Sarkozy atxiki, eta legez kanpoko finantzaketaz galdetu dio Poliziak

Muammar Gaddafik 2007ko hauteskunde kanpainarako dirua eman ote zion ikertzen ari da Polizia. Frantziako presidente ohiaz gain, Brice Hortefeux ministro ohia ere itaundu dute

Nicolas Sarkozy eta Muammar Gaddafi, 2007ko abenduan, Eliseoan. Urte hartan hautatu zuten Sarkozy Frantziako presidente. MAYA VIDON / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Nicolas Sarkozy atxiki du Frantziako Polizia Judizialak, haren alderdiaren ustezko legez kanpoko finantzaketa kasu bat ikertzeko. 2007ko hauteskunde kanpainari dagokio ikerketa; Libiako presidente ohi Muammar Gaddafik kanpainarako bost milioi euro eman ote zizkion ikertzen ari dira. Frantziako presidente ohia atzo goizean deitu zuen Poliziak deklaratzera, Nanterre hirian; gehienez,48 ordu eman ditzake Poliziaren zaintzapean, epailearen aurretik igaro aurretik. Sarkozyz gain, haren gobernuan ministro izandako Brice Hortefeux ere deitu zuten deklaratzera.

Mediapart atariak azalarazi zuen legez kanpoko finantzaketaren ustezko kasua, 2012an. Atari horrek Libiako Gobernuaren paper bat argitaratu zuen; dokumentu horren arabera, Gaddafik 2007ko presidentetzarako hauteskundeen kanpaina prestatzeko dirua eman zion Sarkozyri. Hauteskunde haiek irabazi egin zituen Sarkozyk, eta Frantziako presidente izendatu zuten.

Mediapart-en informaziotik abiatuta, Frantziako Justiziak 2013an ekin zion kasua ikertzeari; gutxienez lau lagun daude ikerketapean. Le Monde egunkariaren arabera, Frantziako auzitegiek Sarkozy inputatzeko nahikoa froga izatea litzateke deklaratzera deitu izanaren arrazoia. Mediapart-eko zuzendari Edwy Plenelek atzo azaldu zuenez, epaileek frogatu dute «presidente ohiaren kanpainetan eskudiru asko erabiltzen zela». Horrez gain, Plenelek zehaztu du Sarkozyren kanpainako «hainbat ordainketarenarrastoak» aurkitu dituztela Libanoko eta Alemaniako banketxe banatan.

Halaber, Gaddafik egindako ustezko ordainketen frogen artean leudeke Ziad Takieddinek 2016aneginiko adierazpenak; 2006 eta 2007. urteen artean Tripolitik Parisera bost milioi euro eskudirutan eraman zituela azaldu zuen enpresari libanoarrak, 200 eta 500 euroko billeteekin betetako hiru maletatan. Takieddinen arabera, Sarkozyri eta Claude Gueant ministro ohiari eman zien diru hori; Frantziako Barne ministroa zen Sarkozy garai hartan.

Norabide berean deklaratu zuen Abdula Senusik 2012. urtean, Libiako Trantsizio Nazionalerako Kontseiluaren aurrean. Libiako zerbitzu sekretuetako zuzendari ohia da Senusi, eta «atzerriko erakunde publiko batekin lotutako ustelkeria» eta «Libiako diru publikoaren erabilera bidegabea» leporatu zizkioten.

Halaber, Libiako Petrolio ministro ohi Shokri Ghanemen agenda eskuratu zuen Frantziako Justiziak; besteak beste, Sarkozyri eginiko ordainketei buruzko oharrak agertu ziren haren agendan. 2012an hil zen Ganem, inork ez dakiela nola. Bechir Saleh Gaddafiren kolaboratzaile izandakoak, berriz, Le Monde egunkarian esan zuen Gaddafik adierazi zuela «Sarkozy finantzatu zuela». Alabaina, Frantziako presidente ohiak orain artean ukatu egin ditu legez kanpoko finantzaketaren inguruko akusazio guztiak, eta haren defentsan atera da Errepublikanoak alderdia. Atzo «babes osoa» azaldu zion alderdiak Sarkozyri, eta Christian Jacob alderdiko kidearen esanetan, «errugabetasun presuntzioa du».

Polizia judizialaren aurrean egindako deklarazioa ez da Sarkozyk legez kanpoko finantzaketaren kasuari buruz egiten duen lehena. Aurrez, 2014ko uztailean, ustelkeriaren aurkako bulegoak hemezortzi orduz galdekatu zuen Sarkozy, influentzia trafikoaren bidez bere aurkako prozesuen berri zuelakoan. Galdeketaren ostean, ez zuten epailearen aurrera eraman.

Sarkozy, aurrez auzipetua

Legez kanpoko finantzaketarekin lotutako beste kasu batek eramango du Sarkozy epailearen aurrera. 2012. urteko hauteskunde kanpainaren karietara auzipetu zuten, Bygmalionaferan. Orduan, iruzurra egiteagatik eta dokumentu faltsuak erabiltzeagatik auzipetu zituzten Sarkozy eta beste hamahiru lagun; haien artean zeuden Bastien Millot, Bygmalion enpresako arduradun ohia eta Jerome Lavrilleux 2012ko hauteskunde kanpainako zuzendari izandakoa. Hauteskunde haietan ez zuen irabazi Sarkozyk, eta PS Frantziako Alderdi Sozialistako François Hollande hautatu zuten presidente.

Hauteskunde haietako kanpainan legez baimendutako 22,5 milioi euroen muga gainditu izana leporatzen diete. Besteak beste, muga gainditu izana estaltzeko faktura faltsuak egitea eta gastuak UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna alderdiaren esku utzi izana ere leporatu diote; Sarkozyren alderdi ohia da UMP. Kasu hori dela eta, akusatuen aulkian eseri beharko du presidente ohiak, beste hamahiru auzipetuekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.