ziren partida handi baten esperoan, eta hasierak hotz utzi zituen. Altunak, baina, asko zuen esateko, eta ezusteko aliatu bat aurkitu zuen: sakea. Saketik zortzi tanto egin zituen, eta hainbat sake errematean. Lehenbizi 8-4 gerturatu zen, eta 11-9 gero. Altuna jokatzeko zegoen, eta asko behartu zuen Urruti bolearekin.

Zaratamokoak, halere, ondo erantzun zuen, eta, boleaz jotako horma-biko batekin, 14-9 aurreratu zen. Apustulari asko lasaitu ziren, trabesak doblean irten baitziren haren alde. Tarte horretan, hamabigarren tantoko atsedena egon zen, eta pilotariak aldagelan sartu ziren. Altunak gero aitortu zuen Ekaitz Saralegi botileroak oldarkorrago jokatu behar zuela esan ziola, eta hark bete-betean asmatu zuen aholkuarekin.

12-0eko partziala

Altunak horma-biko batekin berreskuratu zuen sakea, eta berak atera zituen hurrengo hamabiak, Urrutiren pilotarekin, gainera. Hurrengo lau tantoetatik hiru lehen pilotakadaz egin zituen (14-14). Harro eta luze sakatu ordez, behetik egin zuen sakea, pareta bilatuz. Norabidea lehenetsi zuen luzeraren aurretik. Aurkariaren susperraldiak urduritu egin zuen Urruti, eta lotuta aritu zen partidaren erdi aldetik aurrera.

Sakearekin bakarrik, baina, ezin da irabazi, eta Altunak pauso bat eman zuen aurrera errematearen bila. Hori da bere pilotari DNA. Piloteoan bolearekin behartu zuen Urruti, eta ondo baliatu zituen zuloak erremate zehatzak sartzeko. Txapa eta zabaleko marra bilatu zituen, eta aurkariaren korrikaldiak ezerezean utzi. Eskuaira eta kartaboia. 14-21eraino joan zen, eta Atano erortzear zen. Urrutik, bitartean, konfiantza osoa galdu zuen. Errestatzaile ona da, onenetarikoa, baina sakatzailea gehiago izan zen. 15-21ekoa egitea lortu zuen, baina balentria zailegia zen. Arriskatu beharra zeukan, eta 16-22koan txapa jo zuen. Fisikoki eta hauspoz ere gehiago izan zen Altuna. Txapela irabazteko hautagai sendoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.