Kerman Lejarraga. Boxeolaria

«Okerrena lesioak eta gosea dira»

Kerman Lejarraga Europako txapeldun izateko borrokatuko da larunbatean, Bilbon, Bradley Skeeteren aurka. «Boxeoaren langile» bat dela dio, baina 9.000 ikusle bilduko dira bera Miribillan ikusteko. Boxeoaren «egoera onaren erakusle» da.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Goiza da Bilboko Mampo Gimnasioan. Zorrozaurre auzoko industria eraikin bateko bigarren solairuan dago. Hiru minutuz behin soinu bat entzuten da. Borrokaldien neurgailua da. Boxeolari ugari elkartu dira gaur: gizon eta emakume, euskal herritarrak, kazakhstandar pare bat, senegaldar bat... Batzuk korrika ari dira, beste batzuk zakuan, eta asko sokasaltoan. Kerman Lejarraga (Morga, Bizkaia, 1992) dago saltsaren erdian, eta ukabilak babesteko bendak jartzen dituen bitartean erantzun ditu galderak. Bizkaieraz mintzo da. Morgako errebolberra du izengoitia, gerrian duen tatuaje bategatik. Asko ditu. Odol adina tinta du gorputzean.

Zenbat tatuaje dituzu?

Pila bat, hemeretzi edo hogei. Kolpeek orratzek baino min handiagoa ematen dute. Ohitura dut borroka bakoitzaren ondoren tatuaje bat egiteko. Azkenekoak Asterix eta Obelix izan dira [ezker besoan ditu]. Txikitan irakurtzen nituen komikiak dira, haiek nituen gustukoen, eta orain, 26 urterekin, nire alabarekin irakurtzen ditut.

Europako Txapelketa irabazteko borroka duzu larunbat honetan. Erabaki al duzu zein tatuaje egingo duzun ondoren?

Bai, Idefix izango da [Obelixen txakurra], eta Abrarakurzix [herrixkako buruzagia] ere seguru asko. Galdu edo irabazi, egingo ditut. Martxa honetan herrixka osoa egingo dut.

Berehala aipatu duzu borroka. Zer moduz zaude?

Sekulako gogoa dut eguna irits dadin. Prestakuntza oso luzea izan da: duela bost hilabete hasi nintzen. Aurreko borroka egin eta astebetera hasi nintzen, eta prestaketa berezitua eginez urtarrilaren 8tik. Azken asteak luze egiten ari zaizkit, lan karga egina dagoelako.

Sei hilabete dira boxeatu gabe.

Aspaldi ez nengoela hainbeste denbora geldirik. Baina egia da hamabi borrokaldiko borroka bat prestatzeko denbora gehiago behar dela. Tarte egokia da.

Ikusmin handia dago.

Normala da, urteak dira hemen ez dela Europako Txapelketa baten titulua jokoan jartzen. Oso garrantzitsua da, eta arreta hori motibazio bultzada da niretzat.

9.000 pertsonaren aurrean borrokatzeak presioa eransten al dio borrokari?

11.000 ikusleren aurrean borrokaturikoa naiz ni. Eskertuta natzaio jendeari, eta, lehen esan dudan moduan, beste motibazio bat ere bada. Ikusmin hori egotea boxeoa gorantz doan seinale da.

Hasi zinenean halakorik espero al zenuen?

Ezta inondik ere. Hau amets bat zen niretzat. Europako Txapelketa batengatik borrokatu? Ezinezkoa zirudien.

Non borrokatu zinen lehenbiziko aldiz?

Ring batera igo nintzen lehen aldia Eibarren izan zen, eta kick boxingean aritu nintzen. Euskadiko Txapelketa jokatu, eta galdu egin nuen. Afizionatu mailako lehen lau borrokak galdu egin nituen.

Orduan esan balizute zu eta boxeoa oraingo egoeran egongo zinetela?

Pentsaezina zen. Egun hartan Astelenan ez zen jende asko bildu, baina niretzat pila zegoen.

Garai haietan inork ez zintuen ezagutzen. Orain, aldiz, ezaguna zara. Ospea nabari al duzu?

Nik ez dut neure burua ospetsu moduan ikusten. Ni betiko jendearekin bizi naiz, betiko lekuan... Baina egia da kalean gero eta jende gehiagok ezagutzen nauela. Normalean animoak ematen dizkidate, borrokengatik galdetzen didate, umeak etortzen dira... Eskertzen diet babes hori.

Garai batean umeak boxeolari batengana hurreratuko balira, agian gurasoek errieta egingo liekete.

Bai zera! Ez dut halakorik uste. Boxeolariek ospe handia izan dute Euskal Herrian, lehen baino gehiago orain. Orain ari da berriz ere ospea hartzen.

Zu oso maitatua zara. Zergatik?

Egia esan, ez dakit zergatik den. Nik jende guztia edukazioz eta errespetuz tratatzen dut, berdin aurkariak edota kalean inguratzen zaidana. Ez dut ahaztu nondik natorren. Zuk jendea errespetuz tratatzen baduzu, ondo hartuko zaitu.

Boxeolariek harroxko ospea izan dute. Zu, aldiz, umilmintzo zara. Lan bat bezala hartzen duzu boxeoa?

Nire lana da. Honek ematen dit jaten. Hasi nintzenean ikasten nenbilen: soldatzaile eta sukaldari ikasi nuen. Ordura arte zaletasun bat zen, baina profesionaletara pasatu nintzenean ikusi nuen hau lan bat zela.

Lana baldin bada, non eta nola fitxatzen duzu?

Astelehenetan eta ostiraletan hiru entrenamendu saio egiten ditut, goizeko seietan hasita. Astearte, asteazken eta ostegunetan bi aldiz entrenatzen naiz, goiz eta arratsaldez. Larunbatean, berriz, goizetik egiten dut lan. Igandean bakarrik hartzen dut atseden. Horrez gain, dieta zorrotza ere eramaten dut. Ondo lo egin, elikadura zaindu... hori da nire diziplina.

Jende askok bere lana gorroto du. Ez al duzu noizbait tentaziorik denari su emateko?

Nik oso gogor egin dut lan boxeo bizibide bilakatzeko. Gehien gustatzen zaidana da hau. Halere, askotan izan dut dena botatzeko gogoa, minez zaudenean, edo lesionatuta. Baina honek guztiak zerbaitetarako balio behar du. Lasai bizi nahi dut, dirua irabazi nahi dut niretzat eta nire familiarentzat.

Zer da okerrena?

Lesioak eta gosea.

Gose handia pasatzen al duzu?

Bai. Borroka baterako pisatu aurreko azken asteak oso txarrak dira. Nik, nire emazteari esker, gero eta hobeto kontrolatzen dut pisua, baina jenio txarreko zaude, gose handiarekin... Urteekin, halere, hobeto daramat.

Borroka honetarako zenbat kilo galdu dituzu?

Hamabi. Ni 66 kilotan sartu behar naiz, eta normalean, prestaketaz kanpo, 78 edo 79 kilotan ibiltzen naiz. Gero, pisaketa egunetik borrokara, egun bakarrean, hamar kilo berreskuratzeko gai naiz. Nire gorputza ondo egokitzen da. Hori bai, medikuaren kontrolpean egiten dut dena: zer eta nola jan, zenbat ur edan...

Erraza al da boxeolari batekin bizitzea?

Ez. Oso zaila da. Nire emaztea ere boxeolaria da, eta horrek gauzak errazten ditu. Boxeolaria 24 orduz da boxeolari, eta inguruak hori ulertu eta errespetatu behar du.

Lesioak ere aipatu dituzu.

Bai, eskuetan hartzen dugu min batez ere. Nik eskuetan izan ditut lesio asko. Hatz bat hautsi eta orkatilatik hezur zati bat kendu zidaten eskuan jartzeko. Urte osoa egin nuen haustura bat osatzeko borrokatzen.

Eskuko haustura batekin borrokatzeak min ematen du. Minarekin bizitzen ikas daiteke?

Bai. Ikasi behar duzu mina kudeatzen. Nola ikasten den? Min hartuz, min asko. Ume batek nola ikasten du barazkiak jaten? Bada, jaten, afaltzeko ez badira, gosaltzeko... Goseak irakasten du. Bada, kolpeekin berdin, hartuz ikasten da.

Asko garbitu al da boxeoaren irudia? Estigma galdu al du?

Bai eta bai. Boxeoa Euskal Herrian bolada onean dago; irudi ona du orain; boxeoari buruzko jendearen iritzia aldatu egin da, eta horri eustea dagokigu guri.

Jende asko duzue klubean? Eta zenbat zegoen hasi zinenean?

Arratsaldeetan 50 bat lagun elkartzen dira, eta ni hasi nintzenean hiruzpalau baino ez ginen. Agerikoa da garapena egon dela. Euskal Herriko egoera ona da, bai profesionaletan eta bai afizionatu mailan. Hemen, gimnasioan, denetarik dugu, eta gero eta gehiago dira.

Betidanik esan da boxeoa «ume gaiztoen kirola» dela.

Ni oso nekatuta nago hori entzuteaz. Begira, boxeo jaialdi batean nik ez ditut inoiz istiluen aurkako poliziarik ikusi, ez ertzainik, ez ezer. Futbolean beti daude. Jendeak ez du ideiarik boxeoaren inguruan, eta aurreiritzi asko daude. Mundu guztia pasatu beharko litzateke gimnasiotik boxeoa benetan zer den ikusteko. Kaleko jendeak uste du hemen gaudenak arazo bila dabilen jendea dela, eta ez da horrela, inondik inora.

Poliziarekin alderaketa egin duzu.

Egia delako. Boxeo jaialdietan alkohola zerbitzatzen da, eta ez duzu inoiz borrokarik ikusiko harmailetan. Ez dago poliziarik, ezta behar ere. Nik hamar urte daramatzat borrokatzen, eta ez du inoiz liskarrik ikusi harmailetan.

Azalpen hau askotan eman al duzu?

Bai. Beti galdetzen didate: ez al dago bortizkeriarik? Nik futbolean edo beste kirol askotan ikusten ditut liskarrak. Nik aurkariari hasi aurretik eta ondoren ematen diot eskua, baita besarkatu ere.

Aurkaria aipatu duzu. Asko pentsatzen al duzu Bradley Skeetengan?

Ez. Nik neure buruarengan pentsatzen dut. Bideoak-eta ikusten ditut, baina ni nire lana egiten nabil. Aurkariarekin ez naiz itsutzen. Aurkariaren analisia entrenatzaileak egiten du. Berak ematen dizkit azalpenak eta aholkuak.

Eta Skeete nolakoa da?

Garaia da, ni baino zazpi zentimetro altuagoa da [1,77 metro da luze Lejarraga eta 1,84 Skeete]. Oso ondo mugitzen da, eta orain arteko aurkari zailena da. Oso teknikoa da.

Eta zu?

Ni ez naiz teknikoa; ni indartsua naiz, jotzailea.

Irabaziz gero, Munduko Txapelketagatik lehiatzeko zerrendan sar zaitezkeela esan da.

Ahaztu hori! Lehenbizi, borroka hau irabazi behar dut. Nik ez dut aurreragokoetan pentsatzen.

Orain arte ez duzu galdu profesionaletan: 24-0 balantzea duzu. Beldurra ematen dizu galtzeak?

Ez. Galtzeagatik ez da ezer pasatzen. Ez dakit noizbait galduko dudan, baina gertatzen bada, denak berdin jarraituko du. Nik goraka egingo dut, eta kito! Galtzea ez da atzerapauso bat.

AEBetan borrokatu zinen behin. Ezberdina da han?

Niretzat berdina da. Han laguntza gehiago daude, baina hemengo egoera gero eta antzekoagoa da.

Noiz arte borrokatuko zaren pentsatu duzu? Eta ondoren?

Nahikoa diru irabazten badut, 29 urte egin arte, edo 30. Oso argi dut hori. Gero boxeoa utziko dut. Ez dut uste gero entrenatzaile edo hasiko naizenik, erretiroa hartzean boxeoa utziko dut.

Dirua aipatu duzu maiz.

Nire lana da. Jendeak zeren truke egiten du lan? Zuk elkarrizketak soldata baten truke egiten dituzu, edo norbaitek etxean konponketa bat egiten badizu, diru truk egiten du. Bakoitzak bere lana dauka, eta lanak dirua eman behar du. Nik hau ez dut zaletasun moduan hartzen. Hala balitz, beste nonbaiten egingo nuke lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.