Bartzelona 3. Athletic 1

Tentsioa sortu du behintzat

Jokoan gutxiago izanda ere, Athleticek oso estu hartu du Bartzelona, eta gol bakarra falta izan zaio Espainiako Kopako final-laurdenetan sartzeko. Luis Suarez, Neymar eta Messi, etxekoen golegileak

Leo Messi Bartzelonako aurrelaria, atzo, 3-1eko jokaldian, falta jaurti berritan; zutoina ukitu ondoren, sareetara joan zen baloia. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Luis Suarezek (35. min.). 2-0: Neymarrek, penaltiz (48. min). 2-1: Saboritek (51. min.). 3-1: Messik (78. min.). Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Bartzelonako Umtitiri; eta Athleticeko Etxeita, Laporte, Elustondo, Beñat eta Williamsi. Bestelakoak. 71.455 ikusle Camp Nou futbol zelaian.

Porrot pozgarririk ez dago. Min ematen dute galdutako partida guztiek, eta zer esanik ez joan-etorriko kanporaketetakoek. Athletic Espainiako Kopatik kanpo dago jada. Hori da errealitatea. Baina atzo, beste behin ere, oso estu hartu zuen Bartzelona ahalguztiduna. Luis Suarezek, Neymarrek eta Messik irauli zuten joaneko partidako 2-1ekoa, baina denboraldi honetarako iparrorratza zein den ikusi zuten zuri-gorriek: intentsitatea, grina, presioa eta bihotza. Iragan hurbilean gertatu bezala, kataluniarrak jarri dira, berriz ere, Kopako finalera arteko bidean, baina oso multzo lehiakorra daukala berretsi zuen atzo Athleticek. Galdu arren.

Eurena egiteko asmo irmoarekin zelairatu ziren bilbotarrak, atzeko lerroa ia zelai erdiraino aurreratu eta presioa oso goian eginda. Williamsek eta Sabin Merinok lan ona egin zuten lehen ordu laurdenean, baina ezer askorik eskaini gabe egin zuen Bartzelonak baloia bere. Kontraerasoaren aldeko apustua egin zuen Ernesto Valverdek, baina 11. minutuan Saboritek Williamsi bidalitako pase sakonean bakarrik sortu zuen arrisku pixka bat Athleticek.

Lehen hogei minutuetan Jordi Albak eta Neymarrek bakarrik sortu zuten ezinegona zuri-gorrien atzealdean, baina Messi esnatzearekin batera hasi ziren sufritzen bilbotarrak. Joanekoan gertatu bezala, 26. minutuan epaileak huts egin zuen Bartzelonaren kaltetan, eta baliorik gabe utzi zuen Luis Suarezen legezko gola. Pasea jaso zuenean Neymarren jokoz kanpokoa adierazi zuen marrazainak, baina ez zegoen. Hiru minutu geroago min hartu zuen Etxeitak izter atzean, eta Elustondok ordezkatu behar izan zuen —erdiko atzelari gisa aritu zen Boveda, eta hegalean Elustondo—. Eta bost minutu geroago iritsi zen Bartzelonaren lehen gola, Bovedak gehiegi arriskatuta galdutako baloi inozoaren ondoren. Neymarrek pase neurtua bidali zion Luis Suarezi bigarren zutoinera, eta uruguaitarrak sareetara bidali zuen baloia lurrera erortzen utzi aurretik.

Laportek Messiri egindako falta argiarekin amaitu zen lehen zatia. Epaileak txartel horia atera zion atzelariari, baina gorria ez zuen urrun izan, Iraizozen aurrean gelditzera zihoalako Messi —artean ez zeukan baloia kontrolatuta—.

Penaltia eta Saboriten gola

Laportek Messiri egindako faltarekin amaitu zen lehen zatia, eta Bovedak Neymarri egindako penaltiarekin hasi bigarrena. Irrist egin zuen atzelariak, eta Neymarrek ez zuen barkatu. 48. minuturako 2-0 aurretik ziren kataluniarrak. Baina Saboritek tentsio handia sortu zion Bartzelonari 53. minutuan, Elustondoren erdiraketa burukada bikainarekin amaitu zuenean (2-1). Luzapen arriskua zegoen emaitza horrekin, eta Bartzelona bultzaka bakarrik iritsi zen Athleticen area ingurura. Erasok eta Elustondok asko sufritu zuten Neymarrekin, baina, beste askotan bezala, Messiren falta jaurtiketa ikusgarriak desorekatu zuen kanporaketa, 78. minutuan. Zutoina ukitu ondoren sareetara joan zen baloia.

Susaeta zelairatuta saiatu zen Valverde miraria lortzen, baina ezinezkoa izan zen. Bartzelona ahalguztiduna oso estu hartuta ere, bidean gelditu da Athletic.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.