Unicaja 64-80 Baskonia

Hasieran sakatu du zanpagailua

Lehen laurdenean lorturiko abantaila kudeatu, eta finalerdietarako sailkatu da Baskonia. Bost eguneko atsedena du

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Unicaja Malaga. Diaz (7), Nedovic (14), Milosavljevic, Brooks, Xermadini (11)—hasierako bostekoa— McCallum, Salin (6), Rosa, Diez (8), Suarez (8), Okouo (4) eta Augustine (6).

Kirolbet Baskonia. Huertas (11), Beaubois (13), Timma (4), Xengelia (8), Poirier (12)—hasierako bostekoa— Granger, Vildoza (8), Janning (6), Garino (7), Voigtmann (7) eta Diop (4).

Markagailua. 11-27 33-52; 48-68 eta 80-64.

Epaileak. Perez Perez, Castillo eta Caballero. Poirier (39. min.) eta Diop (38. min.) Baskoniakoak kanporatu zituzten faltengatik.

Bestelakoak. 7.393 ikusle Martin Carpena pabiloian, Malagan (Espainia).

Kirolbet Baskonia ACB ligako finalerdietan egongo da. Bide laburrena hartu du iristeko, final-laurdenetako lehen bi partidak irabazita, eta, orain, bost eguneko atsedena izango du hurrengo kanporaketa prestatzeko. Ekainean sartuta hain epe handia izatea altxor bat da, lesio txikiak sendatu eta aurkariak ondo zelatatzeko. Sari hori, baina, ez zaio zerutik erori: atzo irabazi zuen, Unicajaren aurka partida handia eginda. Lehen laurdenean,0-19ko partziala lortu zuen, eta ondo kudeatu zuen alde hori amaierara arte. Unicajak, berriz, ez zuen jokatu espero zen bezala. Aurkari txikia izan zen.

Baskoniak Andorra edo Bartzelonaren aurka jokatuko du finalerdietan. Gasteizen Andorra nahiago dute, eta hura dago aurretik seriean (1-0). Bartzelonak, beraz, falta zaizkion bi partidak irabazi beharko lituzke sailkatzeko, gaur eta ostiralean. Pasatzen dena pasatzen dela, finalerdietako lehen partida heldu den astelehen gauean jokatuko da, Gasteizen (21:00), eta hurrengo biak, gaur zortzi eta hurrengo asteko ostiralean.

Baskoniak bizkor erabaki du Unicajaren kanporaketa, eta are bizkorrago atzo gaueko partida. Gasteizko taldeak ziztu bizian ekin zion lanari, eta, lehen hiru minutuetan elkarri neurria hartu ondoren (8-8, 3. min.), 0-19ko partziala kateatu zuen(8-27, 9. min.). Unicajak beste saskiratze bat bakarrik egin zuen laurden osoan. Baskonia oso fin ibili zen erasoan, eta, batez ere, ondo baliatu zituen Unicajak defentsan emaniko erraztasunak. Huertas sasoiko unerik gozoenean dago, eta ondo gidatu zuen taldea. Puntuak pilatzea, berriz, Janning eta Poirierren ardura izan zen.

Talde lan handia

Baskoniak eskura zuen garaipena. Unicajak jota zirudien, eta intentsitateari eustea zen gakoa etxekoak gerturatu ez zitezen. Ondo egin zuen hori, erasoari esker batez ere (33-52, 20. min.). Baskonia eroso ari zen: eremuan 32 puntu sartu zituen, eta hamahiru kontraerasoan. Zirimola zirudien. Unicajak denboraldi kaskarra egin du, eta zaleen txistuak entzun zituen atzo. Udan erratza pasatuko dute taldean. Ez zen partida iraultzeko aldarterik onena, eta Baskoniak ondo mugitu zuen baloia. Guztira 23 azken pase eman zituen, eta eraso bakoitzean hobekien kokaturiko jokalaria aurkitu zuen. Azken laurdena hasterako, partida erabakita zegoen (48-68, 30. min.).

Unicaja baloiaren atzetik korrika ibiltzeaz nazkatu zen, eta azken laurdena bizi joan zen. Une batez, hamalau puntura gerturatu zen ordezko jokalarien grinarengatik, baina ez zuen ezer egiterik. Pedrok gustura bukatu zuen azken laurdeneko tramitea. Jokalari asko oso ondo aritu dira kanporaketa honetan, Huertas eta Vildoza, kasurako. Antolatzaileak sasoiko buruhausteetako bat izan dira, eta fin daude orain. Grangerrek minutu bat jokatu zuen; eskertuko ditu egun hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.