Bakarlanaren mugei iseka

Taldekideek gutxi lagunduta ere, LeBron Jamesek NBAko finalean ipini du Cleveland: goizaldean jokatuko du, Golden Staten aurka. Zortzigarrena du jarraian

Danel Agirre.
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Aspaldi ez dela, LeBron James gorrotatzeko mila modu ezagutzen zituen NBAko zaleak: bere buruari ipinitako The Chosen One ezizena (Aukeratua), bere talentuak Miamira eramango zituela iragartzeko telebistako reality show baldarra, ligako beste jokalari guztiak bere menpeko moduan tratatzea... Zergatien zerrendak amaigabea zirudien. Egun, ordea, James gorrotatzeko mila moduak ahaztu zaizkio NBAko zaleari. Eta, bat-batean, Robin Hood traza ere sumatzen dio hiru bider txapeldun izandakoari, ia laguntzarik gabe eraztuna janzteko egiten ari den ahalegin heroikoagatik.

Bihar goizaldean abiatzera doana zortzigarren finala du Jamesek segidan: Miamirekin lau, eta Clevelandera itzuli zenetik beste horrenbeste. Golden State Warriorsen aurkakorako sailkatzeak baino gehiago, moduak eragin du harridura. Taldekideek apenas sorotsi ahal izan duten James kanporaketetan, eta hegalekoa gizagaindiko erakustaldi bat bestearekin kateatuz joan da, Boston Celticsen aurkako zazpigarren partida erabakigarriko gorenera iritsi arte.

Indiana Pacersen kontrako lehen kanporaketa aitzakiarik gabeko porrot batekin (98-80) etxean zabaldutakoan gertatu zen, ziur aski. Saskibaloi korala jokatzen ahaleginduta inora ez zihoan susmoak hartu zuen James, eta estatubatuarrek hero ball deitzen diotenari ekin zion ordutik, pareko talde osoa inori itxaron gabe menderatzen saiatzeari. Seriea 24 alerekin hasi, eta 46ra egin zuen jauzi bigarrengoan, eta, ordutik, atzerantz begiratu gabe jarraitu. 34 puntu, 9,2 errebote eta 8,8 asistentziako batezbestekoak daramatza kanporaketetan. Are deigarriagoa da jaurtiketetan erregistratutako %54, bikoak eta hirukoak batuta, eta saialdi mordoa oso urrunetik eta lau beso gainean zituela egindakoak izan direla kontuan izanda. Pibot zuhurrenei ere kostatzen zaie halako portzentajera hurbiltzea; ligako izar batentzat, %45 zenbateko bikaintzat hartu ohi da —Michael Jordanek %48 du kanporaketetan bere ibilbidean, eta Kobe Bryantek, %44—. James izaten ari den udaberria honela laburbildu du finalean parean izango duen Stephen Curryk, Golden Stateko jokalariak: «Zale moduan, telebista ipini, eta ezinezkoa zirudien horren lekuko izan gara. Orain arteko haren jarduna harrigarria izaten ari da».

Aldaketa kamutsa

Kyrie Irvingen Bostonera aldatu izanak eragindako asaldura gainditu ezinik, liga erregularra igaro zuen Clevelandek. Jamesek udan bere hitzarmena baliogabetu eta merkatura libre irteteko eskumena duenaz jakitun, talde erdia aldatu zuen otsailean zuzendaritzak, etsi-etsian: Isaiah Thomas —Irvingen ordezkoa—, Derrick Rose, Dwyane Wade, Channing Frye, Iman Shumpert eta Jae Crowder, eta George Hill, Rodney Hood, Jordan Clarkson eta Larry Nance eskuratu zituen ordainetan.

Operazioak ez zuen aurreikusitako efekturik izan, eta Clevelandek liga irabazteko hautagaiez espero izaten den batasunik ez du erdietsi. Indianaren eta Bostonen aurkako kanporaketa agoniakoak Jamesen sorbaldara igota gainditu ahal izan dituzte taldekideek. Menpekotasuna paroxismora iritsi da. 23 zenbakidunak eserita eman duen minutu bakoitzak puntu eta erdiko errenta oparitu die aurkariei. Partzial arriskutsu horiek saihesteko, Celtics aurkako zazpigarrengoan 48 minutu eman zituen kantxan Jamesek, eta Tyronn Lue entrenatzaileak bere izarra ahituta zegoen uneetarako gorde zituen hutsarteak. Saskibaloi modernoan, bitxikeria da jokalari batek partida osoa eseri gabe ematea, baina James bere buruaz baino ez da fio.

Golden Staten erronka Bostonek edo Indianak botatakoak baino nabarmen korapilatsuagoa behar luke. Warriorsekin 4-2 galtze hutsa Clevelandenbalentria litzatekeela iragarri dute analistek. Finala ez ei da izar emankor bakarrarekin irabazi ahal, Jamesek kontrakorik ez badio behintzat.

Durant eta Iguodala

Aspaldi ez dela, Golden Warriors maitatzeko mila modu ezagutzen zituen NBAko zaleak: bosteko gaztea, baloi zirkulazio arina, aparkalekutik sartutako hirukoak. Egun, ordea, hura gorrotatzeko mila modu okurritzen zaizkio NBAko zaleari. Eta, bat-batean, Darth Vader traza ere sumatzen dio azken hiru urteetan bi bider txapeldun izandakoari. Lehendik zuen taldeari Kevin Durant erantsi izana, Draymond Greenen azpikeria nekagarriak eta gero eta banakako jokaldi gehiago gehitu zaizkio. Bigarren urtez jarraian, ikusle neutralaren babesik gabe ekingo dio Golden Statek finalari. Aurkariaren liderraren epopeia zapuztea izango da Steve Kerr entrenatzailearen lehentasuna, iraganean James egoki defendatu duten Durant eta Andre Iguodala gainean ipinita —azkena min hartuta dago—. James lurtar batekin, finala tramite burokratiko bizkor bilakatuko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.