Zama eta babesa, teilatupe berean

Porrot egindako gizon baten ibiliari jarraitu dio Pello Lizarraldek 'Elur bustia' eleberrian. Etxearen bi aldeak azaldu ditu: nola izan litekeen aterpe, baina baita zama ere

Pello Lizarralde, atzo, Donostian, Elur bustia aurkeztu aurretik. Lau urte zeramatzan lanik argitaratu gabe. GORKA RUBIO / ARP.
Ander Perez Argote
Donostia
2016ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Irudi bat izan zen abiapuntua: gizon bat, alderrai, arratsalde bero sargori batean ibilian, itxitako, hustutako industrialde batean barrena. Eta imajinatik, haria: «Irudi bat oinarri nuela eta galderaz kargaturik abiatu nintzen, protagonistarekin batera». Hala, bere pertsonaiari bidean lagunduta osatu du Pello Lizarraldek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1956) Elur bustia eleberria (Erein). Atzo aurkeztu zuten, Donostian, egilearen azken liburutik lau urtera.

Gizon bat eta bidaia bat, beraz. Gizona: Ramiro, krisiak —ekonomikoak bai, baina haragokoak ere bai— jotako pertsona, lanak huts egin diona eta noraezean dabilena. Eroritako gizon bat, finean, porrotaren marratik bestalderako jauziaren mugan. Halakoak, eta azken urteetan akaso gehiago, ez baitira gutxi, tamalez. Eta Lizarraldek badaki hori: «Ni bezalako burges txiki bati batzuetan zaila bazaio ere, jakitun naiz erori diren horiek gure artean daudela. Orain dela ez hainbeste, gu bezalatsu zebiltzan, amildegi ertzetik aparte samar, edo tirriki-tarraka, estu antzean, baina tente». Orain dela ez hainbestera arte. Orain, honezkero, ez.

Bidaia: Ramirok hegoalderantz egingo duena, ordoki, ezponda eta basoetan barrena, nora ezean itxuran, baino helmuga bat buruan: jaioterriko etxea. Eta horrekin batera, Lizarralderen kezka: «Senideen eta jaioterriko adiskideek ematen dizkiguten atsedena eta sostengua ez al dira eragiten diguten zamaren eta pesalunbrearen neurri berekoak?». Edo, bestela esana, ez ote den etxea, kontsolamendu eta aterpe beharko lukeena, kondena edo zama ere. Babesa izan bailiteke, baina baita «infernua» ere. Eta bata eta bestea balantzan neurtzen jarri aurretik, ohartarazpen bat, egilearen ahotik: «Ziur aski, [auzia] ez da sekula ebatzi edo konponduko. Sufri liteke etxean, eta kontsolamendua ere aurki liteke».

Kezka bakarra, biharamuna

Kezka batek zipriztindu du, zeharka, «liburuaren zimurretan», Lizarralderen kontakizuna. Urritasun edo eskasiarekin du lotura. Azaltzeko, adibide zehatzetara jo du Lizarraldek; kalean, sakelako telefonoa eskuan, eskean dabilen eskale horrengana, adibidez. Edo lau kartoi xaflekin egindako txabolan bizi eta teilatuan antena parabolikoa jarri duen horrengana. Kezka du idazleak, halako kasuei buruz entzuten dituenengatik: hori ez dela oso normala, edo ez lukeela hala beharko. «Askotan, oso zorrotzak gara, oso eskisitoak; pobre izateko ere arauak jartzen ditugu».

Liburuetara jo du Lizarraldek, kezka arintze aldera, eta Scarcity izeneko lanean jaso du azalpena. AEBetako ikerlariek, nonbait, arrazoiketa bilatu diote «oinarrizkoak izan gabe» egiten diren gastu «irrazional» horiei. Eskalearen sakelako telefonoari, adibidez. Eta aurkitu dute, antza: «Frogatu dute gure garunak baduela banda bat, eta, banda horretan egoera ekonomiko lasai samarra badugu, kalkuluak egiteko aukera badugula: kontu korronte bat ireki, kalkulu batzuk egin, hemendik hilabete batzuetara hau eta bestea egingo dugu...Baina estu dabiltzanek ez dute horretarako astirik, erreakzio primarioak dituzte, arazoa hurrengo eguna delako». Horietako bat da Ramiro. Eta biharamunarekin kezkatuta bizi da. Hori du obsesio.

Horregatik, bere pertsonaia eskutik hartuta bidea egin ondoren, «erantzunik gabe» iritsi da Lizarralde bukaerara. «Galderaren helburua —dioenez— ez delako zein den gizaki horren arazoaren zergatia aurkitzea». Erraza omen da horren erantzuna. Baina «askoz ere nekezagoa da antzematea zer dabilen jiraka estutasunaren aurrean berehala erantzutera behartua dagoenaren gogoan. Ez dago asmo handietarako eta kalkuluetarako ez astirik ez biderik. Otordu bat, dei bat, billete bat, logela bat... dena salgai. Biharamuna dago, eta kito».

Eta, horregatik, bide batez, autorearen mirespena, halako egoerari aurre egin eta kemenez biharamuna garaitzen dutenen aurrean. «'Hik ere egingo huke' esan izan didate batzuek horretaz jardun dugunean. Ni ez nago hain seguru. Ahulak gara, eta hautsi egiten gara».

Zehaztu gabeko tokietan egin du bidea Ramirok, eta, harekin, Lizarraldek: «Puskekin lurralde sinesgarri bat egin nahiko nuke». Badira errepideak, ibilgailuak, gasolindegiak. Ongi ezagutzen ditu bazterrak autoreak, auto-stopean «milaka» kilometro egindakoa baita. Bidean ezagutu ditu pertsonak, eta entzun eskasiak. «Han entzuten direnek ametsetakoak dirudite». Entzundakoaz gain, ikusi, usaindu, dastatu eta ukitutakoak ere eraman ditu paperera Lizarraldek, zentzumenak narrazio bide bihurtuta. Baina bazter utzi ditu apaindurak eta alferrikako xehetasunak. «Ez dakit ez ote dudan inoiz baino [liburu] soilagoa egin. Beti izan dut kentzeko ohitura, baina, oraingoan, askoz soilago atera zait, eta, alde horretatik, erradikalagoa».

«Erortzen ari den gizon baten ibilbide laburra» da, beraz, Elur bustia. Iragarpena da izenburukoa, elur bustia, ezohiko sasoian. Eta izan liteke iragarpena liburua bera. Edonoiz bota lezake elurra. Edonor eror liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.