Olaizola II.a-Imaz 7-22 Ezkurdia-Zabaleta

Eskerrak ez zeuden pozik

Txapelketako partidarik onena jokatuta, binakako finalean sartu dira Ezkurdia eta Zabaleta. Elezkano eta Rezustak aski dute gaur irabaztea finalean izateko

Jose Javier Zabaleta pilotari jotzen, urrutira Ander Imaz duela. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon eskudero
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Pilotakadak.453.

Iraupena. 50 minutu.

Sakez. Olaizola II.ak bat; eta Ezkurdiak bat.

Markagailua. 0-4, 2-4, 2-8, 3-8, 3-11, 4-11, 4-12, 5-12, 5-14- 6-14, 7-15 eta 7-22.

Bestelakoak. 1.800 ikusle inguru bildu ziren Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Pablo Berasaluze aritu zen aholkuak ematen Olaizola II.ari eta Imazi, eta Jokin Etxaniz Ezkurdiari etaZabaletari.

Inor gutxik esperotako gidoia izan zuen binakako txapelketako partidarik erabakigarrienak, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Piloten harira aste barruan makina bat polemika sortu ondoren, pentsatzekoa zen Olaizolaren eta Imazen alde joan zitekeela neurketa, haiei mesede egiten zien materiala izango zutelako saskian. Besteak beste, pilotekin konforme ez, eta hautaketari muzin egiteko zorian izan baitziren Ezkurdia eta Zabaleta. Ordea, usteak erdia ustel. Pilota oso egokiekin, txapelketako partidarik onena jokatu zuten Ezkurdiak eta Zabaletak, eta merezita izango dira apirilaren 8ko finalean, Bilbon. Hasi eta buka, Aspeko bikoteak gain hartu zion Asegarcekoari, eta Olaizolak eta Imazek ez zuten ezertarako aukerarik izan. Horiek hala, Aspek 31 eskutik dauka orain. Elezkano eta Rezusta Altuna III.a eta Martijaren aurka ariko dira gaur, Gasteizen, eta lehenengoek irabaztea aski dute finalean sartzeko. Bigarrenek ez dute inolako aukerarik.

Bi bikoteek kontuak garbi asko zituzten atzo partida hasi aurretik. Ezkurdia eta Zabaleta ezin ziren konformatu irabaztearekin, aurkariak hemeretzi tanto azpitik utzi behar baitzituzten. Olaizolak eta Imazek, berriz, kopuru horretara iritsi behar zuten. Partidak berebiziko garrantzia izanik, tentsioa eramaten jakiteak balio handia izan zezakeela pentsatzekoa zen, eta Olaizolaren esperientzia hartzen zuten aintzat pilotazale gehienek. Dena den, goizuetarra bera izan zen bere mailatik urrutien aritu zena. Finalerdietako beste bi partidetan bezala, Zabaletak gogotik astindu zuen pilota, eta Ezkurdia izan zen koska bat gora egin zuena. Aspaldiko sendotasun handiena erakutsi zuen, eta horri esker jokatu ahal izango du profesionaletako lehen finala.

Neurketak hasierako tantoetatik erakutsi zuen urdinen aldeko bidea. Lehen bi tantoetan ezohiko okerrak egin zituen Olaizolak, erasoan bi pilota garbi galdu baitzituen, eta gerora ez zen zuzendu. Aspekoek alde polita lortu zuten hasieratik:0-4, 3-8 eta 4-12. Tarte horretan oso nagusi izan ziren; Zabaletak une oro erakutsi zion bizkarra Imazi, eta Ezkurdiak defentsan ez ezik, erasoan ere inspirazioa erakutsi zuen. Hortxe egon zen partidako gakoa. Imaz ez zen gaizki aritu, baina pilota frontisean jartzea ez zuen aski izan, Ezkurdiak tantoa bukatzen asmatu baitzuen. Olaizolak, berriz, aukera bakanetan huts egin zuen.

Lehen atsedenaldi luzea iristean, oraindik ere bazen itxaropenik Asegarcekoek lehia berdinduko ote zuten. Izan ere, finalerdietako aurreko bi partidetan bezala, hasieran oker hasten ohituta zeuden Olaizola eta Imaz. Emaitzak ez ezik, hori bai, jokoak ere ez zuen baikortasun mezu handirik zabaltzen. Gerora ere ordura artekoak jarraitu besterik ez zuen izan. Aldeari ongi eutsi zioten Aspekoek, eta hazi egin ziren. Zabaletak errebote inguruan ibili zuen pilota, eta Ezkurdiak luzitzeko aukera izan zuen. Besteak beste, bi tantotan zilipurdika ibili zen zabalean zein atzean, eta gero berak amaitu zituen tantoak. Dena alde zuen egun horietako bat egokitu zitzaion. Oso bikote sendoa osatu zuten sakanarrek, eta, era horretan jokatzen dutela, oso zaila izango da haiei irabaztea.

Ez da ezusterik espero gaur

Besteak beste,gaur ezagutuko dituzte finaleko aurkariak. Elezkano eta Rezusta Altuna III.aren eta Martijaren aurka ariko dira Gasteizen, eta lehenak oso faborito aterako dira. Batetik, txapelketako bikoterik indartsuena osatu dutelako orain arte; eta, bestetik, irabazteak urrezko balioa duelako haientzako. Altuna III.a eta Martijak ez dute inolako aukerarik finalean sartzeko, eta, gainera, amezketarra zalantza izan da azken unera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.