Albistea entzun

Ekialde Hurbila. Gaza, udako erasoaldiaren ondotik

Berriz ere hasi ezinik

Eraikuntzarako materialen premia larria daukate Gazan. 30.000 palestinar baino gehiago aterpeetan daude oraindik, eta NBEk larrialdi egoera ezarri du euriteen ondorioz.
Madi Kamil Hassanin, seme-alabekin, Gazako Al-Sha-af auzoan, eraitsitako etxearen hondar artean.
Madi Kamil Hassanin, seme-alabekin, Gazako Al-Sha-af auzoan, eraitsitako etxearen hondar artean. MOHAMMED SABER / EFE

Ane Irazabal, Berriemaile berezia -

2014ko azaroak 29 - Gaza

Zementuaren arrastorik ez. Kerem Shalom mugatik sartzen diren kamioiek arrautzak eta barazkiak bakarrik daramatzate. «Bihar, agian, sartuko da eraikuntzarako materiala», bota dio mugako ofizial batek agure palestinar bati. Baina iragan urrian Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak Gaza bisitatu zuenetik geldi-geldirik dago berreraikuntza prozesua: «Egunero, 20.000 tona zementu sartzen dira, eta 100.000 sartu beharko lirateke», nabarmendu du kamioi gidari batek: «Martxa honetan, 20 urte baino gehiago beharko ditugu dena berreraikitzeko».

Ramallaheko eta Gazako ofizialak ezkor daude. «Eraikuntza materialen inportazioei kontrol zorrotzak ezarri zaizkie; batez ere, zementuari, metalari eta altzairuari. Israelek baimendu behar ditu sarrera guztiak. Ramallahen bitartez kudeatzen dira, eta, burokraziaren ondorioz, oso motel doa», uste du Issam Younis ekonomialariak. Palestinako ofizialen arabera, Gazak 6.200 milioi euro behar ditu erasoaldiaren aurreko egoerara itzultzeko. Diru-emarien Kairoko konferentziak 4.300 milioi jaso zituen, baina horietatik 2.100 milioi bakarrik erabiliko dira berreraikuntzarako. Beste guztia, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren datozen hiru urteetako aurrekontua babesteko erabiliko dute. «Azpiegitura gehienak suntsituta daude, eta 2,5 milioi tona hondakin kendu beharra daukagu. Nola egingo dugu?», esan du Younisek.

Ezer gabe

Hamasek ultimatum bat bota dio Israeli: «Datorren asterako eraikuntza materialak sartzen ez badira, erresistentziak su-etena apurtzeko eskubidea izango du», irizten dio mugimendu islamistaren orbitan dagoen ofizial batek. Gazatarrak, ordea, nekatuegi daude beste erasoaldi bati aurre egiteko. Ashraf Yussef psikologoak hala deskribatu du herritarren gogo aldartea: «Etsita dago populazioa. Luze gabe, ez du argirik ikusten. Laguntza azkar iritsiko zela uste genuen, baina oraindik ere berdin gaude».

Baina su-eten akordioa geldirik dagoen bitartean, 30.000 gazatar NBEren aterpeetan daude oraindik. Israelek 60.000 etxe suntsitu zituen iragan udako erasoaldian. «Beste etxe bat eraiki dezaket, baina nork ziurtatzen dit ez didatela berriz ere bonbardatuko? Nork ziurtatzen dit ez dela beste gerra bat egongo?», agertu du kezka Sami Abu Rames gazatarrak.

Iritzi berekoa da Samya izeneko errefuxiatua ere. «Hondamendi hau ez da tsunami edo lurrikara baten ondorioa. Palestinak gatazka politiko bat bizi du, eta, beraz, irtenbide politiko bat eman behar zaio». Samyak seme bat eta alaba bat galdu zituen uztailaren 25an: «Su-etena indarrean zen, baina drone batek gure etxea hondatu zuen». Orduz geroztik, UNRWA Errefuxiatu Palestinarren Nazio Batuen eskola batean bizi da Deir Balad eremuan. «Hemendik bota nahi gaituzte, izan ere, hau ez da aterpe ofizial bat. Baina ez daukagu nora joan. Non dago Mahmud Abbas presidentea? Non daude gure anaia arabiarrak?», salatu du.

Gaza erdiguneko beste eskola batean Beit Hanun eremuko ehunka errefuxiatu daude. Han eskolatu behar zuten haurrak ondoko zentroetara eraman dituzte. Eskola askotan bikoiztu egin da umeen kopurua; izan ere, beste asko aterpe gisa erabiltzen ari baitira. «Ez dut hemen geratu nahi, baina ez digute alternatibarik eskaini», adierazi du Mashda izeneko errefuxiatu batek.

Euriteak

Mugaldeko Shejayah auzoan ere hondamendiak bere horretan jarraitzen du. Etxe suntsituen ilarak, hondakinak eta metraila-zatiak nagusi dira paisaian. Shejayahn badirudi denbora ez dela pasa. «Auzokide gehienek senitartekoen etxeetan hartu dute ostatu, baina beste asko itzuli egin gara», adierazi du Darwish Abu Sarreyak. Shejayahko kale nagusian bere etxea da zutik geratzen den bakarra, eta inguruan hondakina besterik ez du: «Gerra amaitu ostean itzuli ginen, baina teilatua zuloz beteta dago, eta egunetako euriteekin etxea urez bete zaigu».

Darwishen etxearen ondoan Shejayako izozkitegi bakarra zegoen, baina hango jabeak erabaki du Gaza hirigunera alde egitea. «Kilometro gutxiko tartea dago, baina erdigunean seguruago sentitzen da. Portuaren ondoan beste izozki denda bat ireki nahi du», azaldu du Darwishek.

Handik metro gutxira, Mohamed Hilu agura olana urdinak josten ari da: «Negurako teilatuak konponduko genituela uste genuen, baina euria hasi da, eta etxe askok ez dute sabairik». Azken egunetako euriteek kalte handiak eragin dituzte, eta NBEk larrialdi egoera ezarri du.

Mohameden josteko makinak ehunka olana konpondu ditu egunotan. «Etxeetako zuloak tapatzeko balio dute. Konponbide inprobisatu bat da, baina ez dugu beste irtenbiderik». Baina Mohamedi, beste askori bezala, kezka ageri-agerian sumatzen zaio: «Beharrezkoa da berreraikuntza hastea. Duintasuna berreskuratu nahi dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

«Bake akordioek diotenarekin alderatuz, atzera egin da guztiz»

Igor Susaeta

El Salvadorko gerra zibila bukatu zuten itunek 30 urte beteko dituzte 2022ko urtarrilean. Cruzen ustez, «atzeraldi demokratiko bat» gertatzen ari da herrialdean. Nayib Bukele presidentea jo du horren erantzule nagusitzat.
Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa, atzo, Stockholmen, Ukrainako krisia aztertzeko egin zuten bileran. ©EFE

Errusiak segurtasun itun bat proposatuko dio «laster» NATOri

Gorka Berasategi Otamendi

Lavrov eta Blinken Ukrainaz hitz egiteko bildu dira. Moskuk ohar egin du bere segurtasun kezkei entzungor egitearen arriskuez. Washingtonek eskatu dio diplomaziaren bidea hautatzeko
Angela Merkel eta Olaf Scholz, gaurko agerraldian. ©FILIP SINGER / EFE

Alemania, derrigorrezko txertaketa onartzeko bidean

Ander Perez Zala

Merkelek jakinarazi du nahitaezko txertaketa ezartzeaz bozkatuko dutela diputatuek; otsailean sartuko litzateke indarrean. Txertorik hartu ez dutenak ezingo dira sartu jatetxeetan, tabernetan eta dendetan.

Bi bidaiari Johannesburgoko OR Thambo nazioarteko aireportuan, herenegun. ©KIM LUDBROOK / EFE

Von der Leyen: «Derrigorrezko txertaketa aintzat hartu beharko luke EBk»

Ander Perez Zala

Europako Batzordeko presidentearen iritziz, estatu kideek «ikuspuntu komun bat» behar dute. OMEk dio egunotan izango duela informazioa omikron aldaeraz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.