Aingeru Garai. Eskiatzailea

«Munduko Txapelketan egon nahi dut 2020an»

Bidea urratzen ari da goi mailako eskian. Espainiako selekzioko kidea da, eta Juniorren Munduko Txapelketa jokatu du hilaren amaieran. Hamabost onenen artean egon nahi du.
ESPAINIAKO ESKI FEDERAZIOA

Unai Ugartemendia -

2018ko urtarrilak 16
Zaila izaten da Aingeru Garai galdakoztarra etxean harrapatzea. Zailagoa da non egongo den jakitea. Halakoa da eskiatzaile profesional baten bizitza. Gurasoek piztu zioten elurretarako harra, eta, geroztik, denbora gehiago igaro du elur gainean lehorrean baino. Denboraldiaren erdian dago. Urte honetarako erronka handiak ditu, eta gogotsu dabil. Jauzi handia egiteko moduan ikusten du bere burua, baina oinak lurrean ditu oraindik. Gabonetan etxean egun batzuk igaro baditu ere, berriro lehian buru-belarri murgilduta dabil, elurretan. Hego Korean lehiatzen aritu da egunotan, Fur East Cup lehiaketan. 13.a izan da super erraldoian.

Dagoeneko ezaguna zara eskiaren munduan ibiltzen direnen artean, baina nor da Aingeru Garai?

19 urteko galdakoztar mutil jator bat [barreak], munduan zehar bidaiatzen duena eta elurrak uzten dionean bere kirol maitea egiteko gai dena.

Ez da ohikoena bizkaitar bat goi mailan eskiatzen aurkitzea.

Gurasoek oso txikitatik eskiatzen zuten, eta urtebete egin baino lehen elurretara eraman ninduten. Hortik aurrera ia-ia asteburu guztietan joaten ginen. Lehiaketetan hasi eta gero, goi mailako errendimendu zentroan sartu nintzen, eta mailak igoz joan naiz Espainiako talde nagusira iritsi arte.

Bizkaitar bat ez, bi zaudete Espainiako selekzioan, Juan del Campo mungiarra ere hor baitago. Nolako harremana duzue?

Aurtengoa nire bigarren urtea da Juanen taldean, eta oso gustura ari naiz harekin lan egiten. Nire anaia eta bera lagunak ziren txikitatik, eta, taldean sartu eta gero, nirekin ere harreman estua du. Ni baino zaharragoa denez eta eskarmentu handiagoa duenez, asko laguntzen dit.

Etxean, zu al zara goi mailara iritsi den eskiatzaile bakarra?

Gurasoentzat, eskiatzea afizio bat zen. Anaia ni baino lau urte zaharragoa da, eta lehiatzen aritu zen 15 urtera arte, istripu larri bat izan zuen arte.

Nor izan zen zure lehen entrenatzailea?

Txikitan, Jorge Gari izan zen nire lehenengo entrenatzailea, 5 urtetik 7 urtera arte.

Nolakoa izan zen hasiera eskiaren munduan?

Oso ondo moldatu izan naiz eskiatzen hasi nintzen egunetik, betidanik asko gustatu izan zaidalako abiaduraren sentsazioa eta txikitatik erraztasun handia izan dudalako.

Gazte mailako kategorietan zein titulu irabazi dituzu?

Kimuen aurreko mailan ibili nintzenean, lasterketa asko irabazi nituen. Gero, kimuetan ere, Espainiako Txapelketa eta Kataluniakoa irabazi nituen. Bi sariak lasterketa bakarrean jokatu ziren. Haurren mailatik aurrera ere modalitate guztietako Espainiako eta Kataluniako txapeldun izan nintzen nire adinean.

Betidanik pentsatu izan duzu hain gazte izanda noizbait Munduko Kopan lehiatzea lortuko zenuela?

Pentsatu baino gehiago, niretzat amets bat zen. Telebistan ikusten nituen, eta haiek egindakoa egitea nuen helburu. Orain, Europako Kopak, juniorren munduko txapelketak, gazteen Olinpiar Jokoak eta lehiaketa gehiago jokatu ondoren, haiengandik hurbil nagoenez, bide onean noala pentsatzen dut.

Denboraldi-aurre bikaina egin omen duzu aurten, inoizko onena. Non ibili zarete?

Lehenik, ekainean Frantziako Alpeetan hasi ginen, oinarrizko eskia egiten. Ondoren, ohi bezala, Saas Fee-en, Suitzan, aritu ginen ia uda guztian. Ondoren, irailean, Ushuaiara joan ginen, Argentinara. Han, hilabete bat pasatu genuen, gero neguan aurkituko genituen baldintzak topatzeko, denboraldia hasterako.

Nolako egunak izan ziren Ushuaiakoak?

Oso onak. Entrenamendu zoragarriak egiteko aukera izan nuen han, eta asko hobeto nuen. Oso baldintza onak izan genituen entrenamendu onak egiteko. Balorazio oso positiboa egin nuen. Ni oso ume nintzela egon nintzen Argentinan, baina gurasoekin. Orain, berriz, taldeko beste kideekin izan naiz, eta esperientzia oso ezberdina izan da.

Zein da orain arteko denboraldiaren balantzea?

Egia esan, oso balantze positiboa daramat. Urtarrilean gaude, eta FIS puntuak jaistea lortu dut emaitza on batzuekin [zenbat eta puntu gutxiago, orduan eta postu hobea rankingean]. Horrekin, Munduko Txapelketako sailkapenean hobeto kokatzea lortu dut. Junior mailan lehenengo hogeita hamarretan kokatu naiz teknikako modalitateetan, eta podium batzuk lortu ditut maila handiko lasterketetan. Esan dezaket nahiko pozik nagoela egiten ari naizen denboraldiarekin.

Frantziarren ondoan ibiltzea izango al da aurtengo helburuetako bat?

Nire entrenatzaileak eta federazioko jendea pozik daude. Haien arabera, nahiko parekatuta gaude beste herrialdeetako gure adineko kirolariekin. Beti daude izar handi batzuk gugandik urrun daudenak, baina italiarrekin, frantziarrekin eta alemaniarrekin oso parekatuta gaude.

Aurten asko landu duzu teknika.

Bai, udan gehien lantzen duguna hori da, teknika. Oso garrantzitsua da. Hobetzen edo okerrak kentzen saiatzen gara, lasterketetan azkarrago joateko.

Zein diziplinatan moldatzen zara ondoena?

Diziplina teknikoetan moldatzen naiz ondoena. Gustukoena erraldoia dut, baina eslaloma ere ikaragarri gustatzen zait.

Munduko Kopan probaren batean aritzeko aukerarik ikusten al duzu?

Aurten oso zaila ikusten dut. Taldeko gazteena naiz, eta hainbat lehiaketatan parte hartu behar dut puntuazioa jaisteko eta rankingean postuak irabazteko.

Aurten zein dira zure helburu nagusiak?

Lehena FIS puntuak jaisten jarraitzea da. Bestalde, urtarrilaren amaieran junior mailako munduko txapelketa jokatuko da Italian, eta nire asmoa zera da, han ahalik eta posturik onena lortzea. Lehen hamarren edo hamabosten artean sailkatzea zoragarria izango litzateke.

Nolakoa da zure egun arrunt bat?

Oso goiz jaikitzen naiz. Ondoren, aktibazio txiki bat egiten dut, eta gosaltzera joaten naiz. Egunaren arabera eta modalitatearen arabera, egun horretako pistetako motxila prestatzen dut. Gero, eskiak izaten ditugun gelara joaten naiz, eta nire eskiak prestatzen dituenarekin hitz egiten dut. Eskiak hartu, eta furgonetan kargatzen ditut. Estaziora heldu ondoren, dena janzten dut, eta beroketa egiten dut. Gero, egingo dugun jaitsiera ikusten eta aztertzen dut. Denboraldiko momentuaren arabera, bost eta zortzi jaitsiera artean egiten ditugu.

Hotelera bueltan goazen bitartean, arropa aldatuz joaten gara, eta jan egiten dugu. Bi ordu dauzkagu atseden hartzeko, entrenamendu fisikoaren aurretik. Entrenatzaileak erabakitzen du nolako entrenamendu egingo dugun. Amaituta, dutxatu eta ia-ia afaltzeko ordua da. Nire entrenatzaileak italiarrak dira, eta ordutegi berezia daukate. Luzaketa saioa egiten dugu, eta ohera joaten naiz. Horrelakoa izaten da eguneroko martxa denboraldian.

Zenbat egun pasatzen dituzu urtean etxetik kanpo?

Zaila da kontua eramatea. Ez dakit iaz, esaterako, zenbat egun pasatu nituen etxetik kanpo, baina esango nuke 250 egunetik gora izango zirela, erraz.

Nolakoa izaten da eski denboraldi bat?

Lehiaketen denboraldia azarotik apirilera artekoa izaten da. Bi hilabete atseden hartzeko aprobetxatu ondoren, denboraldi-aurrea izaten dugu, ekainetik urrira.

Nola ikusten duzu profesionala izatea?

Nahiko ondo. Gaur egun, esan dezaket ia profesionala naizela, nahiz eta Munduko Txapelketan ez lehiatu. Nire hurrengo helburua da hemendik bi urtera Munduko Txapelketan jokatzea. Orduan 21 urte izango ditut, eta rankingean munduko lehen ehunen artean sartzea izango da helburu nagusia.

Nola daramatzazu ikasketak?

Batxilergoa bukatu nuen 17 urterekin, eta bi urte daramatzat goi mailako gradu bat ikasten. Hala ere, Espainiako selekzioan sartu nintzenetik oso denbora gutxi izaten ari naiz ikasteko. Maldan gora jarri zait dena denbora gutxian.

Oraindik oso gaztea zara, baina Olinpiar Jokoren batera joatearekin amesten duzu?

Nire ametsa ez da Olinpiar Jokoetara joatea soilik: nire ametsa zerbait handia lortzea da. Aurten oso-oso zaila daukat, hilabete baino gutxiago falta delako eta, gainera, bi eskiatzailerentzako lekua besterik ez dagoelako. Baina lanean jarraituko dut, hautatzaileen pentsamendua aldatzeko eta hurrengoetan nire izena kontuan izan dezaten.

Azken bi urteetan entrenatzaile berria izan duzu selekzioan, Corrado Momo italiarra. Gustura al zaude harekin?

Bai, oso gustura nago harekin lan egiten.

Nolakoa da Momo? Zer eskatzen dizu?

Oso jatorra da, eta konfiantza handia du nire ezaugarrietan. Oso zorrotza da, eta helburu eta erronka oso zailak eskatzen dizkit; exijentzia handia jarri dit.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria