Reala 3-0 Atletico Madril

Infernutik zerura

Realak bikain jarraitzen du Imanolen aginduetara, eta nagusitasun osoz irabazi dio Atletico Madrili, Anoetan

jon eskudero
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Reala. Rulli; Aritz Elustondo, Hector Moreno, Raul Navas, De la Bella; Canales, Ilarramendi, Pardo (Zurutuza, 64. min.); Januzaj, WillianJose (Bautista, 88. min.) eta Oiartzabal(Juanmi, 72. min.).

Atletico Madril. Oblak; Juanfran (Vitolo, 54. min.), Savic, Godin, Vrsaljko; Saul, Thomas (Gabi, 75. min.), Koke, Correa (Torres, 46. min.); Griezmann eta Gameiro.

Golak. 1-0: Willian Josek (27. min.). 2-0: Juanmik (80. min.). 3-0: Juanmik (92. min.).

Epailea. Alberoa Rojas. Txartel horia: Realeko Juanmiri.

Bestelakoak. 21.404 ikusle Anoetan.

Duela hiru aste, inor gutxik emango zuen txanpon bat Realaren alde, baina, Imanol Alguacilek taldearen aginte makila hartu geroztik, ibili harrigarria egiten ari dira txuri-urdinak, baikorrenak ere sinatuko ez zuena. Azken bi partidak jarraian irabazi ondotik, benetako neurgailua zuten atzo aurrean donostiarrek: Atletico Madril, ligako bigarren sailkatua. Eta denboraldiko partidarik biribilena egin zuten. Hasi eta buka, irentsi egin zuten aurkaria, eta bolada onak ez du etenik. Imanol aulkian denetik, lau partida daramatza Realak galdu gabe, hiru segidan irabazita, bederatzi gol alde dituela, eta, garrantzitsuena, gol bakar bat ere jaso gabe. Hala, ezinezkoa zirudiena posible da orain: Europarako sailkatzea. Zazpigarren postua bost puntura du Realak, eta bost jardunaldi falta dira jokatzeko.

Atletico Madril talde fisikoa izaki, hasierako hamaikakoan arriskuak hartu zituen entrenatzaile oriotarrak. Canales eta Pardo zelairatu zituen zelai erdian, eta pentsatzekoa zen sufritu egingo zutela. Baina ez. Baloia oinetan hartuta, nahierara jokatu zuen Realak, konfiantzaz gainezka. Erritmoa ezarri zion jokoari, eta atzean sartuta edukiarazi zuen aurkaria. Zoragarria izan zen jokoa lehen hogei minutuetan, gozatzekoa. Halere, jakina zen egoera horretan eroso sentitu ohi dela Diego Simeoneren taldea.

Enbidoari, hordagoa

Bada, jokoa parekatzen hasi zenean, etxekoen lehen gola iritsi zen. Januzajek eskuin hegaletik egin zuen jokaldia, eta haren erdiraketa ez zuen alferrik galdu Willian Josek: bortitz jaurtita, aurretik jarri zuen Reala, 27. minutuan. Ordura arte, ia baloirik ukitu gabe zegoen, baina golegile sena baliatu zuen ligako hamalaugarren gola sartzeko. Atsedenaldira bidean, zaleek txaloz agurtu zuten taldea, aspaldian ez bezala gozatzeko aukera izan baitzuten.

Bigarren zatiari begira, jarrera aldatu zuen Atletico Madrilek, erasokorrago zelairatu baitzen. Fernando Torres atera zuen Simeonek. Halere, enbidoari hordagoarekin erantzun zion Imanolek. Aurkariaren gidoi bera erabili zuen pultsuari eusteko, eta, defentsako sendotasunean oinarrituta, kontraerasoan jokatzea izan zuen helburu. Bisitariek berdintzeko aukerak izan zituzten lehen minutuetan, baina antzu aritu ziren ate aurrean. Txuri-urdinek, aldiz, ez zuten barkatu. Willian Josek eta Januzajek aukera on bana izan zuten kontraerasoan, baina Juanmi izan zen asmatu zuena. Birritan, gainera. Aulkitik aterata, bi gol eder sartu zituen, partida erabakitzeko. Eta galdera hau da: orain artekoa ikusita, Imanolek jarraitu behar ote luke datorren sasoian? «Oraindik handia datorkit Lehen Maila. Jokalariena da meritu guztia», esan zuen partida amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.