ATHLETIC 1 VALENTZIA 1

Bigarren zatia da bidea

Athleticek aurreko partidetan baino joko biziagoa eta erasokorragoa egin du, bigarren zatiko 45 minutuetan. Zaleek animoekin agurtu dute talde zuri-gorria
De Marcos eta Raul Garcia, eskuin hegalekoak sartutako berdinketako gola ospatzen.
De Marcos eta Raul Garcia, eskuin hegalekoak sartutako berdinketako gola ospatzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko martxoak 1
Golak. 0-1: Kondogbiak(23. min). 1-1: De Marcosek (49. min). Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Athleticeko Cordobari; eta Valentziako Zazari eta Murillo. Bestelakoak. 34.382 ikusle San Mamesen. Minutu batek isilunea egin dute Enrique Casto Quini-ren heriotzagatik.

Igandean ez bezala, Athleticek ez zuen atzo garaipena lortu San Mamesen. 1-1 egin zuen Valentziaren aurka. Zaleek, ordea, txaloekin agurtu zuten Zigandaren taldea, eta ez txistuekin orduan bezala. Entrenatzailea joateko eskatzen zuten oihuak ere ez ziren entzun. Emaitzatik harago, zaleek argi utzi zieten jokalariei beste behin zein izan behar duen bidea: presioa, bizitasuna eta ahalegina. Bigarren zatian hiru ezaugarri horiek erakutsi zituen talde zuri-gorriak, eta hala lortu zuen partida berdintzea. Kondogbiak aurreratu zuen Valentzia lehen zatian, eta De Marcosek egin zuen banakoa bigarrena hasi eta berehala.

Azkenaldian San Mamesen jokatutako partidarik onena egin zuen Athleticek atzokoan, batez ere bigarren zatian. Aldagelara 0-1 joan ostean, amorratuta zelairatu ziren Zigandarenak. Gutxienez bihotza jarri nahi zuten emaitza iraultzeko. Zer gutxiago. Hala, atera eta berehala korner bat izan zuten alde. Ikuskizun eta zertxobait hotz zeuden zaleak piztu egin ziren. Are gehiago De Marcosek banakoa egin zuenean, 49. minutuan. Beñatek falta bat atera zuen, eta aldaratzea De Marcosi iritsi zitzaion. Bitan pentsatu gabe, eta ezkerrarekin atera jaurti zuen eskuin hegalekoak. Ez zuen ondo jo, baina baloiak botea egin zuen, eta sareetara joan zen.

Hurrengo minutuetan Athletic nagusi izan zen, eta izan zuen aukerarik garaipena lortzeko. Garbienak bi izan ziren, ia erreskadan sortutakoak, gainera: 68. eta 69. minutuetan. Aurrena, Aduriz biziago ibili zen area barruan, eta aurrea hartu zien Valentziako atzelariei. Jaurti egin zuen, baina baloiak sarean jo zuen kanpoaldetik. Ondoren, Williamsek eta De Marcosek jokaldi ona egin zuten, haatik, Raul Garciaren errematea gora joan zen gutxigatik. Valentziak apenas sortu zuen arriskua bigarren zatian, Viettok eta Zazak egindako jaurtiketa bakan batzuetan izan ezik.

Galtzeko arriskua izan arren, zuri-gorriak azken jokaldiraino saiatu ziren garaipena lortzen, Williamesen abiadura eta Adurizen eta Raul Garciaren oportunismoa baliatuz. Ez zen posible izan, baina partida aurkariaren arean amaitu zuen Athleticek, korner batekin.

Hasiera kaskarra

Hala, jokalariak zaleekin adiskidetu ziren. Nahiz eta lehen zatia ikusita, zaila zirudien. Izan ere, trabatua, erritmo gabea eta eten askokoa izan zen. Lehen minutuetan San Josek izan zuen abagune onena, Valentziako atzelariek lo hartu zutela baliatu zuen baloia eskuratzeko, baina puntarekin egindako errematea kornerrera bidali zuen Netok. Athletic nagusitzen ari zenean, ordea, bisitariak aurrea hartu zuten. Aurkariek gutxi behar dute Zigandaren taldeari gola egiteko, eta atzo beste behin ikusi zen. Atzean egiten dituzten akatsak ederki ordaintzen dituzte. Oraingoan, Beñat eta San Jose nahastu egin ziren baloiarekin area ertzean, 23. minutuan. Kondogbiak lapurtu egin zien, eta Ferran Torresi utzi zion. Hark erdiratu egingo zuela zirudien. Baina Athleticeko jokalari gehienak area barruan sartuta zeudela baliatuz, Kondogbiari itzuli zion. Inor ez zen hura ixtera atera, eta ederki baliatu zuen, jaurtiketa zehatz eta gogor batekin lehen gola sartzeko.

Beste behin maldan gora zuen partida Zigandaren taldeak. Baina hori aldatzeko parada izan zuen, 36. minutuan. Susaetak baloi bat jaso zuen sakonean, eta Murillok ukitu txiki bat eman zion puntarekin. Epaileak ez zuen bitan pentsatu, eta penaltia adierazi zuen. Adurizek jaurti zuen. Ez zuen gaiziki egin, baina Netok asmatu egin zion.

Aho zapore txar horrekin jan zuten zaleek atsedenaldian ogitartekoa. Zorionez, beste aldarte batekin joan ahal izan ziren ohera, atzoko partida denboraldi amaiera on baterako mugarria izan daitekeela pentsatuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna