Izar Gorria 81 Baskonia 85

Ofizioa ere loratu da

Baskoniak patxada izan du azken minutuetan, eta garaipen baliotsua lortu du Belgraden. Ioannes Voigtmannek partida handia egin du

Imnaol Magro Eizmendi
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Izar Gorria. Rochestie (4), Feldeine (10), Lazic (2), Lessort (19), Bjelica —hasierako bostekoa— Radicevic, Dobric (17), Apic, Dangubic, Jankovic (8), Davidovac (7) eta Jovanovic (5).

Baskonia. Granger (6), Janning (13), Timma (15), Malmanis (3), Poirier (2) —hasierako boskotea— Huertas (3), Vildoza, Beaubois (10), Gonzalez, Xengelia (16) eta Voigtmann (17).

Markagailua. 17-22, 38-47 (atsedenaldian); 57-64 eta 81-85.

Epaileak. Paterncio, Koromilas eta Silva. Poirier (34. min.) Baskoniakoa kanporatu zuten bakarrik faltengatik.

Bestelakoak. 5.467 ikusle Belgradeko Pionir pabiloian.

Baskoniak hilabete pasatxoko tartean izan duen itxuraldaketa ia sinestezina da. Arlo guztietan: jokoan, jarreran... eta baita gogortasun psikologikoan ere. Sasoi hasieran kirio zopa zen taldea, sendo eta lasaia da orain. Lasaia zentzu onean, partida estu dagoenean ere erabaki zuzenak hartzeko gai delako. Horren eredu izan zen atzoko partida, Izar Gorria hazita eta Pionirreko harmailak sutan egon arren, azken minutuetan etxekoek baino hobeto jokatu zuelako. Ofizioa deitzen zaio horri, eta Pedro Martinezen eskutik hori ere loratu da Gasteizen.

Garaipen oso garrantzitsua da Belgraden lorturikoa. Euroligan denak dira garrantzitsuak, ados, baina batzuek balio erantsia dute. Atzo galdu izanak bolada ona etetea ekarriko zukeen, eta, okerrago litzatekena, kanporaketa postuetatik bi garaipenera urruntzea. Izan ere, Zalgirisek eta Bambergek irabazi egin zuten, eta Baskoniak gauza bera egin beharra zeukan haien arrastoan jarraitzeko.

Partidaren amaiera estua izan zen, atsedenaldian edota hirugarren laurdenaren amaieran espero zitekeen baino estuagoa. Kontrolpean zuen partida behar baino gehiago gaiztotu zitzaion, Izar Gorriak eragindako baloi galerengatik. Laugarren laurdenaren hasieran zazpi puntugatik irabazten zuen Baskoniak, 57-64, bada bost minutu geroago bigatik galtzen zuen (75-73, 35. min.).

Oreka horrek berean jarraitu zuen, eta partida amaitzeko bi minutu eta erdi falta zirenean berdinketa ageri zen markagailuan (78-78). Baskoniak, baina, ez zirudien urduri, dena kontrolpean balu bezala jokatu zuen. Agian hala zelako. Jayson Grangerrek eta Ioannes Voigtmannek partida handia egin zuten, eta Gasteizko taldeak euren arteko blokeo eta jarraipenetan oinarritu zuen bere jokoa. Pibot alemaniarraren zenbakiak ikusgarriak dira: hamazazpi puntu, zortzi errebote eta bost asistentzia. Hala ere, partida itxi zuen jaurtiketa Tornike Xengeliak sortu zuen, sei metrotik eta hamazazpi segundo falta zirenean. Hark, ia oharkabean pasata, hamasei puntu sartu zituen.

Uste baino estuago

Partida amaiera arraroa izan zen halere, Baskonia ondo kudeatzen ari zelako bigarren laurdenean lorturiko errenta (38-47). Poirierrek arazoak izan zituen faltekin, eta Diop gabe, min hartuta, Voigtmannek mintu asko jokatu behar izan zituen. Horrek zirudien Pedro Martinezen arazo bakarra. Baina Izar Gorriak ekinaren bidetik sartu zen partidan. Pase lerroak estutu, eta kurai saskiratzeak lortu zituen: barnealdiak eta saskipekoak.

Hirugarren laurdenean sei baloi galdu zituen Baskoniak, eta laugarrenean hiru. Izar Gorria hazi egin zen Davidovac, Dobric eta Lessorten eskutik, aurretik jartzeraino. Baina, esan bezala, Baskoniak ondo kudeatu zuen amaiera. Talde honek ondo mugitzen du baloia, erabaki onak hartzen ditu erasoan, eta hori, bertute izugarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.