Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola Bizirik utzi du aurkari apala

Publizitatea

Kirola

ATHLETIC 3 APOEL 2

Bizirik utzi du aurkari apala

Athletic askoz gehiago izan bada ere, ez du erabaki Apoelen aurkako kanporaketa, Europako ligako final-hamaseirenetan. Williams izan da onena, eta erakustaldia eman du
Williams baloia atean nola sartzen zen begira, atzoko partidan. Berea izan zen errematea.
Argazkia: MIGUEL TOÑA / ARGAZKI PRESS

2017-02-17 / Aitor Manterola

Golak. 0-1: Efremek (36. min.). 1-1: Merkisek b.a. (38. min.). 2-1: Adurizek (61. min.). 3-1: Williamsek (72. min.). 3-2: Giannotasek (89. min.). Epailea. Jonas Eriksson. Txartel horiak: Athleticeko Laporte eta Raul Garciari, eta Apoeleko Efrem, Merkis, Giannotas eta Yambereri. Bestelakoak. 35.000 ikusle inguru San Mamesen.

Ernesto Valverdek partida atariko ohiko prentsaurrekoa eman zuen herenegun, eta bat baino gehiago harritu egin zuen Apoelen maila oso goian jarri zuelako. Kezkatu ere bai bat edo beste, Athletic azkenaldian jokoz eskas samar dabilelako. Entrenatzailearen hitzak entzunda harritu zirenak are gehiago harritu ziren Ziprekoen maila apala dela ikustean. Orduan azaldu zen zein zen Valverderen asmoa hitzok esatean: ez zuen nahi taldeak lo hartzea, ezta zaleek pentsatzea erraza izango zela. Baina berak bazekien bere barrurako Apoel hau ez dela beste munduko gauza, emaitza gorabehera. Gehiegizko konfiantza uxatzeko puztu zuen aurkariaren maila.

Gutxirekin nahikoa sortzeko gai izan ziren Athleticekoak. Nahiz eta erakutsi ez dela bere ezaugarri onena jokoa asko lantzea, pare bat egoera sortzea eta bilatzea nahikoa izan zitzaion erraz zulatzeko Ziprekoen defentsako lana. Batez ere, eskuin hegaletik saiatu zen etxeko taldea, eta guztien gainetik Williams nabarmendu zen. Nahi bezala, eta ahalegin handirik egin gabe utzi ahal izan zuen atzean Ioannou atzelaria. Bazter horretatik piztu zuen sua Valverderen taldeak lehen zatian, beste esparru eta leku guztietan sormen handirik ez zelako egon. Ia-ia ezer egin gabe, aukerak sortzeko gai izan zen, baina zailena egiten ez zuen asmatu taldeak. Williams ondo eta erraz sartu arren hegaletik, baina ezin eraginkortasunik atera egoera horiei.

Apoelek baloia eman zion Athletici. Nahita edo beste ezer gehiago egiteko gai ez delako, kontua da Ziprekoen estrategia horretara mugatu zela. Arrisku bi zeuzkan etxeko taldeak: gutxirekin asko egin zezakeela sinestea batetik, eta ondorioz, tentsioa galtzea lan batzuetan; esate baterako, aurkariari kontraerasoan ateratzen ez uzteko beharrean.

Horrela eman zuen danbatekoa Apoelek 36. minutuan. Kontraerasoan harrapatu zuen etxeko taldea, eta Efremen sekulako gola sartu zuen. Baina tximista bezala azaldu bazen jokaldia, ezkutatu ere oso azkar ezkutatu zen kanpotarren poza. Handik minutu batera, berdindu egin zuen Athleticek. Williams, nola ez, eskuin hegaletik sartu zen, eta bere jaurtiketa Waterman atezainak urrundu zuen. Jokaldiaren segidan, Balentziagak erdiratu edo jaurti egin zuen, eta Merkisek bere atean sartu zuen baloia.

Sustoa gainditua zeukaten jokalariek eta zaleek, eta atsedenaldira joan zirenenean bi taldeak, pentsamendu arraroa zabaldua zegoen San Mamesen: gutxirekin asko egin zezakeen taldeak, baina emaitza berdindua zegoen. Normalean, horrelako partidetan, onena nagusitu egiten da, eta hala gertatu zen bigarren zatian.

Ezin biribildu nagusitasuna

Lehen zatiak erakutsi zion Valverderi baloia azkarrago mugitu behar zuela bere taldeak, beste txispa bat behar zela. Eskatuko zien jokalariei, eta bai zintzo bete ere hauek. Joko hobeak golak ekarri zituen, eta kanporaketa ondo bideratzeko modua ere bai. Adurizek sartu zuen bigarrena 61. minutuan, Muniainek goian egindako lapurretari etekin paregabea ateraz.

Golak sosegua ekarri zuen harmailetara, eta taldearen berotuak zaleak ere piztu egin zituen. Bide onean ziren etxeko jokalariak gol gehiago sartzeko, eta Williamsek biribildu egin zuen bere partida handia golarekin. Buruz sartu zuen 72. minutuan, baloia dotore gurutzatuz, eskuinetik Raul Garciak emandako pasea baliatuz.

Azkenera etorri ziren kezkak berriz, Giannotasek Apoelen bigarrena sartu zuenean. Inork espero ez zuenean. Valverdek ere ez, nahiz eta esan zuena esan partidaren bezperan. Ustekabean, zaildu egin zaio kanporaketa taldeari. Bizirik utzi du Apoel.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak