Thevenard eta Mauclair nagusi

Thevenard eta Mauclair frantziarrek irabazi dute Mont Blanceko Ultratraila.Ion Azpiroz hamalaugarren izan da; Uxue Fraile, bigarren, eta Silvia Trigueros, laugarren

Unai Ugartemendia.
2015eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Faboritoek ez dute hutsik egin asteburuan Chamonixen. François D'haene iazko txapeldunaren eta Iker Karrera txapeldunordearen —Tofol Castañerrekin batera— hutsuneak betetzeko faborito sorta zegoen aurten Mont Blanceko Ultratrailean (UTMB). Izen ezagunenen artean zeuden Tofol Castañer bera, Miguel Anjel Heras eta Luis Alberto Hernando espainiarrak, Sage Canaday eta David Laney estatubatuarrak eta Xavier Thevenard, Julien Chorier eta Erik Clavery frantziarrak.

Mota horretako lasterketetan, arazo fisikoez eta urdailetako arazoez haratago, buruak ere lan handia egiten du, eta horretan maisua da Xavier Thevenard Mr. UTMB (Nantua, Frantzia, 1988). Zergatik deitzen dioten horrela? 2013an ere irabazi zuen UTMB, CCC 2010ean eta TDS iaz.

Hura izan zen, lasterketaren burua hartu ondoren, helmugara iristen lehena. Ia ordubeteko tartea atera zion bigarren izan zen Hernandori. Euskaldunen artean aipatzekoa da Ion Azpiroz berastegiarraren lana. Atzetik aurrera egin zuen lasterketa, eta amaieran hamalaugarren postuan sartu zen helmugan. 24 ordu, 38 minutu eta 37 segundo behar izan zituen, lasterketaren 170 kilometroak osatzeko.

Emakumeetan, Nathalie Maclaur zen faboritoa, Nuria Picas kataluniarrarekin batera. Mauclairrek gauzak bere lekuan jarri zituen hasieratik: hasi orduko lehen postuan jarri zen eta ez zien inongo aukerarik eman gainerako aurkariei, are gehiago Picasek gaua iritsi baino lehen erretiratzea erabaki eta gero.

Baina eguneko sorpresa handiena euskaldun batek eman zuen: Uxue Frailek. Lehen kilometroetan aurrean irten eta ondoren atzeratu egin zen arren, esperientzia lagun, pixkana-pixkana aurrera joaten hasi zen eta konturatzerako lehenengo bosten artean zegoen. Azken kilometroetan atera zituen indarrak donostiarrak, eta konturatzerako bigarren postuan jarri zen. Eutsi egin zion. Silvia Trigueros laugarren sailkatu zen.

Mendiko lasterketen festa

Chamonixko UTMB da munduko ultratrail ezagunena, distantzia luzeko korrikalari gehienek gutxienez behin egin nahi dutena. 2003ko lehen aldian ia 700 korrikalari bildu zituen; aurten, aldiz, ia 2.600, ostiralean 18:00etan abiatzeko prest. Gauzak asko aldatu dira 2003tik: orduan ez zen izaten arazo askorik izena emateko; gaur egun, ordea, beste lasterketa batzuk bukatu behar izaten dira, puntuak bildu eta UTMB egin ahal izateko (bederatzi puntu behar dira, gehienez ere hiru lasterketatan, UTMBrako). UTMB egin ahal izateko zozketan sartzeko.

Lehenengo urtean lasterketa bakarra izan zen, UTMB (170 kilometro, +10.000 metro). Urteak pasatu ahala, gero eta lasterketa gehiago antolatzen dituzte, eta aurten sei lasterketa egin dituzte:PTL (La Pettit Trotte a Leon, 300 kilometro, +2.600 metro), UTMB, TDS (Sur les Traces des Ducs de Savoie, 119 kilometro, +7.250 metro), CCC (Courmayeur-Champex-Chamonix, 101 kilometro, +6.100 metro), OCC (Orsieres-Champex-Chamonix, 53 kilometro, +3.300) eta #YCC (16-22 urteko gazteentzako lasterketa).

Euskaldunek oso emaitza onak lortu ohi dituzte lasterketa nagusian: 2010ean Zigor Iturrieta hirugarren izan zen —lasterketa geratu eta gero, berriro abiatutako bertsio motzago batean—; Iker Karrera bigarren izan zen 2011n eta 2014an; Javi Dominguez, hirugarren 2013an, eta Silvia Trigueros eta Uxue Fraile, bosgarren; bata 2013an eta bestea iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.