Errusiako Munduko Kopa. Kolonbia 1-2 Japonia

Kolonbiara bidali du krisia

Japoniak merezita eta ezustekoa emanda irabazi du lehen partida. Hasi orduko, epaileak haren aldeko penaltia adierazi du; Kolonbia hamar jokalarirekin geratu da
James Rodriguez Kolonbiako jokalaria, burumakur, atzoko partidaren amaieran. Atzean, Japoniako jokalariak, irabazi dutela ospatzen.
James Rodriguez Kolonbiako jokalaria, burumakur, atzoko partidaren amaieran. Atzean, Japoniako jokalariak, irabazi dutela ospatzen. ESTEBAN BIBA / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko ekainak 20
Golak. 0-1: Kagawak, penaltiz (6. min). 1-1: Quinterok (39. min). 1-2: Osakok (73. min). Epailea. Damir Skomina (Eslovenia). Txartel horia: Kolonbiako Barriosi. Txartel gorria: Kolonbiako Carlos Sanchezi (3. min). Bestelakoak. 40.842 ikusle Saranskeko Mordovia Arenan.

Krisi latzean iritsi zen Japonia Munduko Kopara. Duela bi hilabete hautatzailea kaleratu behar izan zuen taldeko izarrekin zuen harreman txarrarengatik, eta federazioak Akira Nishinoren alde egin zuen, etxeko ligan eskarmentu luzedun teknikari bat. Hark kargua osteko lagunartekoetako irudi eta emaitzak ez dira onak izan, eta bili-bolo ibili da Errusiara joan den jokalari belaunaldiak onenak emanak zituela. Hori gutxi ez, eta lehen faseko partidarik zailena aurrenekoa zuen: Kolonbiaren aurka. Testuinguru ezin aproposagoa zen txapelketa txarra egiteko, baina bost minutu nahikoak izan ziren selekzioaren aldartea aldatzeko.

Japoniak, izan ere, beste ezusteko bat gehitu zion Munduko Kopa honi, eta lehen partidan uste baino uzta oparoagoa lortu duten taldeen zerrendara gehitu da. Partidako jokaldi erabakigarria bosgarren minutuan iritsi zen, Carlos Sanchez Kolonbiako erdilariak Kagawaren jaurtiketa area barruan besoarekin urrundu zuenean. Baloia atera zihoan, eta besoa luze eginda zuen. Epaileak penaltia adierazi zuen, eta, gero, egotzi. Kagawak sartu zuen, eta krisiak Ozeano Barea ertz batetik bestera gurutzatu zuen kolpetik.

Kolonbia, ustez, H multzoko talderik indartsuena da. Europako talde handietan ari diren jokalariz asko ditu. Atzo, baina, goizegi jarri zitzaion partida aldapa gora. Japonia talde bizi eta langilea da, eta Kolonbia deseroso aritu zen 90 minutuetan. Jokalariek une oro izan zuten itzal japoniar bat gainean. Kalitatea guztiz estaltzea, baina, oso zaila da, eta Kolonbiak falta jaurtiketa batean berdindu zuen partida (39. min). Quinterok pikarokeriaz jaurti zuen atera: hesiaren azpitik eta atezainaren zutoinera. Japoniak oinarrizkoenean egin zuen kale.

Bi taldeek anbizio handia erakutsi zuten bigarren zatian. Japoniak irabazteko aukera ikusi zuen, eta Kolonbiak beharra zuen. Japoniak askotan zapaldu zuen Ospinaren area, eta aukera onak izan zituen. Kolonbian, aldiz, Jose Pekermanek James izarra eta Bacca aurrelaria zelairatu zituen. Falcao ere zelaian zegoen. Zelai erditik gora Kolonbiak ez du inoren inbidiarik.

Japonia hazita zegoen baina, eta bigarren zatiko aukera garbienetako bat korner bilakatu zen 73. minutuan. Geldikako baloiak ez dira asiarren arma nagusia, 2-1ekoa halere, korner batean iritsi zen, buruz, eta area txikitik. Hondak itxi-itxia atera zuen, eta indar handiz. Ospina ez zen irten baloiaren bila, eta Osako aurrelariak, jauzian, buruz buruko lehia irabazi zion Ariasi. Japoniak merezitako saria lortu zuen, eta Kolonbiak kolpe gogorra hartu. Partida osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatzeak eragiten duen nekea sumatzen hasi zen, eta Japoniak askorik sufritu gabe eutsi zion emaitzari. Garaipen honi esker baliteke oin bat sartu izana final-zortzirenetan.