Juan Martinez de Irujo. Pilotaria

«Ametsetan jokatzen dut pilotan, eta pena ematen dit esnatzean»

Bihotzeko gaitz batek erretiroa hartzera behartu du Irujo, baina ez du dramarik egin nahi. Ingurukoen maitasunak azken urteko garratz eta sufrimenduak arindu dizkio.
IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2017ko ekainak 23
Labriten egin du hitzordua. Pilotalekua hutsik dago. Etxean ez dagoenean, ez dabil handik urrun. Argal dago, eta belztuta. Giharreria galdu du iaz azken partida jokatu zuenetik, baina irribarrea iltzatuta du. Amaieran zale bat gerturatu zaio biharko sarreraren baten eskean, ezinezkoa. «Nik ere ez ditut azken konpromisoetarako», esan dio.

Zer moduz? Bihar omenaldia zuri egingo dizute.

Pixka bat urduri nago, egun polita izango da, baina ez dakit zer antolatu didaten.

Ez duzu zuriz agur esango.

Pena handia ematen dit, jokatzen ezin agur esatea pilotarien gehiengoak egiten duen bezala. Baina bizitza horrelakoa da eta baikorra izan behar duzu.

Labriten gaude, zer sentitzen duzu pilotalekuan sartzean?

Nostalgia. Hemen gaude, kantxara begira eta nahi eta nahiez gogoratzen duzu hor barruan egiten dela zuri gehien gustatzen zaizuna. Pena.

Ez duzu batere jokatzen?

Pilota eskolako gazteekin zerbait bai, lau pilotakada, baina ezin dut partida bat jokatu.

Hirutik hirura ezingo zenuke jokatu? Edo entrenamendu bat?

Ez, hau kirol oso esplosiboa da, ez bakarrik mugimenduak, kolpea askatzea ere keinu bizia da. Herriko pilotalekuan ere ezin dut jokatu, lau pilotakada eman ditzaket, baina ez dut jokatuko ezin banaiz zabalera korrika joan.

Hemen debutatu zenuen. Oroitzan al zara egun harekin?

Hemen egin nuen debuta; lehen entrenamendu ofiziala ere, sei urterekin, hemen egin nuen; partida gehien ikusi eta jokatu ditudan pilotalekua, hemen eroso nago... Nire bigarren etxea da. Eta debuta? Ostiral gauez izan zen, ekainaren 6an, jende ezagun asko. Beldurtuta hasi eta gozatzen bukatu nuen. 21nakoarekin sakera airez sartu nintzen, atzera begiratu eta Elkorok eskuak buruan zituen!

Zer egin duzu galtza zuriekin?

Bere tokian daude. Galtzak, elastikoak, takoak, zapatilak... Denak iazko apirilaren 10ean [azken partida jokatu zuen eguna, 2016ko binakako finala] zeuden toki berean daude. Galtza zuriak sanferminetarako ondo datoz.

Eta txapelak?

Mutiloan ditut, betiko tokian. Baina ez da itsutzen nauen gauza bat, hor daude.

Azken urtean geldirik egon zara. Pilotak egiten uzten ez zizun zerbait egin al duzu?

Alaba eta bikotekidearekin gehiago egon. Asko mugitu naiz mediku kontuetan eta bajan egonda ezin duzu beste inon lan egin. Urte oso gogorra izan da.

Euskara ikasten berriz ere hasteko aukera ona zen.

Urte honetan ezinezkoa zatekeen, edozer gauza ikasten saiatu izan banintz ez nuen lortuko. Burua ez zegoen ezertarako, egunero sufritzen, pentsatzen...

Hor duzu zorra. Alabek gainera badakite euskaraz.

Beti izango dut hori zintzilik, ia ezinezkoa. Hitz egiten ez banaiz ausartzen. Alabekin saiatzen naiz, ikastolan daude, eta astiro hitz eginez gero dena ulertzen dut, baina ez baduzu hitz egiteko pausoa ematen...

Partidekin oroitzen al zara? Zure burua jokatze-eta irudikatzen al duzu?

Ez, ez. Memoria txarra dut, batzuetan Altunarekin nago eta bera ni baino gehiago oroitzen da nire partidetaz.

Eta ametsetan? Partidak agertzen al dira?

Bai. Askotan jokatzen dut. Esnatzen zara, eta «jo», eta pena ematen dizu, berriz ere lo egitera. Bestela, amesgaizto ohikoa da jokatzera irteten naizela eta ez ditudala takoak jarrita.

Eta zure burua jokatzen ikusten baduzu, telebistan edo?

Hutsunea nabaritzen dut. «Orain hori ezin dut egin!» pentsatzen dut, baina bizilegea da, eta ez naiz egun osoa penatuta egongo. Hau suertatu zait, eta badago bizitza pilotatik kanpo ere. Ez dut dramatizatu nahi, zortea izan dut gaitza aurkitu egin didatelako eta orain arriskutik kanpo nago. Familia zoragarria dut eta bizitza gozatu nahi dut eurekin.

Ez zenuen berehalakoan usteko iazko binakako finala zure azken partida izango zenik.

Ez, ez... Agian patuak nahi izan zuen nik garaiz gelditzea, eta horrela suertatu zen.

Amorrua emango zizun.

Noski, final bat horrela galtzea. Baina garaipena ere ez da berdina. Ni izan naiz txapeldun aurkari baten lesioarengatik eta ez da gauza bera, ez da poz bera.

Nola gogoratzen duzu urte honetako prozesua?

Oso gogorra. Inori ez diot opa. Buelta asko medikuekin, azterketak, urduritasun handia, burujanak, zuk sufritzen duzu baina albokoek ere bai, gurasoak, etxekoak... Baina tira, pasa da, edo pasatzen ari da.

Eta hasiera? «Juan, bihotzean zerbait aurkitu dizugu» esan zizutenean?

Proba gehiago egin behar zirela, pausoz pauso joan behar.

Eta amaiera? Ezingo zenuela jokatu jakitean?

Liberazio bat. Jendeari esan nion eguna liberazio bat izan zen, ez zarelako egi erdiekin ibili behar jende guztiarekin. Mundu guztiak galdetzen dizu, baina onerako. Oso oso maitatua sentitu naiz. Gauzak gaizki doazenean jendea desagertu egiten dela esaten dute, bada nire kasuan alderantziz izan da. Nik txapel asko irabazi ditut, eta jende askorekin ospatu dut, baina oraingoak ez du parekorik.

Alde txarra etxekoek bakarrik ezagutzen dute agian.

Haiek sufritzen dute gehien, nik baino gehiago. Askotan gehiago kaltetzen zaitu albokoa sufritzen ikusteak, eta esaten duzu: «nahiago nuke ni banintz».

Eta jendeak kalean? Zu oso maitatua izan zara.

Galdetu izan didate. Denetarik egon da, «zer duzu?», «non egon zara?». Aizu intimitatea nahi dut. Baina gehien-gehienak, onera.

Jendeak nola gogoratzea nahiko zenuke?

Zaleek, zuen guztia eman zuen pilotari bat bezala; eta kideek, ez kide bezala, lagun bezala baizik.

Jendeak zure izaera beroa gogoratuko du, eta hori zuk ere badakizu.

Bai, bai. Nire izaera dut mundu guztiak berea duen bezala. Egon dira gaizki eginiko gauzak eta eskatu dut barkamena. Urte batzuetan ezerk ez zidan axola pilotak adina. Nire lana zen, nire pasioa, ni piztu egiten nintzen eta nire buruarekin ere haserretzen nintzen. Ni halakoa naiz.

Eserleku eta erratz hautsiak, txartel beltzak, epaileak...

Aizu, ez direla hainbesterako izan! Oihartzun askokoak izan dira, baina ez hainbeste! Gaizki egina, badakit, baina nirekin dator hori.

Beste batzuentzat jeinu bat izango zara. «Irujok pilota aldatu du», askok esan dute.

Nire jokatzeko modua zen. Nik «erraz» ikusten nuen. Entrenamendu asko zegoen atzean, baina horra iristeko huts handiak ere egin ditut kantxa gainean.

Orain pilotari guztiek jokatzen dute horrela.

Ez dago beste erremediorik. Egungo pilotekin, Punparenak, bederatzitik ez duzu aurrelaria saihesten. Lehen Ciprirenekin errazagoa zen. Pilota hauek frontisean zanpatzen dira eta gutxi irteten. Sakea airez errestatu behar duzu, edo goiko harlauzan jo, eta hori atzetik oso zaila da.

Zure ibilbidearen zer nolako balantzea egiten duzu?

Ni bizitzaren pribilejiatu bat naiz, gustatzen zaidana egin izan dudalako, hortik bizi izan naiz, eta gainera, irabazi egin dut. Hori gutxi ez balitz, lagun asko egin ditut. Handiena da hori.

Ez zenuen hainbeste esperoko.

Ezta inondik ere. Debutatu aurretik niri pilotari guztiak gustatzen zitzaizkidan. Denak ezagutzen nituen, lehen, bigarren eta hirugarren partidakoak. Denek sortzen zidaten miresmena.

Gaztetan beteranoek errespetua sortuko zizuten.

Ni inoiz ez naute aulkitik altxarazi, garai baten egiten zutela esaten zen bezala. Beteranoa iritsi, eta, «Aizu mutiko, altxa, hau nire tokia da». Ni aldagelan adi egoten nintzen, ikasteko. Nik eguneroko entrenamendua hiru beterano handirekin egiteko zortea izan nuen: Fernando Goñi, Oskar Lasa eta Patxi Eugi. Haiekin asko ikasten zen. Lehen txapelketa Oskarrekin, bigarrena Fernandorekin... Niri Fernandok sekulako errietak egiten zizkidan! Baina nik onera hartzen nituen.

Eta zuk egin al zenien errieta zurekin jokatu zuten gazteei?

Debutari asko izan ditut txapelketan: Beroiz, Zabaleta, Merino... Nik garbi hitz egiten nien, baina errietarik ez. Gazteren bati Fernandok niri egiten zidana egiten badiozu, agian beldurtu egiten da eta ez du berriz ere jokatzen.

Edo ez dizu jaramonik egiten...

Auskalo. Egungoak lotsagabeagoak dira. Ni aldagelan sartzen nintzenean: ikusi, entzun eta isildu.

Pilotaren historiaren liburuan, zure izenaren alboan Aimar Olaizolarena agertuko da.

Badakit, baina, hasteko, ez da justua, Bengoetxea, Xala, Titin, Barriola... agertu beharko liratekeelako. Maila oso altua egon da. Eta Aimarrekin, gure arteko lehiak guri egin digu mesede gehien.

Askotan galdetu al dizute zuen arteko harremanarengatik?

Bai, eta harreman oso ona dugu, primeran moldatzen gara. Aldagelan lasai hitz egin dugu, eztabaidatu, barre egin... Beste edozein pilotarirekin bezala.

Baina badirudi zaleak zuen arteko eztabaida nahiko lukeela.

Badago hori ikusi nahi ez duenik. Kantxan lehia zegoen, eta kanpoan ikusmin handia sortzen zen. Irujozaleak batetik eta Aimarzaleak bestetik. Tabernetan hitz egiten zen. Kirol mailan batak bestea hobe egin du. Aimarrek eta biok etekina atera diogu horri.

Pilotak ez zaitu lanetik atera.

Ez, bizitza oso luzea delako. Lan bat aurkitu beharko dut. Momentuz Elkarpelota akademia dut.

Lehen soldata zertan gastatu zenuen. Gutiziaren bat? Autoa...

Ez naiz oroitzen. Autoa? Bai zera, ezta erroberetarako ere!

Nola ikusten duzu pilota profesionala orain?

Puntako pilotariak beti egongo dira, eta maila ona dago. Baina 2006an hirurogei pilotaritik gora geunden bi enpresetan, eta orain berrogeita gutxi. Pilotari eta partida gutxiago, hor okerrago daude gauzak. Nik 78 partida jokatu nituen urte batean, Titinek ehun. Orain ez dago halakorik.

Egun 30 urtetik gorako lau pilotari daude bakarrik.

Beteranoak beharrezkoak dira gazteak ikas dezan. Nik Elkororekin jokatu nuen, Zezeaga, Arroyo, Capellan, Etxaniz... Horiei irabaztea oso zaila zen. Agian merkatu kontua izango da. Pilotariekin pazientzia gehiago izan beharko litzateke. 30 eta 32 urterekin erretiratu behar izatea goizegi iruditzen zait.

Zure burua islatuta ikusten al duzu egungo gazteengan?

Inbidia ematen didate, nik nuen ilusioarekin ikusten ditut.

Orain ez dute belarritakorik.

Kendu nituen. 2006an. Bat erori zitzaidan, eta bakarrarekin ibili ninzten kendu nuen arte. Zergatik? Egia esan, ez dakit.

Pilota enpresaren batean ikusten al duzu zure burua?

Agian, karguaren arabera. Kantxan, laguntzen saiatzen, bai.

Eskaini al dizute?

Ez.

Elkarpelotan zer moduz?

Oso pozik. Dena guk egiten dugu, eta gazteak ilusioz ikusten ditugu. Formazio zentru bat da. Gazteak bere klubekin lehiatzen dute, eta astean behin datoz, akademia batean bezala.

Irujo nolako entrenatzailea da? Nerbio horrekin...

Zorrotza izan naiteke, baina kontrolatzen dut. Pazientzia behar da, batzuei gehiago kostatzen zaie. Beste batzuek guregatik egin zutela ez da ahaztu behar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna