Baskonia 86 Olympiakos 54

Bere pozoia emanez irabazi dio

Defentsa ikusgarri bati esker Baskoniak kaskarrekoa eman dio Olympiakosi, eta 32 puntuz irabazi dio. Voigtmann izan da partidako onena, hemeretzi punturekin
Vincent Poirier saskiratze bat egiten, atzo, Olympiakosen aurkako partidan.
Vincent Poirier saskiratze bat egiten, atzo, Olympiakosen aurkako partidan. JUANAN RUIZ / ARGAKZI PRESS

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko urtarrilak 13
Baskonia. Granger (5), Timna, Beaubois (13), Poirier (13), Jones —hasierako bostekoa— Vildoza (6), Voigtmann (19), Janning (8), Diop (6), Xengelia (9) eta Garino (7) .

Olympiakos. Spanulis (6), Mantzaris (6), Printezis (13), Papanikolau (5), Milutinov (6) —hasierako bostekoa— Mclean (5), Papapetru (3), Strelnieks (1), Roberts (2), Bogris (), Wiltjer, Thompson (5).

Markagailua 16-21; 36-30—atsedenaldian—-72-44 eta 86.54. Epaileak. Lamonica, Latisevs eta Nedovic. Bestelakoak. 10.722 ikusle Fernando Buesa Arena pabiloian.

Mamu beltza zotorren, Euroligako talderik onena defentsan—atzo arte batez beste 73 puntu sartu zizkioten—. Baina atzo mamua izan zena, eta defentsan ikusgarri aritu zena Buesa Arenan, Baskonia izan zen. Pedro Martinezen taldeak 86-54 irabazi zion Olympiakosi. Greziako taldeak aurkariei eman ohi dien pozoia jaso zuen—bigarren laurdenean bederatzi puntu baino ez zituen sartu, hirugarrenean hamalau eta laugarrenean hamar—eta aitzakiarik gabe galdu zuen. Bigarren eta hirugarren laurden gogoangarriak egin zituen Baskoniak, bai erasoan, baina batez ere defentsan. Baloi bakoitza gogotik zaindu zuen defentsan, eta erasoan lan eskerga egin zuen Olympiakosen armiarma sarea gainditzeko. Voigtmann izan zen neurketako onena hemeretzi punturekin, baina jokalari guztiak nabarmendu ziren.Orain Baskoniak garaipen bakarrera du zortzigarren postua. Festa izan zen Buesa Arenan.

Bigarren laurdena izan zen partidako mugarria, lehen laurdena Olympiakosek aurretik amaitu baitzuen: 16-21. Baina horretan ere Baskoniak erakutsi zuen lan egin behar duenean, inork baino gehiago egiten duela, eta joko ikusgarria alde batera uzten jakiten duela. Hala, partidan oso sartuta egon zen. Lamonica epailearen erabaki batzuek, gainera, ez zioten mesederik egin, zalantzazko hainbat falta adierazi baitzizkion Baskoniari lehen laurden horretan. Horrek bai zaleak, baita jokalariak ere sutu zituen

Hala, bigarren laurden hasiera orekatu baten ostean, Baskonia partida desorekatzen hasi zen. Gakoa uztaipean egon zen. Izan ere, 6,25eko arrastotik asmatzen ez zuela ikusita, barrutik zuloak topatzen saiatu ziren arabarrak. Poirier, Xengelia eta Voigtmann bikain aritu ziren, bai erasoan puntuak sartuz, zein defentsan errebotea oso ondo zainduz—Baskoniak 43 jaso zituen partida osoan, eta Olympiakosek 28—.

Haatik, bisitariak huts egiten hasi ziren erasoan. Printezis eta Spanulis bilatzen saiatu ziren, baina haiek ez zuten asmatu, eta talde osoari are txikiago egin zitzaion saskia hortik aurrera. Garinok lehen hirukoa sartu zuen Pedro Martinezen taldearentzat, eta bigarren laurden hori amaitzeko hiru minutu falta zirenean, estreinakoz aurretik jarri zen Baskonia: 32-30. Argentinarrarentzat pizgarri izan zen hiruko hori, eta azken hiru minutu ikusgarri jokatu zituen Baskoniak, haren eskutik. Laurden horretan bederatzi puntu baino ez zituen sartu Olympiakosek, eta horren isla izan zen atsedenaldian markagailuan zegoen emaitza:36-30. Laurden ikusgarria egin zuten arabarrek.

Festa nagusi

Atsedenaldia eta gero joko molde berdinarekin atera zen Pedro Martinezen taldea, eta errenta handitzen joan zen etengabe, modu ikusgarrian, gainera, Greziako taldeari inork gutxik espero ez zuen kaskarrekoa emanez. Hor hautsi zuen neurketa.Izan ere, defentsako intentsitatea ez zuen jaitsi Baskoniak, eta hirukoak sartzen hasi ziren: sei sartu zituen partida osoan.

Azken laurdenean festa izan zen nagusi. 37 puntukoa ere izan zen errenta laurden horretan: 86-49. Minutu gutxi jokatu ohi duten jokalariek jokatzeko aukera izan zuten. Diopi ere minutu batzuk eman zizkion, Martinezek. Bai zaleak, baita jokalariak ere ederki gozatu ziren, azkenaldiko garaipenik ikusgarriena eskuratu baitzuen Baskoniak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna