Errusiako Munduko Kopa. Portugal 3-3 Espainia

Eta Cristianok errematea

Portugal bitan jarri da aurretik, eta Espainiak irauli egin du emaitza, baina Real Madrileko jokalariak berdindu egin du 88. minutuan. Hiru gol sartu ditu

Cristiano Ronaldo Portugalgo selekzioko aurrrelaria, hirunakoa lortzear. SEBASTIAO MOREIRA / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Cristiano Ronaldok, penaltiz (4. min). 1-1: Diego Costak (24. min). 2-1: Cristiano Ronaldok (44. min). 2-2: Diego Costak (55. min). 3-2: Nachok (58. min). 3-3: Cristiano Ronaldok (88. min). Epailea. Gianluca Rocchi (Italia). Txartel horiak: Portugalgo Bruno Fernandesi; eta Espainiako Busquetsi. Bestelakoak. 28.000 ikusle inguru Sotxiko Fisht estadioan.

Aspaldiko esaera batek dio txakur ahulari arkakuso asko hurbiltzen zaizkiola. Bada, Errusiako Munduko Koparen hasiera honetan txakur ahulik baldin badago, hori Espainiako selekzioa da. Lehiari ekin baino bi egun eskas lehenago hautatzailerik gabe geratu izana nahikoa kolpe izan ez balitz, beste bat jaso zuen atzo. Izan ere, azken unean egin zion ihes garaipenak Portugalen aurka. Cristiano Ronaldok 88. minutuan faltaz sartutako gol eder batek eragotzi zuen espainiarrek hiru puntu batzea.

Kolpe handia eman dio Portugalek Espainiari, benetan min egiten duten horietakoa, zailena egin ondoren jaso baitzuten espainiarrek kolpea. Izan ere, bitan jarri zen aurretik Portugal 1-0 eta 2-1, baina Fernando Hierrok entrenatutako taldea gai izan zen neurketari buelta emateko (3-2). Garaipenak gertu zirudienean, ordea, eskutik ihes egin zion, edo Cristiano Ronaldok kendu. Aurrelari portugaldarra ikusgarri aritu zen, hiru gol sartu baitzituen. Hark salbatu zuen Portugal, eta Espainia kondenatu.

Joan-etorrian jokatutako partida izan zen. Portugal Espainiaren areara gerturatu zen lehen aldian, Cristiano Ronaldok Nachorekin tupust egitea bilatu zuen. Bikain atera zitzaion amarrua portugaldarrari, epaileak penaltia adierazi baitzuen. VARak ez zuen ezer aldatu, eta Cristiano Ronaldok ez zuen huts egin. 0-1. Lau minutu besterik ez ziren jokatu.

Gorabehera askoko lehia

Espainia behartuta zegoen aurrera egitera, eta horixe egin zuen. Arriskua sortzen hasi zen. Portugalek, aldiz, atzerapausoa eman zuen. Argi zuen egitekoa: atzean sendo aritu, eta kontraerasora atera. Itsu-itsuan ari ziren espainiarrak, eta garesti ordaintzear izan ziren, Guedesek bigarren gola egiteko aukera izan baitzuen.

Diego Costak, ordea, ez zuen huts egin. Busquetsek eginiko aldaratze luze bat irabazi zion Peperi zelai erdia pasatuta, bi atzelariri iskin egin zien, eta jaurti, zutoinera pegatuta, eta gola sartu. Banakoa. 24. minutua zen.

Golak areagotu egin zuen espainiarren nagusitasuna, eta Iscok gertu izan zuen bigarren gola, baina haren jaurtiketa langara joan zen, eta golaren marran botea egin.

Baina 1-2koa gertu zirudienean etorri zen 2-1koa. Cristiano Ronaldok sartu zuen berriz ere gola, area kanpotik, eta De Geak egindako huts handia baliatuta. Hortxe amaitu zen lehen zatia.

Hain izan zen handia Portugalek Espainiari emandako kolpea, ezen erritmoak kolpe batetik egin zuela behera bigarren zatiaren hasieran. Jota ziruditen espainiarrek, baina jokaldi bakartu batean, falta jaurtiketa batean, binakoa egin zuen Diego Costak, buruz. Golak hautsi egin zuen lehia, eta hiru minutu eskas geroago Nachok hirugarrena sartu zuen, area kanpotik.

Ordu erdi falta zen, mundu bat neurketa nola zihoan ikusita. Bada, azken unean aldatu zen dena, 88. minutuan. Cristiano Ronaldok hirugarren gola sartu zuen, falta jaurtiketa bat maisuki jaurtita. Ez zen gol gehiago izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.