ZORIA 0 ATHLETIC 2

Distirarik gabeko saria

Athleticek multzoko buru bezala amaitu du Europa ligako ligaxka, Ukrainan Zoriari irabazita. Zuri-gorriek partida grisa eta urduria jokatu dute beste behin ere, jokaldiak azkarregi bukatu nahian
Iñigo Lekue erremate bat egin nahian, atzo, Zoriaren aurkako norgehiagokan.
Iñigo Lekue erremate bat egin nahian, atzo, Zoriaren aurkako norgehiagokan. MIKOLA TIS / EFE

Ainara Arratibel Gascon

2017ko abenduak 8
Golak. 0-1: Adurizez (70 min.); 0-2: Raul Garciak (86 min.). Epailea. Ruddy Buquet. Txartel horiak Zoriako Kabaevi eta Andriievski; eta Athleticeko Unai Nuñezi. Bestelakoak. 8.428 ikusle Lviven.

Beste behin ere Aritz Adurizek atera zizkion babak eltzetik Athletici, atzo, Ukrainan. Talde zuri-gorriak 0-2 irabazi zuen Zoriaren aurka. Aurrelari donostiarrak sartutako golak bideratu zuen sailkapena, eta Raul Garciarenak ginga jarri zion. Biek Susaetaren erdiraketak errematatu zituzten. Hala, Europa ligako final-hamaseirenetan da talde zuri-gorria. Multzoko buru bezala, gainera. Beste partida gris bat jokatu zuen Jose Angel Zigandaren taldeak. Nahiz eta neurketa irabazi, urduri aritu zen, eta jokaldiak azkarregi amaitu nahian. Formenteraren aurkako kanporaketaren mamuak eraginda, ziurrenik. Ligaxka guztia bezala, sailkapena distirarik gabea izan zen. Baina garrantzitsuena lortu egin zuten zuri-gorriek.

Bi taldeak jakitun ziren zer zuten jokoan, eta lehen zatian errespetua eta zehaztasunik eza izan ziren nagusi. Eguraldia bezala, partida hotza izan zen. Oso joko gutxi lotu zuten bi taldeek, eta jokaldi bakanetan baino ez ziren iritsi aurkariaren atera. Argi zuten bigarren zatian erabakiko zela dena. Lehen zatian, halere, aukerarik garbiena Athleticek eduki zuen. 29. minutuan epaileak baliorik gabe utzi zuen Williamsek sartutako gola, jokoz kanpo zegoelakoan. Baina gola legezkoa zen. Athleticeko aurrelaria posizio onean zen, arean Adurizen baloia jaso zuenean. Ondoren, beste pare bat abagune izan zituen talde zuri-gorriak. Baina Williams ez zen Susaetak egindako barneraketa bati esker arean jasotako baloia errematatzera iritsi, eta Raul Garciak gora bidali zuen erremate bat txilenaz.

Ordura arte, dena den, Zigandaren taldeak sufritu egin zuen. Izan ere, Zoriak gehiago izan zuen baloia Athleticen zelaian, eta aukera argiak izan ez arren, hainbat erremate egin zituen Herrerinen atera, batez ere Gromoven eta Andriievskiren eskutik, eta aurreko partidetako mamuak agertzear egon ziren.

Bigarren zatia ere lehenengoaren bidetik hasi zen. Athletic maila hobeagoko taldea zela ikusten zen. Baina azkarregi amaitu nahi zituen jokaldiak, eta hori dela eta errazegi galtzen zuen baloia, edo azken pasean ez zuen asmatzen. Zoriakoek, berriz, garbi zuten neurketa berdinduta egonez gero, edozer gerta zitekeela, eta denbora zutela gol bat sartu eta Athletic kanpoan uzteko. Ziurrenik Formenterak Espainiako Kopan egindakoa izango zuen buruan.

Hasierako minutu horietan abagune onena Adurizek izan zuen. Bakarkako jokaldi on batekin area ertzera iritsi zen. Erremate gogorra egin zuen, baina erdira atera zitzaion, eta Lunnik gelditu ona egin zuen. Dena den, jokoan ez zuen aukera garbirik sortzen. Geldikako jokaldian behar zuen, eta baita sortu ere. 53. minutuan Raul Garciak langara errematatu zuen buruz, Susaetak ateratako korner bat.

Hortik aurrera iritsi ziren zuri-gorrien golak. Biak ala biak Susaetak egindako erdiraketei esker. Lehena 70. minutuan. Eibartarrak erdiratu, eta Adurizek buruz errematatu zuen. Ez zen erremate ona izan, baina baloia loratu egin zen eta Lunniren atera sartu zen. 86. minutuan, Raul Garciak Susaetaren beste baloi bat errematatu zuen, area ertzean baloia jaso eta gero.Azken ahalegina falta zen, eta Athleticek ondo eutsi zion sari bikainari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna