Grezia. Hauteskundeen atarian

Etsipenaren irakurleak

Inkestek Syriza jotzen dute garaile nagusitzat, baina kalean ez da ilusio handirik nabari. Beldurra eta etsipena dira nagusi Atenasko herritarren arteko elkarrizketetan.

Herritarrak egunkariak irakurtzen Atenasko kiosko batean, atzo. JON FERNANDEZ.
Jon Fernandez.
Atenas
2015eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Lapurtzen duenaren keinua egin du eskuarekin airean Kozma taxi gidariak, eta poltsikoraino eraman du itxi berri duen ukabila. «Greziako politikariak mafia dira». Mapan helbidea aurkitzeko lupa handi bat jarri du ezkerreko begian, baina betaurreko barik gidatu du jarraian irribarretsu, begiak itxita ere zuzen gidatuko zukeenaren segurtasunez. «Jendea nazkatuta dago. Tsipras gaztea da, eta benetako aldaketarako ilusioa piztu du». Antonis Samaras eskuindarraren politika ekonomikoa gogor kritikatu du Kozmak. Batez ere zerga igoerak madarikatu ditu 50 urte inguru dituen taxi gidari honek. Ziur dago Syrizak irabaziko duela domekan, haren ustez krisiak greziarren pentsaera aldatu duelako. Agurtu eta faktura eskatzeko orduan, aurpegi arraroa jarri du. Poltsikotik, 2,80 euro jartzen duen faktura zahar bat atera du, eta gainean boligrafoz idatzi du bidaiaren prezioa: 40 euro. Zergak pagatzeko ez darabil luparik Kozmak.

Kale bazter guztietan daude alderdi politikoen kartelak, batez ere gobernuko Nea Dimokratia (ND) eta ezkerreko Syriza koalizioarenak. Inkesta baikorrenek 6,5 punturen abantaila ematen diote Alexis Tsiprasi, baina kalean ez da nabari tamaina horretako ilusiorik. Jende gehienak adjektibo ezkorrak aukeratzen ditu domekako hauteskundeak deskribatzeko: «nazka», «etsipena», «nekea», «beldurra».

Gerra zibil bat berriro pizteko beldur handia duela aitortu du, esaterako, Ianek. NDk Atenas erdialdeko Syntagma plazan (Konstituzio plazan) jarri duen postura hurbildu da domekako botopapera hartzera. 67 urte ditu, eta erretiratuta dago. «Murrizketa ugari izan ditugu, eta egoera ekonomiko larrian dago jende asko, baina NDri emango diot botoa, oposizioan alderdi indartsu bat egotea ezinbestekoa delako demokrazia osasuntsu baterako». Syrizaren balizko gobernuaren kontrapisu lan bakarra neonazien edo komunisten esku uzteak izutzen du. «1947ra bueltatuko ginateke berriro».

Krisia amaitzen?

Khrisulak ere NDren alde bozkatuko du. Familiako negozioa du Atenas erdialdeko burdindegia, eta dendari lanetan ari da bertan 30 urteko neska hori. «Badakit zail daukala, baina Samarasek irabaztea nahi nuke. 2008tik lehen aldiz iaz salmentak handitu genituen. Merkatua suspertzen hasi da, eta bide horri eutsi behar zaio». Bost lagunek egiten dute lan burdindegian, eta beste denda bat ere badaukate kale batzuk gorago, hamar langilerekin. Erosleek iaz gehiago gastatu zutela dio, eta aurtengoa urte hobea izatea espero duela. «Ez gaude ados etxebizitzen eta autoen zerga igoerekin, baina familian NDri emango diogu botoa, aukera seguruagoa delako. Ez ditugu sinisten Syrizaren promesak».

Deigarria da Khrisularen baikortasuna. GSEVEE merkatarien elkartearen arabera, enpresa txiki eta ertainen egoera «txarretik txarragora» doa. Langile guztien %85 inguruk egiten dute lan enpresa txikietan, eta haien fakturazioa %74 jaitsi da krisia hasi zenetik; %20 iazko lehen seihilekoan. Iaz, enpresa txikietan 42.000 lanpostu galdu ziren. Langabezia tasa %25,5ekoa da, eta, Greziako Parlamentuaren txosten baten arabera, 6,3 milioi lagun pobrezia arriskuan bizi dira; biztanleriaren ia %60.

«Egoera arriskutsua da. Jende asko dago egoera oso larrian. Syrizarentzat boto gehiago ekarriko du etsipen horrek», Ianen iritziz. Greziarrentzat onena Samarasek jarraitzea delakoan dago Paulos 62 urteko dendaria ere. Turistentzako oroigarriak saltzen ditu Akropolitik gertu. «Syrizak irabazten badu, turista gutxiago etorriko da. Egonkortasuna beharrezkoa da turismorako». Iaz 2013an baino salmenta hobeak izan zituela dio Paulosek ere, eta krisiaren amaiera igartzen ari dela. «NDk esperientzia du. Syriza berria da, eta ez daki Europan zelan mugitu ere. Promesa asko egiten ditu Tsiprasek, baina zailegiak dira betetzeko».

Theodorrentzat, aldiz, NDk aberatsentzat baino ez du gobernatu. 24 urteko mutil hori ekonomia ikasten ari da Atenasko Unibertsitatean, eta argi dauka krisi ekonomikoa bideratzeko proposamen bideragarri bakarra Syrizarena dela. «Ez dituzte gauzak egun batetik bestera konponduko, baina aurrera egiteko beharrezkoa da zorraren zati bat barkatzea. Arazo politikoa da, ez ekonomikoa». Lagun asko ditu langabezian, eta beste asko, atzerrian. Theodor ez da eurotik ateratzearen aldekoa, baina drakmara itzultzea ez du drama moduan ikusten.

Antikapitalisten alderdiak, aldiz, zeinak unibertsitate atarian postu bat duen, EBtik atera nahi du Grezia. «Orain ezker osoak Syrizari emango dio botoa, baina haiek huts egin ostean, hurrengo bozetan gu indartuko gara», azaldu du Paulos komunistak. Aitortu du agian ez dutela parlamentura sartzeko behar diren botoen %3 lortuko.

Atenasko merkatu nagusian postua duen Ali harakin pakistandarra da Syrizari botoa emango liokeenetako bat. Baina ezin du, ez duelako greziar herritartasunik. «Tsipras trebea da berbetan, eta pentsamolde berria ekarri du bere diskurtsoak». Bada, Sonia ez du konbentzitu Tsiprasen hitz jarioak. Zinema ikasketak ditu eta langabezian dago 31 urterekin. «Syriza bozkatzeko asmoa nuen, baina azkenean inor ez bozkatzea erabaki dut. Syrizak irabazita ere ezer ez da aldatuko». Soniak dio sarri ikusi duela jendea ilusionatuta, gero danbatekoa hartzeko. «Langileek jada ez dute eskubiderik ere. Syrizak ere ez du aldatuko hori. Utopiatik ezkortasunera pasatu naiz».

Sozialisten banaketa

Ezkorrak dira Pasoketik atera den Georgios Papandreuren alderdi berriaren postuan ere. «Zaila da betiko botoa aldatzea». Esaldi bera dio kale berean 200 metro gorago postua duen Pasok sozialistako Banzakisek ere: «Pasokeko boto emaileak Pasokekoak dira, ez Papandreurenak». Hirugarren geratzea espero du, baina inkesta askok seigarren postuan jartzen dute, To Potamiren, neonazien eta KKEko komunisten atzetik.

Ezkortasun eta etsipen mezuak nagusitzen zaizkie ilusio mezuei kaleko elkarrizketetan eta beti jendez beteta dauden kioskoetako egunkarien azaletan. Gainera, Syrizak edo NDk gobernua osatzerik lortzen ez badute berriro bozak deitzearen mamua airean dago, 2012an gertatu zen bezala. Batez ere etsipenaren irakurleak dira Atenasko kioskoetan minutu luzez kazeten azaletan albisteak arakatzen dituzten herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.