Levante 2-1 Eibar

Urik ez basamortuan

Eibar ez gora eta ez behera geratzeko arriskuan da, Levanteren zelaian galdu eta gero. Berdintzea lortu eta hurrengo jokaldian oparitu dio garaipena aurkariari

Arbilla eta Morales Levantekoa, baloiaren bila atzoko partidako jokaldi batean, Ciutat de Valencia estadioan. KAI FÖRSTERLING / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Rogerrek (25. min). 1-1: Charlesek (63. min). 2-1: Boatengek (64. min). Epailea. Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Levanteko Cabaco, Roger, Lerma eta Lukici; eta Eibarreko Dani Garcia, Charles eta Arbillari. Bestelakoak. 16.028 ikusle Valentzia Hiria estadioan.

Partida txiki samarra egiten duen ia gehienetan, galtzaile izaten da Eibar, eta atzo horixe gertatu zitzaion. Levantek menderatu egin zuen erasoan eraginkorra izan zelako. Aldiz, armaginek baloia eduki arren, ez zioten etekinik atera, eta gabezia horri beste bat ere gehitu zion, larria gainera: sekulako oparia egin zion Levanteri bigarren golean. Atzo galduta, Europarako ametsa amets bihurtuko da oraingoz Eibarrentzat, eta berpiztu ezean, luze egingo zaizkio azken bederatzi partidak.

Ondo ekin zion partidari Eibarrek, jokoa eta aurkaria mendean izan zituelako aurreneko hamar minutuetan, batez ere. Levanteren zelaian ari ziren hogeita bat jokalari, eta eroso egoten da horrela Jose Luis Mendilibarren taldea. Beste kontu bat izan zen nagusitasun horri atera ez zion etekina. Aukera gutxitxo sortu baitzituen aurkaria bere zelaian itxita edukitzea lortu arren. Bigarren minutuan, Kikek gora jaurti zuen; bederatzigarrenean, Jordanek kanpora bota zuen baloia, kontraeraso batean, eta Kikek berak ez zuen asmatu hogeigarren minutuan, geldikako jokaldi batean bigarren baloia astindu zuenean.

Handik minutu batera azaldu zen Levante Dmitrovicen arean, eta arrisku handiz azaldu ere. Zelaia aldapa gora ikusten zuenez, baliabide bakarra kontraeraso azkarra zuen etxeko taldeak, baloia azkar jaurtiz aurrealdera. Ramisek galdutako baloiarekin horixe egin zuten Levantekoek, eta eskuin hegaletik jasotako baloia Pazzini aurrelariari eman zion Ramis berak, beste huts larri batean, baina Serbiako atezainak urruntze miragarria egin zuen.

Goleko jokaldia ia berdina izan zen, eta 25. minutuan gertatu zen. Moralesi baloia sakon bota zioten zelai erditik, eta erdiraketa gol bihurtzeko abilezia izan zuen Rogerrek, gorputza airean jarriz eta oinarekin baloia joz. Levanteri beste estrategia bat erabiltzeko aukera eman zion aldeko golak, eta lerroak atzeratu zituen, asko gainera. Eibarrek aukera bakarra sortu zuen lehen zatia amaitu artean, baina Jordanen jaurtiketa ondo estali zuen Oier atezainak.

Jokaldi batean, galbidea

Bizi hasi zuten bigarren zatia bi taldeek, eta Kikek buruz gertu izan zuen berdinketa; baita etxekoen bigarrena Pazzinik ere. 57. minutuan, Jordanek langara bota zuen baloia. Charles zelairatu zuen Mendilibarrek hurrengo minutuan, Inuirekin batera, eta bi aurrelariz zela, berdinketa egin zuen Eibarrek, korner batean, Charles beraren bidez, 63. minutuan.

Ezer ere ez zion iraun, baina, pozak, hurrengo minutuan, baloi luze batean, Arbillak buruz gaizki eman ziolako bere aterantz. Boatengek ez zuen barkatu. Eibarrek izan zuen berdinketa Leonen oinetan, area barruko faltan, bukaeran, baina hesia jo zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.