Athletic 1. Reala 1

Konfiantzari, puntua

Liga hasiera gogorra iraultzen hasteko puntu garrantzitsua lortu dute Athleticek eta Realak. Manu Lareok sartu du 0-1ekoa, eta Yulema Corresek 1-1ekoa

Nahikari Garcia Realeko aurrelaria jokaldia egin nahian, Garazi Murua Athleticeko atzelaria gain-gainean duela, atzo, Lezaman. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Manu Lareok (79. min.). 1-1: Yulema Corresek (83. min.). Epailea. Adrian Lixandru. Txartel horiak: Athleticeko Joana Flaviano eta Iraiari; eta Realeko Chini Pizarrori. Bestelakoak. 1.000 ikusle inguru Lezaman.

Errespetutik beldurrerako tarte arriskutsuan dabiltza Athletic eta Reala denboraldi honetan. Ustez gozatzeko sasoia behar zuena okertu egin zaie biei, eta liga hasierako helburuak ahaztu antzean dauzkate dagoeneko. Egungo txapeldunak dira zuri-gorriak, baina, Txapeldunen Ligako nekeak eta lesioek eraginda, hamasei puntu galdu dituzte jada lehen 11 partidetan; joan den denboraldian hamabi puntu besterik ez zuten galdu 30 jardunaldiak kontuan hartuta. Txuri-urdinak, berriz, joko dotorea eginda, lau onenen artean lehian ibili ziren aurreko sasoian, nahiz eta bosgarren amaitu zuten azkenean. Baina golik sartu ezinik eta zulotik gertu dabiltza liga hasi zenetik.

Behar gorriaren derbia zen atzokoa, eta bi taldeetako bakar bat ere ez zen gustura geldituko, ziurrenik. Gabonak iritsi arteko lau partidak irabazteko erronka jarri zion Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileak taldeari, eta, etxean jokatuta, balekotik beherakoa izan zen Realaren aurkako berdinketa. Donostiarrek, berriz, oso partida serioa jokatu zuten, taktikoki maila handikoa, eta esku-eskura izan zuten garaipena, Manu Lareok 79. minutuan sartu baitzuen 0-1ekoa, oso urrutitik jaurtita. Atzeraka-atzeraka, baloia urrundu ezinik gelditu zen Ainhoa Tirapu.

Urrezko hiru puntu ziren Igor San Miguelek zuzentzen duen taldearentzat, baina Erika Vazquezek area ertzetik bidalitako baloiari lurra ukitzen utzi gabe, erremate harrigarriarekin berdindu zuen partida Yulema Corresek, 83. minutuan. Irabazteak bakarrik balio zuen partidan, berdinketa Athleticentzat; eta merezimenduei gola gehituta garaipena eskura zeukanean, puntu bakarra Realarentzat.

Lehen zatian, Reala nagusi

Nahikari aurrean zela, goian presioa eginez zelairatu ziren txuri-urdinak, eta haienak izan ziren aukerarik argienak. Zortzi korner atera zituzten lehen zatian, Diaz Ziraukik gehienak, eta arrisku handia sortu zuten behin eta berriz. 14. minutuan, esaterako, gola sartzear izan zen Ramajo, eta atsedenaldira bidean Ainhoa Tirapu larri ibili zen atepetik baloia urruntzeko. Etxekoei dagokienez, Erika Vazquezen urruneko jaurtiketa bat izan zen arrisku jokaldi nagusia. Naiara Beristainen jokaldi onarekin amaitu zen lehen zatia, eta, 66. minutuan Leyre Fernandez Nahikariren jokaldia amaitzear egon bazen ere, Nekane eta Joana Flaviano zelairatuta hazi egin zen Athletic. 1-1ekoarekin, Nekanek zutoinera bidali zuen baloia 88. minutuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.