REALA 2 EIBAR 2

Emaitza eta jokoa, biak bat

Berdindu egin dute derbia Realak eta Eibarrek, Anoetan. Epaileak armaginei egindako kaltea azken jokaldiko golarekin konpondu du Pedro Leonek. Bi taldeek hamar jokalarirekin bukatu dute partida
Bebe, Pedro Leon, Enrich, Dani Garcia eta Rivera, bigarren gola ospatu eta gero, Rulli lur jota ageri den bitartean, atzoko derbian, Anoetan.
Bebe, Pedro Leon, Enrich, Dani Garcia eta Rivera, bigarren gola ospatu eta gero, Rulli lur jota ageri den bitartean, atzoko derbian, Anoetan. JUAN HERRERO / EFE

Aitor Manterola -

2017ko martxoak 1
Golak. 1-0: Juanmik (14. min.). 1-1: Escalantek (26. min.). 2-1: Velak (penaltiz, 67 min.) 2-2: Pedro Leonek (92. min.). Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Realeko Zurutuza, Illarramendi, Granero eta Juanmiri (2); eta Eibarreko Pedro Leon, Escalante, Yoel, Rivera eta Lejeuneri (2). Txartel gorriak Realeko Juanmiri (59. min.) eta Eibarreko Lejeuneri (46. min.) eta Mendilibarri (66. min.). Bestelakoak. 20.335 ikusle Anoetan. Euria atertu gabe bota zuen partida osoan.

Jokoa eta emaitza, alde batean, eta epailea, bestean. Ikuskizuna jokalariek, eta ikusgarritasun neurrigabekoa epaileak. Justizia jokoan eta emaitzan, injustizia epailearen erabakietan. Derbiaren eta derbien ondorengoa beroa eta harroa izatea nahi dutenei nahikoa jateko eman zien Undiano Mallenco epaile nafarrak. Gipuzkoako bi taldeen artean xextra nahi dutenek, sua piztuta daukate atzotik.

Jokoak behar du izan funtsa eta mamia, eta horretara atera ziren, jator, Reala eta Eibar. Polita zihoan bien arteko derbia Anoetan. Lehen zatiak, bi egoera ezberdin utzi zituen agerian: Eibar gai izan zen Realaren jokoa hutsaren pare uzteko, eta kontuan izanda nolako jarioa duen Eusebioren taldeak, batez ere etxean, txalotzekoa da Jose Luis Mendilibarren jokalariek egindako lana defentsan. Ezintasuna jarri zieten bizkar gainean etxeko jokalariei lehen zatia aurrera zihoan heinean.

Baina Realak izugarrizko joa dauka, eta gutxi behar du gola sartzeko. Hori izan zen lehen zatiak bistaratutako bigarren egoera. Armaginek Realaren zelaian galdu zuten baloia, eta behar bezala ez estutzearen eraginez, eskuin hegaletik erraz joan zen aurrera etxeko taldea. Erdiraketa ondo baliatu zuen Juanmik, buruz sasoi honetako bere zazpigarren gola sartzeko.

Ordurako hasia zen Undiano Mallenco epailea txartelak errazegi ateratzen. Eta partidan izandako eragina, gehiago puztu zuen lehen zatia amaitu bitartean. Bi jokalditan, sutu egin zituen armaginak. Batean, barkatu egin zion bigarren txartel horia Zurutuzari, eta bestean, ez zuen adierazi penaltia, nahiz eta Yuriri nabarmen eta garbi jo zion baloiak korner bateko errematean.

Bi egoera horiek ez zuten aldatu Eibarreko jokalarien aldartea. Berdin jarraitu zuten lanean, eta defentsako lan onari, erasoan erabilitako zentzua gehitu zioten. Baliatuz Realak ez zuela behar bezala presiorik egiten baloia galtzen zuenean, ondo mugitu zuten baloia. Baina ezin etekinik atera, Ruben Peña aurrelaria bakar antzean zegoelako goian. Ondo eraman zuten baloia hegaletara, baina erdiraketetan, errematea falta. Enrich golegilea aulkia utzi zuen atzo Mendilibarrek, eta baita Adrian ere, beste golegilea. Abiadura nahi zuen entrenatzaileak aurrealdean, eta ezin esan ez zuenik lortu Realeko atzelariak urduri jartzea. Egoera arriskutsu bat baino gehiago izan ziren Rulliren areatik gertu lehen zatian.

Berdinketa 26. minutuan egin zuen Eibarrek, korner batean. Escalantek ondo eman zion buruz baloiari, indartsu. Berriz ere nahi zuen lekuan zeukan emaitza Eibarrek, baina Reala gutxirekin gertu izan zen bigarrena sartzeko. Velak izan zuen aukera 30. minutuan, baina asmatu ez, eta berdinketarekin joan ziren aldageletara bi taldeak. Polita zihoan partida, politagoa kanpokoentzat, bere jokoarekin nagusitzen ari zirelako etxekoen ezintasunaren kaltetan. Ohituta ez dagoen egoera bat ari zen pairatzen Reala.

Epailea, jokoaren borrero

Bigarren zatia ere polita izateko bidean zen, baina nolakoa izan zitekeen ikusteko tartea ere ez zuen eman epaileak. Lehen minutuan, zelai erdian egindako falta batean, Lejeuneri bigarren txartel horia atera zion, ukondoa astindu zuela leporatuz Eibarreko atzelariari. Okertu egin zen, baina ez zuen okerrarazi eibartarren asmoa. Antzera jarraitu zuten, eta saiatu zen Reala bere zelaian edukitzen. Hala ere, etxekoek aukera garbia izan zuten Oiartzabalen bidez, baina Yoeli eman zion baloia 55. minutuan.

Handik hiru minutura, Juanmi kaleratu zuen epaileak, bigarren txartel horia aterata. Golean atera zion lehendabizikoa, azpiko elastikoan idatzia zeukana erakusteagatik —hil berri den Pablo Raez herrikidea omendu zuen—, eta bigarrena Pedro Leon heldu eta lurrera botatzeagatik ikusi zuen. Handik bederatzi minutura sartu zuen bigarren gola Realak, penaltiz, Velaren bidez. Zalantzazkoa izan zen epailearen erabakia, eta orduan bota zuen kalera Mendilibar —ezer ez ziola esan azaldu zuen prentsaurrekoan entrenatzaileak—. Hortik aurrera, Eibar ezinean aritu zen, baina Realak ez zuen itxi partida, ezta aukerak sortu ere horretarako. Justizia Pedro Leonek jarri zuen azken jokaldian, Rulliren laguntzarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna