REALA 1 ZENIT 3

Ezer gutxirekin lezioa eman dio Zenitek Realari

Ohiko estiloari eutsiz, Reala nagusi izan da jokoan, baina erabateko eraginkortasuna azaldu du Zenitek. Porrotaren ondorioz, multzoko bigarren geratu dira txuri-urdinak
Mikel Oiartzabal Realeko jokalaria aurrera egiten saiatzen, Zeniteko jokalari baten zaintzapean.
Mikel Oiartzabal Realeko jokalaria aurrera egiten saiatzen, Zeniteko jokalari baten zaintzapean. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Jon Eskudero

2017ko abenduak 8
Golak. 0-1: Erokhinek (35. min.). 1-1: Willian Josek (57. min.). 1-2: Rigonik (64. min.). 1-3: Paredesek (85. min.). Epailea. Liran Lyani. Txartel horiak: Realeko Canalesi; eta Zeniteko Kranevitterri eta Erohini. Bestelakoak. 20.609 ikusle Anoeta estadioan.

Hamar aldiz jokatu eta bederatzitan irabazteko moduko neurketa jokatu zuen atzo Realak Zeniten aurka, baina galdu egin zuen, Anoetan. Sinestezina iruditu arren, puntu soil bat eskuratu ezinda geratu ziren txuri-urdinak Europa ligako multzokako faseko azken partidan. Hasi eta buka, mendean hartuta eduki zuten Zenit, eta egin zuten makina bat merezimendu irabazteko. Jokoan nagusi izanda, atzean sartuta edukiarazi zuten Errusiako taldea, eta erasoan ere jokaldi interesgarriak osatu zituzten. Bukaerako emaitzak ez zuen halakorik islatu, ordea. Ezer gutxirekin lezioa eman zion Zenitek Eusebioren taldeari, Rulliren ate albora inguratu bakoitzeko gola egitea lortu baitzuen. Lehengo lepotik burua izanda, arazoak bistaratu zituen Realak. Hala, bigarren postuan sailkatuko da final-hamaseirenetara.

Lehiari garrantzia emanez, galako hamaikakoa zelairatu zuen hasieran Eusebiok, eta ohikoa jokoa egin zuen taldeak. Aspaldian estiloak zalantzak sortu arren, betiko lez aritu ziren txuri-urdinak, baloia oinetan izan eta agintzea izan baitzuten helburu. Eskuin hegaletik batez ere sarri iritsi ziren erasora, baina gola egin zuena Zenit izan zen. Joko zuzena baliatuta, lehen arrisku jokaldian 0-1ekoa heldu zen.

Bigarren zatian lehengo gidoiak jarraitu zuen. Januzaj izan zen etxekoen jokalaririk arriskutsuena, eta haren oinetatik sortu zen banakoa. Eskuin hegaletik distiratsu sartuta, pase bikaina eman zion Willian Joseri, eta brasildarrak ez zuen barkatu. Gol horrekin bazirudien Realak gertuago zuela multzoko lidergoa, eta buru-belarri jo zuen bigarren golaren bila. Aurrean, dena den, neurri handiko aurkaria topatu zuen. Korner bateko aldaratzean 1-2koa egin zuen Ivanovicek, berebiziko gola eginda. Unerik onenean halako kolpea jasota, behera egin zuten etxekoek. Saiatu ziren etengabe gerora ere, baina atzean zulo gehiago utzi zutenez, Zenitek ez zuen barkatu. Paredesen jokaldi eder batek erabaki zuen lehia.

Hiru atxilotu errusiar

Kirol arlotik kanpo, istiluak izan ziren Donostian partida aurreko orduetan. Arrisku handiko lehia zegoen deituta, eta Ertzaintza egun guztiko lana izan zuen Zeniteko jarraitzaileekin. Egunean zehar jarrera egokia azaldu zuten gehienek, baina arratsaldeko zortziak inguruan heldu ziren liskarrak. 30 bat laguneko multzo batek eraso egin zien Realeko hainbat jarraitzaileri, aulkiak eta bestelakoak jaurtiaz, eta Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen. Haien informazio iturrien arabera, hiru atxilotu egon ziren, eta zauritu bat ere bai. Partidan zehar, bestalde, Zeniteko jarraitzaileek istiluak sortu zituzten Anoetako harmailetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna