Baskonia 85-79 Bartzelona

Garaiz jarri du iratzargailua

Lehen zati kaskarra jokatu eta gero, Baskoniak gogotik egin behar izan du lana kanporaketa 2-0 jartzeko. Bihar Bartzelonan irabazten badu, ACB ligako finalean izango da Pedro Martinezen taldea

ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Baskonia. Huertas (15), Timma (5), Janning(19), Poirier (7), Voigtman (5)—hasierako bostekoa—Vildoza, Beaubois (12), Diop (1), Granger (6), Garino (3) eta Xengelia (12).

Bartzelona. Hanga (13), Navarro (4), Jackson (7) , Moerman (18), Tomic (12) —hasierako bostekoa—Reynolds (8), Heurtel (8), Sanders (2), Koponen eta Claver (7)

Markagailua 18-26;38-48—atsedenaldian—67-65;85-79.Epaileak.Perez-Perez, Conde eta Serrano..Bestelakoak. 9.814 ikusle Fernando Buesa Arena pabiloian.

Lehen partidan erraz eta modu ikusgarrian izan bazen; bigarrenean sufrituta eta lan asko eginda. Baskoniak garaipen baliotsua lortu zuen atzo Bartzelonaren kontra Buesea Arenan (85-79), eta garaipen bakarrera du ACB ligako finala. Bihar bertan lor dezake sailkapena, Bartzelonan irabazten badu. Bestela beste bi aukera gehiago izango ditu. Atzokoan lo irten zen Pedro Martinezen taldea. Baina garaiz jarri zuen iratzargailua, hirugarren zatian. Hirukoak eta defentsa izan ziren hain zuzen ere pizgarria. Janningen bi hirukori eta Grangarren bati esker lortu zuen Pedro Martinezen taldeak aurretik jartzea: 61-60 (hirugarren laurdena amaitzeko hiru minutu falta zirenean). Laugarrenean sufritzen jakin zuen, Bartzelona gertu izan arren, ondo kudeatu zuelako abantaila. Bigarren zatian Bartzelonak 31 puntu baino ez zituen sartu.

Lehen partidak ez bezala, kanporaketetako norgehiagokek izan ohi duten emozioa eduki zuen atzokoak. Arabarrek gogotik egin behar izan zuten lan garaipena lortzeko. Finala jokatzeko estatistikak alde ditu Baskoniak. Izan ere, sekula ez zaio buelta eman 2-0 bati, eta ia erditan amaitu da 3-0.

Baina Baskoniak gaizki ekin zion partidari. Lo irten zen, eta lehen laurden kaskarra jokatu zuen. Defentsan bigun aritu zen, eta erasoan kamuts. Gainera, ez zuen ohiko joko bizia eta bizkorra egin. Bartzelonak, bien bitartean, bere kasa jardun zuen, eta Oriola eta Rivas eduki ez arren, lehen partidan baino dezente gehiago estutu zuen defentsan. Hala, hamabi puntuko errenta lortu zuen: 8-20, lehen laurdena amaitzeko hiru minutu falta zirenean. Baina errenta hori handitzen joan zen, eta 13koa izan zen: 13-26. Eskerrak azken bi jokaldietan, Beauboisen bi jaurtiketa libre sartu zituela, eta Xengeliak biko saskiratzen bat. Hala, emaitza apur bat estutu, eta hamar puntuko alde psikologikoa jaistea lortu zuen: 18-26.

Kontrakarrean eta kostata izan bazen ere, Baskonia jokoa hobetzen joan zen. Hala, puntuz puntu aldea murrizten joan zen. Baina bi aukera galdu zituen bost puntura hurbiltzeko, eta Bartzelonak berriro lortu zuen bederatzi puntuko errenta (24-33, atsedenaldirako bost minutu falta zirenean). Jokoa hobetu bai, baina emaitzan ez zuen islarik. Hala, atsedenaldira 38-48 iritsi ziren.

Baskoniak hogei minutu zituen egoera iraultzeko, eta baita lortu ere. Izan ere, atsedenalditik bueltan esnatu zen Baskonia. Beauboisen eta Voigtmanen hiruko banak eta Huertasen biko batek jarri zuten horretarako oinarria. Ondoren ailegatu ziren Janningek eta Grangerrek hirukoak, eta hortik aurrera hortzak estutu behar izan zituen Pedro Martinezen taldeak, emaitzari eusteko. Ohiko defentsa gogorra egin zuen, eta hor egon zen beste gakoetako bat.Baita baloi gutxiago galdu zituela ere. Izan ere, lehenengo zatian bederatzi galdu zituen.

Laugarren laurdeneko hasieran bost puntuko abantaila izan zuen: 74-69. Baina Bartzelona ez zegoen amore emateko prest, eta hiruzpalau puntura egon zen ia uneoro. Soilik azken minutuan lortu zuen Baskoniak errenta handitzea.

Gaur jokatuko dute Kanaria Handiak eta Real Madrilek beste finalerdietako hirugarren partida. Pablo Lasoren taldeak irabazten badu, finalean izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.