EIBAR 0 ATHLETIC 1

Kolpea, bi zentzutan

Athleticek azkeneko jokaldian irabazi dio Ipuruako derbia Eibarri, Raul Garciaren golarekin, nahiz eta berdinketa kutsuko partida izan zen atzokoa
Raul Garcia gola ospatzen atzoko partidan.
Raul Garcia gola ospatzen atzoko partidan. JUAN HERRERO / EFE

Aitor Manterola -

2017ko apirilak 25
Golak. 0-1: Raul Garciak (94. min.). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Eibarreko Galvez, Rivera eta Ramisi; eta Athleticeko San Jose eta S. Merinori. Txartel gorria Eibarreko Escalanteri (55. min.). Bestelakoak. 6.611 ikusle Ipuruako zelaian,Athleticekoak ere bai.

Ia azkeneko jokaldian erabaki zen atzo Ipuruan jokatu zen derbia, eta ematen zuena hankaz gora bota zuen jokaldi horrek. Berdinketarako zihoana, berdindua amaitu behar zuena, Raul Garciak erabaki zuen, eta Europara begirako derbia Athleticek eraman zuen. Kolpea Eibarrek hartu zuen, nahikoa eta gehiago egin zuelako eskuan zeukan puntuarekin geratzeko.

Bizi hasi zen partida, edo hobeto esateko, Eibarrek ekin zion ziztu bizian. Aurreneko hamar minutuetan, berak ezarri zuen erritmoa, baina ez zion etekinik atera aukerak sortzeko. Alde horretatik, eroso egon zen Athletic hasiera horretan. Patxada erakutsi zuen. Eibarrek betiko jokoarekin ekin zion, eta baloi luzeetan nagusi zirenez Kike eta Enrich, eta gainera, bigarren jokaldietan Dani Garcia bakarrik hartzen zituenez aldaratzeak [Williams Adurizekin ari zelako bigarren aurrelari bezala, eta Raul Garcia eskuinean], jokoaren ekimena etxekoena izan zen. Asko azalduz ziren bi aurrelariak, eta Pedro Leon ere bai, nahiz eta ez zituen baliatu erdiraketa onak egiteko. Etxekoen hegaletako jokoa oztopatzeko, Muniainek eta Raul Garciak laguntza onak eman zizkieten Balenziagari eta De Marcosi.

Athletic hamargarren minutuan heldu zen aurrenekoz Yoelen areara, eta Adurizek egin zuen errematea. Nabarmen utzi zuten kanpotarrek erasoan ahalik eta azkarren bota nahi zutela baloia etxekoen atzelarien bizkarrera. Minutuak aurrera joan ahala, baina, baloia pixkat bat erabiltzen hasi zen, eta lehen zatiaren bigarren erdian Athleticek nahi zuen erritmora jokatu zen, lasaiago eta ez Eibarrek nahi zuen bizitasunarekin. Muniainek eta San Josek pare bat erremate egin zituzten tarte horretan. Eibarren erantzuna 35. minutuan heldu zen, eta jaurtiketa parea Inuik eta Kikek egin zuten jokaldi berean, baina atera jo gabe.

Berdindua izan zen lehen zatia, eta emaitzak ere horixe erakutsi zuen jokalariak aldagelara joan zirenean. Golik ez, eta itxura handirik ere ez izango zirenik. Nahiz eta bigarren zatian, golak sartzeko aukerak izan ziren, eta partidako jokaldi batek ere aukera eman zuen horretarako. Baina erabakigarria azkeneko jokaldia izan zen, eta epaileak jokaldi horretara heltzeko adierazi zuen falta Eibarren aurka.

Bat gutxiagorekin Eibar

Enrichek izan zuen aukera garbi askoa gola sartzeko bigarren zatia hasi eta berehala. Lehen minutuan, baina, Kepak oinarekin urrundu zion jaurtiketa area barrutik. Hamargarren minutuan heldu zen partidako lehen jokaldi eztabaidagarria. Escalanteri txartel gorria atera zion, Muniaini egindako faltagatik; bazihoan Athleticeko jokalaria, eta baloia jokatzeko aukerarik gabe ostikada eman zion argentinarrak. Ipuruako zalea sutu egin zen Muniainekin, azkar osatu zelako.

Athleticek izan zituen aukerak golak sartzeko, eta garbiena Raul Garciak izan zuen 62. minutuan. Baina zutoinera bota zuen Balenziagak dotore jarri zion baloia.

Nahiz eta Eibar bat gutxiagorekin geratu eta segituan, baloiaren jabe egin zen, berehala aldatu zen partida, eta Beñat zelairatu zuen Ernesto Valverdek baloia gehiago edukitzeko. Une batzuetan, nabarmena izan zen bi taldeen arteko aldea Athleticen fabore, baina ez zen goletan gauzatu. Gainera, Eibarrek buelta eman zion egoerari, eta estutasun handirik gabe igaro zituen azkeneko minutuak.

Baina azaldu zen berriz ere epailearen jarduna, eta Juncari falta adierazi zion 93. minutuan, areako izkina batean, Raul Garciarekin lehian ari zela. Ez bazuen ezer adierazi ere, ez zen ezer gertatuko, baina hartu zuen erabaki erabakigarria. Beñatek atera zuen falta, eta zutoina jo zuen. Aldaratzea Raul Garciak jaso eta sarera bota zuen. Hortxe bukatu zen partida, eta apaldu Eibarren ametsa, eta indartu Athleticen aukera Europarako bidean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna