Konspiratzailearen mendeku zapuztua

Argitaratutako dokumentu batzuen arabera, Henry Kissinger AEBetako Estatu idazkari izandakoak Kuba «zanpatzeko» plan bat egin zuen 1976an, Habanak Angolara tropak bidali zituelako.
Henry Kissinger, Kontseilu Atlantikoaren Herritar Globalaren Sariko ekitaldian, duela hamar egun.
Henry Kissinger, Kontseilu Atlantikoaren Herritar Globalaren Sariko ekitaldian, duela hamar egun. MIGUEL RAJMIL / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 2
Konspirazioari, konplotari eta herrialdeak ezegonkortzeko estrategiari lotuta gelditu da Henry Kissinger AEBetako Estatu idazkari ohiaren izena; AEBen interesen aurkako atzerriko mugimendu politikoak deuseztatzeko itzalpeko lanari. Hein handi batean, irudi hori zor zaio karguan egon zenean (1973-1977) AEBek Latinoamerikan aplikatutako politikari; eta, zehazki, Hego Amerikan ezkerra zanpatzeko CIA zerbitzu sekretuak koordinatu zuen Condor operazioari. Berriki argitaratu diren agiri sekretu batzuek, gainera, handitu eginen dute Kissingerren konspiratzaile irudi hori, Kuba ere jomugan paratu zuela erakutsi baitute. Izan ere, duela 38 urte, uhartea «zanpatu» egin nahi zuen Estatu idazkari ohiak, Kubak Angolako gerran parte hartuta AEBen interesak zapuztu zituelako.

Agiri horien artean dago Kissingerrek Gerald Ford presidentearekin (1974-1977) Etxe Zuriko Bulego Obalean izandako elkarrizketaren transkripzioa. Gerald R. Ford Presidentetza Liburutegiak argitaratu ditu, Segurtasun Nazionalaren Artxiboak eskatuta, eta William M. LeoGrande eta Peter Kornbluh ikertzaileek bildu dituzte, Back Channel to Cuba liburuan. «Uste dut lehenago edo geroago kubatarrak jo beharko ditugula», erran zion Kissingerrek Fordi 1976an izandako elkarrizketa hartan.

«Xake jokalaria, irainduta»

Kornbluhk The New York Times egunkariari azaldu dionez, AEBetako Estatu idazkari ohiak mendekuzko ekintza gisa planifikatu zuen Kubaren aurkako erasoa. 1959tik, Kuban iraultza sozialista gailendu zenetik, AEBekiko harremanak erabat eten eta gaiztotu ziren, eta are gehiago 1961eko inbasio saioaz eta 1962ko Misilen krisiaz geroztik. Kornbluh eta LeoGrande ikertzaileek diotenez, 1970eko hamarkadaren erdian Kissinger harremanak normaltzen saiatu zen, diskrezioz eta ezkutuan. 1975ean gertatutakoak, ordea, sutu egin zuen.

Urte horretan, Kubak erabaki zuen Angolara tropak bidaltzea. Portugaldik independentzia lortu berritan, Angolako gobernu sozialista gerrilla eskuindarren eta Hegoafrikako tropen aurka ari zen borrokan —Hegoafrikan apartheid-aren erregimen arrazista zegoen orduan—. AEBek Angolako Gobernuaren aurkako aldea babesten zuten, Gerra Hotzaren testuinguruan, Sobietar Batasunarekin Afrikan ere hegemonia lortzeko zeukaten lehian. «Kissinger bereziki haserretu zuen Fidel Castrok Angolara tropak bidaltzeak, justu eskua luzatu nahi zionean harremanak normaltzeko», adierazi dio LeoGrandek The New York Times-i. «Horregatik, erran zuen 'mukizua zanpatu' egin nahi zuela». Kornbluhren ustez, «xake jokalari globala herrialde txiki batek irainduta» sentitu zen.

Eta, agirietan ageri denez, Kissingerren mendekua gupidarik gabekoa zen. Aire eraso masiboekin Kubako portuak suntsitu nahi zituen, eta Guantanamoko basean marine-ak pilatuta lurretik eraso, bere solasetan «blokeo gupidagabe, bizkor eta eraginkor bat» ezartzeko. «Ez digute saririk emanen indar militarra moderazioz erabiltzeagatik». 1976an, Jimmy Carterrek hauteskundeak irabazi eta plana bertan behera utzi zuen, ordea. The New York Times-en arabera, Kissingerrek ez du adierazpenik egin nahi izan plan haren inguruan. 91 urte ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna