Maialen Oiartzabal. Eskiatzailea

«Saiatuz gero, ez du axola elurra non duzun»

Senior mailako Espainiako Eski Akrobatikoko Txapelketa irabazi du, Sierra Nevadan, oraindik juniorra bada ere. Europako lehiaketetan ere aritu da, eta postu bikainak lortu ditu.
BERRIA

Unai Ugartemendia -

2018ko apirilak 10
Eski akrobatikoa ez da oso kirol arrunta Euskal Herrian. Irudimena eta ausardia behar dira eskiekin jauziak eta trikimailuak egiteko. Bi euskal herritar izan dira garaile Espainiako Txapelketan: Maialen Oiartzabal emakumeetan (Oiartzun, Gipuzkoa, 1999) eta Eukeni Isasi gizonetan.

Urte batzuk badaramatzazu eskien gainean. Nola hasi zinen?

Gurasoek txikitatik eraman izan naute eskiatzera. Urte batekin oparitu zizkidaten lehen eskiak. Aitak erakutsi zidan eskiatzen.

Eta eski akrobatikoa egitera nork eraman zintuen lehenbizikoz?

Eski akrobatikoa talde bati esker ezagutu nuen. Asteburuetan eskiatzera joaten ginenetan, larunbat eta igande goizetan bi ordu pasatzen nituen Frantziako estazio bateko talde batekin. Igandeetan estazioko parkera joaten ginen, eta hor hasi zen nire afizioa.

Nola aukeratu zenuen diziplina hori?

Nahi gabe aukeratu nuen. Eskiatzera joaten ginenean estazioko parkera joan besterik ez nuen nahi. Parkeko zailtasun bat aukeratu, eta hori lortu arte ez nintzen gelditzen. Lortutakoan beste zerbait aukeratzen nuen.

Zein dira kirol honen zailtasunak?

Uf, zenbait trikimailu ateratzea. Eski akrobatikoan, alde batetik, saltoak daude: zailtasuna saltoaren tamainan eta bertan egiten dituzun akrobazietan dago. Bestetik, moduluak daude, era guztietakoak: kaleko baranden tankerakoak izan daitezke, gainean irrista daitekeen mahai baten itxurakoak... Zailtasuna moduluen eta horien gainean egiten duzunaren araberakoa da.

Freerider asko al dago Euskal Herrian?

Txapelketetan, nik dakidala, ez da jende asko ibiltzen. Anaia eta Eukeni Isasi soilik ezagutzen ditut.

Lesioak omen dira zuen aurkaririk gogorrenak. Askotan lesionatu izan al zara?

Kolpeak kirol honen zati dira, baina erortzen ikasten duzu, eta gorputza ohituz joaten da denborarekin. Hala ere, zenbait lesio izan ditut: saihetsak zartatzea, behatzetan zaintiraturen bat... Lesio gogorrena duela urte eta erdi izan nuen: belaun bateko lotailu baten %80 baino gehiago hautsi nuen.

Nolakoa da zuen diziplina?

Nahiko aniztuna eta arriskutsua. Jauzi eta moduluetan zenbat eta gauza zailagoak egin, orduan eta puntuazio handiagoa lortzen da. Oso maila handia dago. Mutilen txapelketetan, buelta hirukoitzak egiten dituzte jauzietan, eta nesketan, bikoitzak.

Zenbatekoak izaten dira jauziak?

Txapelketa batean, 10 metrotik hasi eta 20-25 metro artekoak izan daitezke, lehiatzen ari zaren mailaren arabera. Europan, bi jauzi mota egiten dituzte, bat 10-12 metro ingurukoa eta bestea 16-18 metro ingurukoa. Mundu mailako txapelketetan, salto txikiak gutxienez 18 metrokoak izaten dira, eta handiak, 22 metrokoak. Zailtasun horrek guztiak kirol hau zirraragarria eta ikusgarria bihurtzen du.

Emaitza handiak lortu dituzu. Noiz konturatu zinen honetarako balio zenuela?

Ez dakit balio dudan. Nire onena ematen saiatzen naiz parkean nagoenean, eta buruan ditudan trikimailuak ateratzen saiatzen naiz. Lehen, denbora-pasa gisa hartzen nuen eski akrobatikoa, eskiatzera joaten nintzenetan parkean egotea gustatzen zitzaidan; baina, belauneko lotailua hautsi nuenean, diziplina honekin jarraitu nahi nuen edo ez erabaki behar izan nuen. Jarraituz gero, gogor entrenatu behar nuen, eta hanka lehenbailehen osatu. Orduan konturatu nintzen benetan jarraitu nahi nuela. Lesioaren ondoren, hurrengo denboraldirako prestatu nintzen, eta orduan hasi nintzen txapelketa garrantzitsuetara joaten.

Iaz Espainiako Txapelketara probatzeko aurkeztu zinen, baina irabazi egin zenuen.

Bai, probatzea erabaki genuen, gauza handirik espero gabe. Sierra Nevadara [Andaluzia, Espainia] iritsi ginenean eta txapelketako zirkuitua ikusi nuenean, beldurtu egin nintzen: hilabete lehenago jokatu zen munduko txapelketako jauziak zeuden jarrita; erraldoiak ziren. Gure txapelketarako pixka bat moztu eta egokitu zituzten. Jauzi txikiagoetan ibiltzen hasi nintzen hasieran, eta neure burua ongi ikusi nuenean pasatu nintzen handietara. Horrela izan zen nire lehen Espainiako Txapelketa.

Zer behar da eski akrobatikoan goi mailan ibiltzeko?

Gogoa. Kirol guztiek behar dute ardura handi bat, baita eski akrobatikoak ere. Askotan ez da erraza izaten buruan ditugun trikimailuak egitea, eta denbora asko eskaini behar zaie; ahaleginen artean kolpeak hartzen dira, eta askotan borondate eta gogo handia behar dira aurrera jarraitzeko eta ez nazkatzeko edo atsekabetzeko.

Zenbat entrenamendu egiten dituzu astean?

Oiartzunen nagoenean, kiroldegira joaten naiz, eta astean 5-6 aldiz entrenatzen naiz. Entrenamendu batzuk indarra lortzeko dira, eta beste batzuk, oreka eta erresistentzia lortzeko. Horretarako, gimnasiora joaten naiz, eta han makinak erabiltzen ditut; bizikleta ere erabiltzen dut entrenatzeko, bai estatikoa eta bai mendikoa, azken hori orekarentzat oso ongi datorkit eta. Zirkuituak ere erabiltzen ditut, psikomotrizitatea eta oreka lantzeko.

Nola entrenatzen zara?

Eskiatzera joaten naizenean, ezberdin antolatzen naiz. Goizetan eskiatu egiten dut, 3-4 ordu pasatzen ditut parkean. Gero, Andorran banago, bertako entrenamendu zentro batera joaten naiz normalean. Elurretan egin nahi ditudan akrobaziak lantzen ditut bertako ohe elastikoetan eta jauzi egiteko gailuetan.

Bi euskaldun izan zarete aurten txapeldunak, Eukeni Isasi nafarra eta zu. Nola da posible elurra hain urruti izanda?

Galdera ona [barreak]. Ez dakit, nik uste dut dena bakoitzaren gogoen araberakoa dela; saiatuz gero ez du axola elurra non duzun.

Paul anaia ere maila gorenean ibiltzen da, oraindik oso gaztea bada ere (12 urte ditu). Zer-nolako etorkizuna ikusten diozu?

Etorkizun polita ikusten diot. Oso maila ona du, eta gogoarekin edozer lor dezake. Gorputza oso ongi kontrolatzen du, eta, horri esker, oso erraz moldatzen da saltoetan. Espainiako Txapelketan hirugarren postua lortu du haur mailan, kimua izanik. Aurkari guztiak taldeekin eta entrenatzaileekin entrenatzen dira. Bere mailan lehenengo geratu dena Europa mailan lehiatzen ari da. Beraz, entrenatzen jarraitzen badu, maila oso ona izan dezake.

Helburuak bete al dituzu?

Bai. Hasteko, niretzat garrantzitsuena: gozatu egin dut, eta ongi pasatu dut. Ez lesionatzea ere bazen nire helburuetako bat, bestela ezingo bainituzke nire helburuak bete. Denboraldi honetako nire helburu nagusia Europako txapelketaren batean parte hartzea zen. Frantzian puntuak lortu eta Eslovenian jokatu zen Europa mailako txapelketa batean aurkezteko aukera izan nuen. Azkenik, Espainiako Txapelketan parte hartzea eta emaitza polit bat lortzea zen nire helburua: alde batetik, ikasketetarako onurak ekartzen dizkidalako, eta, bestetik, aurreko urtean eman nuen maila baino handiagoa eman nahi nuelako.

Europan zer-nolako maila dago orokorrean eski akrobatikoan?

Oso maila handia dago, bai nesketan, bai mutiletan. Jendea oso prestatuta joaten da txapelketetara; taldeetan joaten dira denak, beraien entrenatzaileekin. Aurten parte hartu dudan txapelketetan, ni izan naiz nesken artean libre joan den bakarra. Mutilen artean ere egoera berdina da.

Zer egin behar da Europan onenen artean amaitzeko?

Asko entrenatu behar da. Azken finean, kirol guztietan bezala, entrenamenduetan oinarritzen dira kirolarien emaitzak.

Eta zuri, zer falta zaizu lehen postuetan ibiltzeko?

Gehiago entrenatzea. Aurten probatzearren aurkeztu naiz Europan, nolako maila zegoen ikusteko eta non nagoen jakiteko. Datorren urtean ere berriro aurkeztuko banaiz, gehiago entrenatu beharko dut, gehienbat elurretan, arlo teknikoa lantzeko eta akrobazia gehiago egin ahal izateko.

Nola uztartzen dituzu ikasketak eta eski akrobatikoa?

Unibertsitateak kirol zerbitzu bat du, eta aukera ematen didate eskolak eta azterketak txapelketekin eta entrenamenduekin uztartzeko. Irakasleek ere asko laguntzen didate. Eskiatzera joaten naizenean, ikasteko tarte bat ateratzen saiatzen naiz, eskola asko galtzen ditut eta.

Babeslerik edo laguntzailerik ba al duzu?

Bai, nire gurasoak [barreak].

Kirol garestia al da?

Guretzat bai, oso urrun geratzen baitzaigu elurra.

Euskal Mendi Federazioaren laguntzarik izaten al duzu, bai materialerako bai bidaietarako?

Ez, ez dut laguntzarik jasotzen.

Urtean zenbat egun igarotzen dituzu etxetik kanpo?

Aurreko denboraldian, 100 egun. Aurten ere hor inguruan ibiliko naiz ziurrenik. Autokarabanan bidaiatzen dugu, beraz, nire bigarren etxea bihurtzen da.

Oraindik oso gaztea zaren arren, zenbat urtetan jarraituko duzu oraindik lehian?

Ez dakit. Argi daukadan gauza bakarra da eskiatzen jarraitu nahi dudala. Kirol honetan adin ezberdineko jende asko dago. Nesketan munduko txapeldun izan denak 15 urte ditu, eta Neguko Olinpiar Jokoak irabazi dituenak, 28.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria