Zirrikitutik sartu da

Euskal Herriko Herri Kirol Federazioa eskubide osoko kide gisa onartua izan da Nazioarteko Sokatira Federazioan.

TWIFen arabera, Euskal Herriak legalki ordezkaritza propioa izan dezake.

17 bozetatik, 13 aldekoak izan dira
Gaztedi Laukizko taldeko ordezkari bat, ahalegin betean, goma gaineko Euskal Herriko txapelketako tiraldietan.
Gaztedi Laukizko taldeko ordezkari bat, ahalegin betean, goma gaineko Euskal Herriko txapelketako tiraldietan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2014ko uztailak 5
EHKF Euskal Herriko Herri Kirol Federazioa ofizialki eta eskubide osoz da TWIF Nazioarteko Sokatira Federazioko kide. Azken 40 urteetan eginiko lanaren eta duela bi urte hasitako bulego bidearen helmuga izan da. TWIFek ekainean egin zuen bozketa sekretua ordezkarien artean. Hamazazpik eman zuten boza —24 partaide dira guztira, eta Frantziak, esaterako, ez du bozkatu— eta hamalauk alde bozkatu zuten, hiruk aurka eta batek zuri. «Behin horra iritsita, lasaiago geunden, bagenekielako taldeek gu federazioan egotea nahi zutela. Anekdota moduan, Suitzaren jarrera: lehen egunean alde bozkatu, eta kopia bat bidali ziguten». Azalpena Jone Zarragarena da, euskal federazioak aurrerantzean TWIFen izango duen ordezkariarena eta, aldi berean, sarrera eskaera dinamizatu duen batzordeko kidearena.

Euskal sokatirak nazioartean modu ofizialean lehiatzeko nahia ez da berria. Aurrerantzean, baina, Basque Country (Euskal Herria ingelesez) izenarekin parte hartu ahalko du, eta abuztuaren bukaeran estreinatuko du estatus berria, Munduko Lur Gaineko Txapelketan, Madisonen (AEB). Hori bai, Hego Euskal Herriko sokatiralarik bakarrik eraman ahalko dituzte, Frantziak baduelako sokatira federazioa.

Aurretik, beste izen eta tarteko bideei esker lehiatu izan da munduko txapelketetan. Sokari helduta bezainbeste tira egin du TWIFeko bulegoetan. EHKF 2004an irten zen TWIFetik, eskubide osoko kide ez zenez Espainiaren izenean lehiatzera behartzen zuelako. Azken bulego ahalegin hau, baina, 2012ko maiatzean du iturburua, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez zuenean ametitu Kirolaren Euskal Legeari jarritako helegitea. Hortik aurrera, Espainiak federaziorik ez zuen kiroletan Euskal Herriak bere burua ordezka zezakeen.

«Zirrikitu bat ireki zen, leiho bat», gogoratu du Zarragak. Eusko Jaurlaritzari laguntza juridikoa eskatu, eta batzorde bat osatu zen. Zarragaz gain, lurralde bakoitzeko federazioko ordezkari bat zegoen: Ruth Linaza (Araba), Ezekiel Martin (Nafarroa), Joxe Inazio Saizar (Gipuzkoa), Juan Miguel Ranero (Bizkaia) eta Edu Mendizabal (Euskal Federazioa), eta, epaileen izenean, Jose Mari Markaida. Kirolaren euskal legea besapean hartuta, TWIFen atea jo zuten, eta federazioak erantzun zuen NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeari galdetu behar ziola, Euskal Herriak ez duelako olinpiar batzorde propiorik. «Borondate kontua da. TWIFen helburua sokatira berriz ere Olinpiar Jokoetako kirola izatea da, eta Euskal Herria onartu izana bide horretan oztopoa izateko beldur da», azaldu du Zarragak.

EHKF onartzeko trabarik ez zegoela erantzun zion NOBk TWIFi, bere esku zegoela, elkarte pribatua baita. TWIFek, era berean, ikusi zuen beste kirol batzuetan bazeudela olinpiar batzorde propiorik gabeko herrialdeak. Gauzak hala, EHFK-k bozketa bizkor egiteko eskatu zuen, eta Zarragak uztailaren 1ean jaso zuen albiste ona. «Ni taldeekin oroitu nintzen berehala. 40 urtez nazioartean itxura oso ona ematen ez ezik, sokatiraren alde eta sokatirari eusten aritu diren taldeekin. Baita ere, aurretik federazioan egondako kideekin, epaileekin... Horiek guztiek ereindakoa jaso dugu».

Herri Kirol Federazioan ere, logikoa denez, zoriontsu daude; Bernardo Ureta da presidentea: «Albiste handia da, lehenbizikoak izan garelako eta beste federazio batzuei atea zabaldu diegulako. Sokatirarentzat ere pizgarri izango da, ziur. Nik, dena den, batzordeko kideen lana goraipatu nahiko nuke, euren opor egunak dohainik eta ezeren truke eman dituztelako munduan barrena TWIFen bileretara joateko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna