Athletic 2-1 Reala

Inertzia, joko onaren gainetik

Lucia Cordobak lortutako bi goli esker, Athleticek Espainiako Kopako finalerdiak jokatuko ditu larunbatean. Realak estu hartu ditu zuri-gorriak, eta kanporaketa berdintzeko abaguneak izan ditu

Lucia Athleticeko aurrelaria, atzoko derbian sartutako lehen gola ospatzen, Ane Etxezarreta eta Mariasun burumakur ageri diren bitartean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Lucia (28. min). 1-1: Nahikarik (30. min). 2-1: Luciak (89. min). Epailea. Sanchez Miguel. Txartel horiak: Athleticeko Morazai; eta RealekoLeire Fernadezi. Bestelakoak. 2.000 ikusle inguru bildu dira Lezaman. Realeko jokalariak Zurekin gaude, kapitain zioen elastikoarekin zelairatu ziren, ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu berri duen Sandra Ramajori babesa azaltzeko.

Bietako batek egin behar zuen aurrera, eta, azkenean, Athletic izango da. Zuri-gorriek jokatuko dituzte asteburuan Espainiako Kopako finalerdiak. Atzo, 2-1 irabazi zioten Realari final-laurdenetako itzuliko partidan —4-2 bukatu da kanporaketa—, eta Joseba Agirreren taldeak Bartzelona izango du hurrengo aurkaria (larunbatean, 16:00etan). Txuri-urdinek, dena den, gehiago merezi izan zuten. Estu hartu zuten Athletic, batez ere lehen zatian. Baina Luciak azken unean sartutako golak saririk gabe utzi zuen Realaren lan txukuna. Inertziaz irabazi zuten zuri-gorriek.

Realeko entrenatzaileak eta jokalariek esana zuten azken bi derbietan ez zirela fin aritu lehen minutuetan, eta Athleticek lehiakorrago ekin ziela norgehiagoka horiei. Atzo, ordea, ez zen hala izan. Txuri-urdinak nagusi izan ziren lehiaren hasieran. Aurrean presioa eginez, Ginbertek baloia ateratzea oztopatu zuen Nahikarik, eta zelai erdian ondo itxi zieten bidea Damarisi, Ziraukiri eta Maite Orozi. Hala, Joseba Agirreren taldeari kosta egin zitzaion erasoko jokaldiak lotu, eta Mariasunen atera gerturatzea.

Reala, aldiz, ausart eta erasokor aritu zen, batez ere Naiara Beristainek eskuin hegaletik egindako barneraketei esker. Beristainek berak eta Leire Fernandezek abagunea izan zuten talde txuri-urdina aurretik jartzeko. Baina ez zuten asmatu.

Aurreko bi derbietan gertatu bezala, baina, Athletic aurretik jarri zen, oraingoan ere Realarentzat zorigaiztokoa izan zen area ertzeko jokaldi batean. Arriskurik ez zuen aldaratze batean, Ane Etxezarreta baloia urruntzen saiatu zen. Baloiak, ordea, presioa egiten ari zen Luciaren hankan jo zuen, eta ezustean harrapatu zuen Mariasun (28.min).

Kanporaketa maldan gora zegoen Realarentzat. Baina, handik bi minutura, berdinketaren gola sartu zuen (30.min). Chinik pase sakona eman zion Beristaini, eta hark egindako erdiraketa ondo errematatu zuen gol arrastoan Nahikarik. Bigarrena ere eskura izan zuen Leire Fernandezek, baina haren jaurtiketa gutxigatik joan zen langatik gora.

Bigarren zatiari begira, kanporaketa airean zegoen. Nekea pilatu zitzaion arte, Realak erasoan jarraitu zuen, gol bat behar baitzuen luzapena behartzeko. Athleticek, berriz, hobeto eutsi zion, eta sarriago gerturatu zen txuri-urdinen area ingurura, batez ere Luciaren abiadura bailatuz.

Nekatuta egon arren, azken hamar minutuetan Reala itsu- itsuan joan zen gora. Lortzear egon zen birritan, Claudia Zornozaren eskutik. Baina Tirapuk gelditu zituen haren jaurtiketak.

Halakoetan gertatu bezala, atzean zuloak uzten ditu erasoan dabilen taldea, eta 90. minutuan Luciak ondo baliatu zuen bere abiadura, barneraketa bat egin, eta 2-1ekoa lortzeko. Merezi gabeko kolpea Realarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.