Real Madril 90-94 Kirolbet Baskonia

Sufritzea merezi izan du

Baskoniak kolpea eman du ACB ligako finaleko lehen partida irabaziz, Madrilen. Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak partida serioa eta ausarta jokatu du

Baskoniako Janning eta Poirier jokaldi bat egin nahian, Real Madrileko Tavares aurrean dutela. JUANJO MARTIN / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun

Real Madril.Causer (5), Doncic (12), Campazzo (4), Tavares (12), Thompkins (4) —hasierako bostekoa—, Rudy F. (8), Ayon (4), Carroll (20), Llull ()14, Taylor (3) eta Reyes (4).

Kirolbet Baskonia. Vildoza (16), Timma (12), Janning (9), Poirier (13), Xengelia (12) —hasierako bostekoa— Voigtmann (11), Huertas (7), Beaubois (11), Diop (2), Granger eta .Garino.

Markagailua. 17-19, 39-39 (atsedenaldian); 58-67 eta 90-94.

Epaileak. Perez Pizarro,Conde eta Peruga. Ez dute inor kanporatu.

Bestelakoak. Finala izan arren, ez da guztiz bete Wizink Arena.

ACB ligako finala irabazteko aukera izateko Madrilen garaipen bat lortu behar zuen Baskoniak, eta aurrenekoan eskuratu du. Sufrituta egin zuen, baina merezita. Amaiera gozoa izan zuen sufrikarioa izan zen atzokoa. Partida serioa jokatu zuen Pedro Martinezen taldeak, bai defentsan baita erasoan ere. Euroligako txapeldunari konplexurik gabe eta nor baino nor gehiago lehiatuz. Une erabakigarriak ondo kudeatu zituen, eta burua hotz izan zuen. Talde gaztea izan arren, eskarmentua duela erakutsiz. Hala, modu ezin hobean hasi du finala. Bi garaipenera du titulua, eta kantxa faktorea alde.

Maila handiko partida izan zen atzokoa, eta finalek izan ohi duten emozioa eduki zuen. Azken segundoak Baskoniako zalerik lasaiena urduri jartzeko modukoak izan ziren. 11 segundo falta zirenean Baskoniak sei puntuko aldea zuen: 84-90. Baina Llullek eta Carrolek bi hiruko sartu zituzten. Eskerrak tartean Voigtmannek biko bat sartu zuela, eta Beaubois fin aritu zela azken bi jaurtiketa libreetan. Horrek eman zion garaipena Baskoniari.

Partida biribil bati saria izan zen garaipena. Ausart eta serio irten zen Baskonia partidara. Nortasunarekin, eta nor baino nor lehiatuko zela erakutsiz. Hala, lehen zati oso txukuna jokatu zuen.Bazekien ezin ziola Real Madrili bizi jokatzen utzi, eta ezinbestekoa zela aginte makila hartu eta jokoaren erritmoa ezartzea. Vildozak eta Huertasek asmatu egin zuten horretan. Pedro Martinezen taldeak pazientziaz jokatu zuen erasoan, zuloak ondo topatuz, eta jaurtitzeko abagune onak baliatuz.

Defentsan, berriz, serio eta zorrotz jardun zuen. Hala, Real Madrileko kanpoko jokalariak ez ziren eroso aritu: Doncic, Carrol, Rudy, Campazzo eta enparauak kontrakarrean zebiltzan. Tavares izan zen aukera onak bilatu eta uztaipean Baskoniari min egiten asmatu zuen bakarra. Zortzi puntu sartu zituen lehen zati horretan.

Gainera, finala irabazteari begira, erabakigarrian izan daitezkeen bi alor mendean hartu zituen Pedro Martinez taldeak: errebotea eta hirukoak. Lan on horri esker, Baskonia aurretik joan zen minutu gehienetan. Errentarik handiena lehen zati horretan zazpi puntukoa izan zen. Pena izan zen azken bi jokaldietan lo hartu zuela Baskoniak eta berdinketarekin amaitu zirela lehen 20 minutuak.

Bigarren zatia ere ondo hasi zuen Baskoniak, Voigtmannek sartutako bi hirukori esker, eta berriro ere sei puntuko errenta lortu zuen: 43-49. Baina Real Madrilek noizbait esnatu behar zuen. Bi minutuan zazpi eta hutseko partzial bat sartu, eta aurretik jarri zen: 50-49, laurdena amaitzeko bost minuturen faltan.

Baskonia erasoan asmatu ezinik zebilen, baina ordura arte agertu gabe zegoen jokalari batek hartu zuen ardura orduan: Beauboisek. Bederatzi puntu sartu zituen ia erreskadan. Hala, arabarrek lehiako unerik zailena gainditzea lortu zuten. Hirugarren laurdena norgehiagokako errentarik handienarekin amaitu zuten, Janningen hiruko ikusgarri bati esker: 58-67.

Azken laurdenean Real Madril gai izan zen emaitza irauli eta hiru puntuko aldea lortzeko 82-79. Baina Baskoniak sufritzen jakin zuen, garaipena lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.