Errusiako Munduko Kopa. Errusia 5-0 Saudi Arabia

Putinen irribarrea

Errusiak nagusitasun handiz irabazi dio Saudi Arabiari txapelketako lehen partidan. Onena, Txerixev aurrelaria

Artem Dzyuba Errusiako aurrelaria atzoko partidako 3-0eko gola ospatzen. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Gazinskik (12. min.); 2-0: Txerixevek (42. min.); 3-0: Dzyubak (72. min.); 4-0: Txerixevek (92. min.); 5-0: Golovinek (94. min.). Epailea. Nestor Pitana (Argentina). Txartel horiak: Errusiako Golovini; eta Saudi Arabiako Taiseerri. Bestelakoak. 78.011 ikusle Moskuko Luzhniki estadioan.

Munduko Kopa antolatzea erronka handia da edozein herrialderentzat, eta etxeko taldea ondo aritzeak asko laguntzen du iritzi publikoa bideratzen. Vladimir Putin Errusiako presidenteak erakusleiho handi gisa saldu du Munduko Kopa, eta, atzo, amesturiko hasiera izan zuen. Irekiera jaia xumea izan zen, baina Errusiako selekzioak parranda bilakatu zuen. Nagusitasun harrigarriz irabazi zion Saudi Arabiari partida eroso batean, eta garaipen garrantzitsua lortu zuen. Multzoko beste bi taldeak Uruguai eta Egipto direla kontuan hartuta, oreka aurreikus daiteke, eta atzoko bost golak mesede handikoak izan daiteke berdinketak hausteko.

Vladimir Putin eta Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printzeak palku pribatu batean ikusi zuten partida, Gianni Infantino FIFAko burua tartean zutela. Hitz eta pitz igaro zuten partida osoa, jokoari arreta handirik jarri ez, eta printzeak Errusiako presidenteari eskatu zion bilera ofizialari jarraipena emanez. Batek baino gehiagok gustura entzungo zituen bi agintariek elkarri esanikoak. Ziur zelaian gertaturikoa baino interesgarriagoa izan zela.

Izan ere, Errusia eta Saudi Arabia mundu mailako bi potentzia ekonomiko dira, erregaien esportazioan batez ere, baina futbol kontuetan xumeago dabiltza. Saudi Arabia batez ere, atzokoan oso irudi kaskarra eman zuelako. Europako eta Amerikako selekzioetatik oso urrun dago, eta atzo ikusitakoarekin ia ezinezkoa dirudi punturen bat urratzea.

Errusiak, aldiz, irudi sendoa eman zuen. Ez zuen beste munduko ezer egin, baina ezta behar ere. Ordenatuta jokatzea, kontraeraso pare bat antolatzea, eta geldikako jokaldiak baliatzea nahikoa izan zuen nagusitzeko. Lehen gola lortzea zen lanik zailena, eta Gazinskik sartu zuen 12. minutuan. Golovinen erdiraketa neurtua baliatu zuen buruz errematatzeko. Gol horrek lasaitasuna eta patxada eman zion Errusiari, eta partida poltsikoan sartu zuen Golovinen eskutik. Handik gutxira,Dzyubak min hartu, eta Txerixev zelairatu zuen Txertxexovek. Hark sartu zuen 2-0ekoa kontraeraso batean (43. min). Hura izan zen onena. Partida erabakita zegoen, eta Errusiak bigarren zatia baliatu zuen zauria handitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.